
Mondragon Unibertsitateak lehiaketa batean parte hartzeko izen-ematea ireki du. Mondragon Unibertsitatea Industria Sustainable Entrepreneurship Awards izenpean, Goi Eskola Politeknikoak helburu du oinarri teknologikoko negozio ideia berritzaileak eta jasangarriak bilatzea, baita start-up hasiberriak ere.
Negozio ideia edo start-upa martxan duten proiektuei zuzenduta dago lehiaketa, eta saridunek Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza ikasle bat (mekanikakoa, elektronikakoa, informatikakoa…) sartzeko aukera izango dute proiektuan, beka baten bitartez. Beka horiek orotarikoak dira: bulegorako espazioa eman dezakete, prototipoak egiteko gunea, teknologiaren edo ekintzailetzaren arloko laguntza, jabetza industrialari zein intelektualari buruzko aholkularitza…
Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: proiektuak eta start-upak. Aldi berean, proiektuen kategoria hiru sailetan banatzen da: Ideas to commercialisation, epe laburrean merkaturatzeko proiektu onena; Ideas to innovation, edukian sakontzeko premia duen baina epe ertain-luzean merkaturatu daitekeen negozio ideia onena; eta, Ideas to research, oraindik ere ikertzeko beharra duen eta epe luzera merkatura irits daitekeen proiekturik onena. Start-upen kategorian ere bi sari ematen dira, Growing up (hazten) eta Scaling up (eskalatuz) faserako.
Edizio berrian parte hartzeko epea apirilaren 4an amaituko da, eta antolatzaileek jakinarazi dute maiatzaren lehen hamabostaldian jarriko direla harremanetan saridunekin. Ekitaldi nagusia, non irabazle guztiek parte hartuko duten, ekainaren hasieran egingo da. Bertan banatuko dira 25.000 eurotik gorako sariak, eta orotara 110.000 euro baino gehiago emango dira.