Orbik Cybersecurity Ikerlan euskal zentro teknologikoko start-up bat da, eta, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2023aren hasieran sartu zen zibersegurtasun industrialaren merkatuan. Aitzindaria da, kooperatiba bihurtzen den lehen star-tup-a teknologikoa baita, ekintzailetza teknologikoko modu berri baten eredu bihurtuz. Mondragonek (bere Sustapen Zentroaren eta Ezagutza Dibisioaren bidez) eta IKERLANek sinatutako hitzarmen baten esparruan egin du. Hitzarmen horren bidez, 10 milioi euro baino gehiago mobilizatu nahi ditu datozen lau urteetan, taldearen aktibo teknologikoak merkatura transferitzea sustatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du, SPRI taldearen Basque Tek Ventures programaren bidez.
Sozietate mugatua kooperatiba bihurtzeko prozesua formalizatu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Mondragoneko presidente Pello Rodriguezek, Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak eta Orbik Cybersecurityko zuzendari nagusi Salvador Trujillok, zentro teknologikoak Arrasaten duen egoitzan egindako ekitaldi batean.
“Orbik Cybersecurityrekin, eta datozen urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan eraiki eta errotu nahi dugun ekosistemarekin, erakutsiko dugu posible dela abangoardiako berrikuntza eta teknologia konbinatzea eredu ekonomiko iraunkor batekin, balio kooperatiboetan oinarritua, epe luzerako ikuspegiarekin, eta gure inguruan kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko gai izateaz gain, modu solidarioan banatzeko ere gai dena”, adierazi du Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak.
Pello Rodriguez Mondragoneko presidenteak, bere aldetik Mondragon eta Ikerlanen artean sinatutako hitzarmena balioan jarri du “horrelako etorkizuneko proiektuak behar ditugulako Mondragonen eta EAEn”. Era berean gaineratu du ekimen honek “agerian uzten duela Mondragonek duen ekintzailetza-ekosistema bakar eta bereizgarria”.
Bestalde, Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “EAEren etorkizuna industriaren bidez idazten da, eta Orbik Cybersecurityren kasuak abangoardian kokatzen laguntzen digu, kasu honetan zibersegurtasunaren industrian”. Gaineratu du gaur jauzi kualitatiboa egin dela “oinarri teknologikoko ekintzailetzatik abiatu eta enpresa gisa finkatzeko proiektu batekin. Proiektu horren helburua da balio-kateko enpresak bultzatzea eta inguruan garapen ekonomikoa eta enplegua sortzea.Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren, Mondragonen eta Ikerlanen arteko lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da gure herrialdeak aurrean dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izateko”.
Baina bere ibilbide orria kooperatiba bihurtuz amaitu izana ez da ekimenaren lehen urteko lorpen bakarra izan, honi gehitu behar zaiok hasierako hazkunde itxaropenak gainditu egin dituela. Salva Trujillo, kooperatibaren zuzendariak azaldu duenez, dagoeneko 20 profesional baino gehiagoko taldea du iada eta 2024. urtea 700 000 euroko fakturazioarekin itxi zuen. 2025erako, enpresak bere lantaldea eta diru-sarrerak bikoiztea du helburu.
Orbik Cybersecurity Ikerlanen Digilab laborategiaren instalazioetan dago, Arrasaten, Espainiako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategiaren ondoan.