Nafarroako landa eremuan ekiteko aukera berriak

Tradizioz nekazaritza izan bada ere landa eremuetako jarduera nagusia, bide hori zabaldu nahi dute Jon Dufurrenak eta Urbasako Takatanek

Jon Durrufena Erratzuko artisaua | Argazkia: utzitakoa Jon Durrufena Erratzuko artisaua | Argazkia: utzitakoa

Landa eremuetako biztanleriaren gutxitzea Europa osoko arazo larria da, eta Nafarroa ez da salbuespena. Tokiko negozioen desagerpena, biztanleriaren zahartzea eta lan aukera eskasak dira belaunaldi berriak herrietatik hirietara joatea bultzatu dituzten faktore nagusiak. Egoerari aintzina egiteko, Nafarroako Gobernuak, 2023-2027ko PAC Estrategia Planaren (PEPAC) baitan, laguntza sorta martxan jarri du. Guztira 4,94 milioi euroko inbertsioa du eta landa eremuetan dibertsifikazio ekonomikoa sustatzeko helburua du.

Gobernuak emandako laguntzak ez dira soilik enpresa berriak sortzeko pizgarri gisa eratu; landa-eremuko biztanleria finkatu eta enplegua eta berrikuntza bultzatzea ere dute helburu. Gisa horretan, landa eremuan baina, nekazaritzaz kanpoko sektoreetan aritzeko aukera berriak sustengatuko ditu dirulaguntzak. Horrela, despopulazio arrisku handiena duten eremuak erakargarri bihurtu asmo dute bertakoentzat zein herrrietan sor litezkeen ekintzaile berrientzat. Programak, gainera, lankidetza eta sarelana bultzatuko ditu.

Landa ekintzailetzaren eredua: zurezko artisautza

Sos laguntzak jaso dituzten proiektuen artean adibidez, baztango Jon Dufurrena Iñarrea artisauaren lana dago. Geroz eta industrializatuago dagoen garaian, eta artisautza gibelean geratu den honetan, Dufurrenak kaikuak eta artzain-tresnak ekoizten ditu. Bizimodua irabazteko aukera bat ez ezik, tradizio bat bizirik mantentzeko modua ere bada baztandarrak sortu duen proiektua.

Beraz, enplegua sortzeaz gain, artzain munduarekiko arra piztu du inguruan. Dufurrenak tailerrean egiten ditu bisitak, eta hurbiltzen direnek eskuz egindako tresnen sortze prozesua ezagutzen dute, baita artzaintzaren historia ere. "Gazte askok ez dute objektuen balioa ezagutzen, ezta horiek egiteko behar den esfortzua ere. Nire helburua da ondare kultural hori mantentzea", adierazi du artisauak.

Jon Dufurrenak kaikuak eta artzain-tresnak ekoizten ditu. Bizimodua irabazteko aukera bat ez ezik, tradizio bat bizirik mantentzeko modua ere bada baztandarrak sortu duen proiektua

Gainera, Jonen negozioa, turismo jasangarriaren eredu bihurtu da. Landa eremuek gero eta bisitari gehiago jasotzen dituzte, eta artisautza tailerrak aukera eskaintzen du bisitariek kulturarekin eta artisautzarekin harreman zuzena izateko. Eskola taldeei, interesdunei eta baita artisau bilakatu nahi dutenei ere zuzendurik dago.

Agroturismoa garapen motore gisa: Urbasako Takatan

Tokiko ekonomia eraldatu duen beste ekimen bat da Urbasa Takatan, Urbasa-Andia mendilerroan kokatua. Agroturismoa oinarri duen negozioak zaldiekin jarduerak eskaintzen ditu helburu hezitzaile eta terapeutikoekin. Gizakiaren eta zaldiaren arteko harremanaren bidez, bisitarien ongizatea hobetu eta naturarekiko errespetua sustatzen da. Ikuspegi berritzailea du.

Urbasa Takatanek landa eremuak eta hiria lotzea du helburu, eta jasangarritasuna oinarri duen turismo esperientziak eskaintzea. Urbasa-Andia parke naturalean bisita gidatuak egiten dituzte, eta baita zaldiekin lotutako ekintzak ere. Takatanek jende aunitz erakartzea lortu du: alde batetik familiak, eta bertzetik, errehabilitazio emozionaleko prozesuetan dauden pertsonak ere. "Gure helburua da jendeak natura aisialdi eremu bat baino gehiago dela ulertzea, ikaskuntza eta konexio pertsonalerako gune bat ere badelako", azaldu du Idoia Resano sustatzaileak.

Idoia Resano (Urbasa Takatan): "Gure helburua da jendeak natura aisialdi eremu bat baino gehiago dela ulertzea, ikaskuntza eta konexio pertsonalerako gune bat ere badelako"

Gainera, Urbasa Takatanek eskualdeko beste eragileekin harremanak luzatzen ditu, tokiko ostalaritza, elikagai ekologikoak eta ekoturismoaren garapena bultzatuta. Elkarlan horri esker, bisitariek bertako produktuak kontsumitzen dituzte eta ekosistema ekonomiko iraunkorra eratzen dute.

Etorkizunerako eredu errepikagarria

Erakunde publikoen babesak zuzenki eragin dezake landa eremuen berpizten eta Nafarroak aski ongi erakutsi du dirulaguntza horiekin. Erronkak aunitz diren arren, sos laguntzek eta ideia berriek herrietako giza garapen eta ekonomiari bultzada ematen diote.

Despopulazioak herri txiki aunitzen desagerpena mehatxatzen duen testuinguruan Erratzuko Dufurrena artzaintza eta arisautza lana eta Urbasa Takatan bezalako ekimenak inspirazio iturri, eta erresilientzia eta sormenaren adibide dira. Landa munduaren etorkizuna ez da soilik nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituko hemendik aintzin; berrasmatzeko gaitasuna eta tokiko historiaren baitan etorkizun jasangarria eraikitzeko gai izanen diren proiektuek ere eginen dituzte herriak bizigarri.

Ahantzi gabe noski, gizartearen konpromisoa ere, ezinbestekoa izanen dela eraldaketa gauzatzeko. Herrietan eta nekazaritzarekin zuzenean harremanik ez duten jarduerek arrakasta izan dezaten, beharrezkoa izanen da herritarren partehartzea, kontsumo eredu arduratsuak sustatzea eta tokiko ekonomiari lehentasuna ematea. Nafarroako landa eremuek etorkizuna badute, eta gaur egun abiatu diren proiektuen bide berriak izan daitezela datozen belaunaldi eta herri pizgarri, herrien etorkizuna bermatuz eta kultura eta natura ondarea zainduz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK