Ekintzailetza proiektu bat abiarazteko arrazoiak anitzak izan daitezke. "Nirea kasualitatea izan zen", kontatu du Xabier García Kortazar Trebe Language Technologies S.L.-ko sortzaile eta zuzendari nagusiak. 2021ean sortua, gaztelaniazko, euskarazko, galegozko eta katalanezko ahotsak itzuli, transkribatu eta laburtzeko lehen plataforma da garatu dute, Vicomtechen spin-off gisa. "30 urte pasa ditut ikerketa zentroetan, eta beti izan dut jakinmina ikusteko beste aldekoa nolakoa den. Zentroan egonik, zuzendariak esan zuen ideia berri bat atera behar zela, beste zerbait egin, eta norbait behar zela, eta norbait hori ni neu nintzela. Beraz, kasualitatez eta bultzatuta izan zen. Eta bakarrik hasi nintzen. Baina gogoa nuen", gaineratu du.
Nereba Belzunegiren kasuan, María Herrero Eizmendi ezagutu zuenean murgildu zen ekintzailetza proiektu baten. "Bera teknikoagoa da; nire ikasketak enpresagintza eta zuzenbidea dira. Bera animatu zen batez ere, eta nik lagundu egin nion. Ekintzailetza partekatua izan zen, beraz". Euren kasuan Sabelec-Systemilec Wealth S.L.U sortu zuten 2020an, Herrekorren spin-offa, eta zauriak sendatzeko gailu medikua egiten ari dira mugikortasun murriztua duen pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz.
Oihan Goenagaren motibazioa amorrua izan zen. "Ni ikerketa eta garapeneko proiektuetan nenbilen lanean, aholkularitza baten, Horizon 2020ko proiektu askotan parte hartzen. Oso interesgarria zen, baina askotan iruditzen zitzaizkidan marketina egiteko produktuak zirela". Proiektuari dagoeneko izena jarri zion urte horretan bertan, eta saiakera egin zuen bi bazkiderekin aurrera ateratzeko. Eurek, baina, azkenean atzera egin zuten, eta Goenagak, berriz, "lana uztea eta %100 proiektuari eskaintzea" erabaki zuen. "Une horretan Ander —Etxeberria, COOa— ezagutu nuen, nire bazkidea. Hitz egin nion proiektuaz, eta esan zidan asko gustatu zitzaiola. Zertan lagun zezakeen galdetu zidan. Programatzailea behar genuenez, Anderrek berarekin ikasi zuen Juanekin —Trullos, CTOa— hitz egin zuen". Ibilbide hori eginda, 2022an jaio zen Zenit Solar, energia-komunitate adimendunak sortzeko eta kudeatzeko tresna digital aurreratua sortu duena.
Oihan Goenaga: "Denak eragiten dizu. Zu zara proiektua; ez duzu bereizten egiten ari zaren zerbait bezala. Horrekiko distantzia bat edukitzea ez da erraza"
Hala ere, arrazoi anitz horiez harago, bada hiruek partekatzen duten zerbait: ekintzailetza norbere barruan dagoela, txikitatik, nolabaiteko sena. Euren esperientzia abiapuntu, ekintzailetzaren eta ekintzaile izatearen erradiografia egin dute Donostiako Ekinn eraikinean.
Talentua eta osagarritasuna, gako
"Kontua da proiektuak era desberdinetara sortu daitezkeela. Baina proiektuak ez du zentzurik ez badira hura aurrera eramango duten pertsonak", dio Ainhoa Aldasoro Olanga Donostia Sustapeneko Berrikuntza arduradunak. Hain zuzen ere, hori da Ekinn+ programaren printzipioetako bat, ekintzailetza proiektu berritzaile eta punta-puntakoak bultzatzeko Donostia Sustapenak martxan duena. Bai Trebek Language Technologiesek, bai Sabelec-Systemiclec Wealthek eta bai Zenit Solarrek programan parte hartu dute. "Zein lan-talde dagoen proiektu hori bultzatzeko eta garatzeko oso-oso garrantzitsua da, baita talde hori fase bakoitzean osatzen joatea ere, eta gehigarriak izatea proiektua aurrera ateratzeko", gehitu du.
