Otsagabiako coworking-a: tokiko ekonomia eta ekintzailetza jasangarria

Patatera izenez ezaguturiko biltegi zaharra ekintzailetza zentro bilakatu dute. Hainbat proiektu ugaldu dira bertan, hala nola Bordaxaki enpresa edota tokiko elikagaiak eskaintzen dituen supermerkatu bat

Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko gazte abeltzainak dira Bordaxaki proiektuaren jabeak |Argazkia: utzita Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko gazte abeltzainak dira Bordaxaki proiektuaren jabeak |Argazkia: utzita

Nafarroako hiri buruzagitik 85 kilometrora kokatzen da Otsagabiako udalerria, eta azken boladan ekonomia eta gizarte eraldaketa handia pairatu du, izan ere, Patatera izenez ezaguturiko biltegi zaharra goitik behera berreraiki dute eta ekintzailetza zentro bilakatu da. Otsagabiako Udalak eta Nasuvinsa enpresa publikoak elkarrekin lankidetzan sustatu dute ekimena, hainbat helburu bete asmoz: tokiko ekonomia berpiztu, enplegua sustatu eta berritzaile zein jasangarriak diren enpresa proiektuak lagundu.

Patatera zaharrak tokiko ekonomia eta enplegua suspertzeaz gainera, landa eremuko despopulazioari aintzin egin dio eta esparrua zein baliabideak ere eskaini ditu.

Nafar Pirinioan patataren uztak berebiziko garrantzia ukan du betitik eta, beraz, patata gordetzeko erabiltzen zen tokiak orain, garaian garaikora egokitzea, sinbolo potolo gisa uler liteke. Eraikina patatak biltzeko biltegi izatetik, coworking espazio moderno eta funtzional izatera pasatu da. Espazioak 17 eta 42 metro koadroko bost lokal ditu, eta bertan sektore desberdinetako ekintzailetza-proiektuak kokatu dira.

Patatera zaharran dagoen coworking esparru horretaz gain, Otsagabiako Mantxolandako poligonoan bertze nabe bat eraiki da, eta bertan komertzio eta zerbitzu jarduerak kokatu dira. Azpiegitura horiek, tokiko negozioak sortu eta garatzea ekarri du, eta, gisa horretan, Otsagabiako enpresa ehuna sendotu da. Finean, herria eta Zaraitzuko bailara biziberritu dira.

Proiektu nabarmenak: Bordaxaki eta hurbileko supermerkatuaren erronka

Ekintzailetza zentroaren laguntzarekin abian jarritako proiektuak biziki interesgarriak dira. Horietako bi hauexek:

Bordaxaki: Andoni Arizkuren eta Iñaki Zoko gazte abeltzainek sortutako Bordaxaki enpresa. Euskal txerri arrazako zerriak hazi eta prozesatzeko enpresa da. Bertan, zerrien hazkuntza burutzen dute, baita haragi eta hestebeteak sortu ere, ondoren bertan paratu duten denda txiki batean saltzen dituzte beraiek sortutako produktuak. Proiektuak euskal txerri arrazaren kontserbazioa sustatu du. Tradizioa eta modernitatearen arteko oreka izan da bikote honen arrakastaren gakoa. Bikoteak argi zuen herrian bizi nahi zuela eta ez Iruñean.

Iñaki Zoko: "Gure proiektua sortzeko beharra genuen, eta argi genuen ere, lehendabiziko sektorean lan egin nahi genuela, batez ere animaliekin harremana izanen zuen zerbaitetan", inguruan behiak, ardiak eta behorrak ere bazkiren "baina, zerbait berria nahi" genuen, "horrela sortu zen Bordaxaki".

Sin título
Bordaxakiren denda | Argazkia: utzita

Hurbileko supermerkatuaren erronka: Mantxolandan kokatuta, tokiko elikagaiak eskaintzen ditu denda honek. Tokiko eta kalitatezko produktuen aldeko apustua irmoki egin du, eta inguruko kontsumitzaileei aukera fresko eta jasangarriak eskaini dizkie. Herritarrei erosketak egiteko supermerkatua herrian bertan eskaintzea izugarria izan da, kontuan izanda Iruñearaino dagoen tarte luzea.

Ekintzailetza zentroaren sorrerak eragin positiboa izan du Otsagabiako komunitatean. Argi erakutsi du, enplegua sortu duela, despoblazioa geldiarazteko pilula txiki bat izan dela

Proiektu horiek abian jartzea posible izan da gobernuaren garapen lurralde eta ingurumen saileko dirulaguntzei esker. Bordaxakiren kasuan, 150.000 euroko laguntza luzatu da enpresa ezartzeko eta inbertsioak egiteko, eta 30.000 euro gehiago hurbileko supermerkatuaren irekieran laguntzeko. Sos laguntzek ederki erakusten dute instituzioek garapen iraunkorreko proiektuak eta ekintzailetza sustatzen dituztela, eta horrelako ekimenek landa eremuko sustapenerako duten garrantzia.

Ekintzailetza zentroaren sorrerak, beraz, eragin positiboa izan du Otsagabiako komunitatean. Argi erakutsi du, enplegua sortu duela, despoblazioa geldiarazteko pilula txiki bat izan dela eta tokiko ekonomia berpiztu duela.

Ahantzi gabe, jakina, enpresarien arteko lankidetzak, coworking batek duena ere, hori dela, esparru batean ideiak elkartrukatzeko esparrua izatea.

Espero da, hortaz, patatera zaharrean ekintzailetza gehiago izatea datozen urteetan, eta ideiak berritzaileak zein enplegua sortuko dituzten proiektuak garatzea. Balio beza bertakoek erraten duten bezala: Pirinioa bizirik mantentzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK