
CEIN Nafarroako sozietate publikoak AgroFoodTech azeleragailuaren edizio berria jarriko du martxan. Bertan parte hartzeko izen ematea zabalik da dagoeneko, eta apirilaren 27an itxiko da. Elikadura sektoreko enpresa berritzaileak bultzatzea du helburu egitasmoak, eta laugarren edizioa izango da aurtengoa.
Parte hartu ahal izateko baldintzetako bat da proiektuak oraindik enpresa bilakatu ez izana, eta dagoeneko enpresa badira, sortu berriak izatea. Elikadura kateko lehenengo faseko ekimenak behar dute izan, hala nola, nekazaritza edota elikagaien eta edarien eraldaketa lantzen duten proiektuak.
Azeleragailuaren lehen fasean hogei proiektu hautatuko dira, eta euren negozio eredua eta produktu edo zerbitzua garatzen lagunduko zaie, maiatza eta ekainera bitartean. Ondoren, bigarren fasera hamar proiektu pasako dira, eta horiekin lan egingo da uztaila eta abuztua bitartean.
Parte hartzaileek Nafarroako hainbat eragileren laguntza jasoko dute prozesu guztian zehar, hala nola, CEINen lantalde teknikoarena, eta Intia, Nagrifood klusterra, UCAN kooperatiben taldea edota Sodena sozietate publikoarena, besteak beste.