Belzunegi ere bat dator: "Talde osagarria izan behar da batzuen eta besteen artean". Hori bilatzea ez da beti erraza, zenbaitetan profil desberdinek hizkuntza desberdinak hitz egiten baitituzte. Aitzitik, Garcia Kortazarrentzat ere ezinbestekoa da, eta euren adibidea jarri du. "Ni naiz Vicomtechetik ateratako bakarra, eta bagenituen teknologia munduaz asko zekitenak, eta adimen artifizialaren munduan oso adituak. Prototipo oso txukunak ere genituen. Baina gero horrekin merkatura atera behar denean, zerbitzu bat eman, bertsioak egin... hori egiteko beste profil batzuk dira beharrezkoak". Eta, noski, konfiantzazko taldea, "nik nire kutxako txartela utziko niokeena", esan du Garciak. "Sagar ustel batek dena usteltzen du. Hori garbi dago", gaineratu du Goenagak.
Entzuteko prestasuna
Talentuaz gain, baina, beste gako bat azpimarratu du Aldasorok: "proiektu bat egon behar da, ideia bat, zentzu batekin, eragin batekin, eta nolabaiteko sendotasun batekin". Eta horrekin batera, ilusioa eta motibazioa: "Ilusio nabaria izan behar duzu, bestela, segituan geratuko zara bidean", nabarmendu du Belzunegik. "Eta zergati oso indartsua, zergatik egiten ari zaren hori. Bestela ez diozu eutsiko", gaineratu du Goenagak.
"Entzuteko prest dauden proiektuak aurkitzea" ere gako da Donostia Sustapenaren kasuan. Izan ere, proiektua martxan jartzerakoan topatuko diren zailtasunak ere ugariak dira. "Askotan jaso behar dutena ez da oso xamurra. Edota oso egoera konplikatuak igarotzen ari dira. Baina jakin behar dute beste ikuspuntu bat entzuten, batez ere, ibilbidean laguntzeko gaudelako, dauden fasean daudela", azaldu du Aldasorok. Goenagak ere hala uste du: "Laguntza eskatzen jakin behar da. Egoarentzat ez dago tokirik".
Trebekoa bat dator: "beti esaten dut aho bakarra dugula, eta bi belarri. Esaten digutena ulertu behar dugu, asko entzun, asko ikasi, ikusi". Baita merkatuak dioena ulertzeko ere. "Merkatutik oso gertu izan behar zara, geure kasuan, behintzat, esparru teknologikoan. Askotan zu bizi zara zure teknologian murgilduta, zure historia kontatzen, eta uste duzu hori dela garrantzitsuena. Jendeak ez du teknologiarik nahi; soluzioak nahi ditu. Teknologia da erabili dezakeen zerbait bere arazo hori konpontzeko", mahaigaineratu du Garciak.
Xabier Garcia Kortazar: "Merkatutik oso gertu izan behar zara [...]. Askotan zu bizi zara zure teknologian murgilduta, zure historia kontatzen, eta uste duzu hori dela garrantzitsuena"
Aldasoron ustez, "Donostia Sustapenak eskaintzen dituen programak eta zerbitzuak ondo azaltzen jakin behar dugu, ezagutarazko, eta horrrela ekintzaile gehiago disfrutatu ditzaten".
Momentu egokia ez da inoiz iritsiko
Perfektua onaren etsai dela esan ohi da gazteleraz. "Beti zaude itxaroten noiz izango den momentu egokiena ekintzailetza proiektua abiatzeko, eta askotan momentu hori ez da inoiz iritsiko", adierazi du Belzunegik. Alegia, iritsi behar da une bat non produktua atera egin behar den, euren sektorean, esaterako, merkaturatze baimena ematen duen C markadorea lortzeko. "Ondoren egingo dituzu aldaketak". Hala ere, zorteak ere eragiten duela uste du: "hasiera batetik ez zara zure proiektuarekin maitemindu behar, baina jakin behar duzu zorte faktorea oso garrantzitsua dela, eta zuk zure esku dagoen guztia egingo duzula proiektua bultzatu eta aurrera ateratzeko", gehitu du.
Horrek ez du esan nahi zentzugabe izatea. "Zentzuz jokatu, baina beldurra kendu. Hasieran izan nahi duzu produktu borobila eta itxaron dena prest izan arte. Prezio bat jarri behar diozu eta ez dakizu zein prezio jarri... Hori guztia merkatuak esango dizu", esan du Garciak.
Espektatibak kudeatze kontu bat ere bada Goenagaren hitzetan. Plan bat edukitzea ezinbesteko kontua izanik ere, planteamenduaren barnean merkatuarekin egingo diren interakzio guztiak aintzat hartu behar dira. "Plan horretan ezin duzu oso optimista edo zorrotza izan. Gero sustoak daude eta espektatiba horiei ahal den azkarren heldu behar diezu, Xabierrek esan duen bezala. Ahalik eta interakzio gehien egin hobeto helduko zara. Ez da gauzak ondo egitea, baizik eta gauzak azkar egitea eta maiz", defendatu du Zenitekoak.
Nereba Belzunegi: "Jakin behar duzu zorte faktorea oso garrantzitsua dela, eta zuk zure esku dagoen guztia egingo duzula proiektua bultzatu eta aurrera ateratzeko"
Horregatik, uste du halako proiektuak abiatzeko eta aurrera ateratzeko ezinbestekoa dela %100ean horretan lan egiten egotea. "Bakoitzak bere egoera pertsonala du, eta agian diru-sarrera bat behar du eta hala ere ekintzaile izan nahi du. Baina bi gauzetan batera egoteak asko zailtzen du dena, batez ere hasieran", plazaratu du. Era berean, taldea toki berean egotea gakotzat jo du. "Gure kasuan hasi ginen ni Bartzelonan bizitzen ari nintzela, Ander Donostiara mugitu berria zela eta Juan Berlinen zegoela". Bakoitza toki batean egonda, sentitzen zuen ez zirela lana batera egiten ari. "Hori nire ustez ekidin behar da; hasierako taldeak egunero elkar ikusi behar du, toki berean lan egin, komunikazio aldetik ere eragozpenak eta abar ekidin egiten direlako horrela", esan du.
Bakardadea, ardura eta bestelako trabak
"Ekitea bakarrik egotea da", plazaratu du Zenit Solarrekoak. "Nik ekintzaile bezala salto egin nuen. Gero, gauzak ateratzen joaten diren heinean jendea ausartu egiten da zurekin joatera. Dena uzten dute eurek ere, eta arrisku bat hartzen. Baina bakardade hori gogorra da, oso emozionala", kontatu du. Izan ere, ekintzailearen eta proiektuaren arteko mugak bereiztea zail egiten da. "Denak eragiten dizu. Zu zara proiektua; ez duzu bereizten egiten ari zaren zerbait bezala. Horrekiko distantzia bat edukitzea ez da erraza".
Hain zuzen ere, duela gutxi mentoretza baten parte hartu zuela kontatu du. "Lidergoa eta taldeen kudeaketari buruzko zerbait zen, baina bazirudien terapia egiten ari ginela [barrez] Zeu ez bazara zaintzen eta gaizki bazaude, proiektuan nabaritu egingo da, eta gaizki joango da", gehitu du.
Ardura ere sentitzen da. "Lehenago ezagututako lagun bati esan nion ea animatzen zen. Baiezkoa eman eta lana utzi zuen proiektuan murgiltzeko. Eta hor pentsatzen duzu: honek lan bat zuen, utzi du, seme-alabak ditu... eta hasten zara sentitzen karga bezala", adierazi du Garciak. "Iruzurgilearen sindromea", gehitu du Goenagak. "Eta gainera den-dena zuk egin behar duzu: fibra kontratatzetik hasita", dio Trebekoak.
Traba administratiboak ere ez dira errazak kudeatzen. "Gure esparruan araudi aldaketa izan zen 2020-2022an. Hori gutxi balitz, zailtasun dezente topatzen ari gara gailu medikuen munduan, pasa behar dituzten araudiak sekulakoak direlako. Eta proiektuaren heldutze faseak luzeak dira", esan du.
Nola egin aurre zailtasunei
Erronka horiei aurre egiten hainbat tresnek lagundu dezaketela uste dute. Bata da klusterretara jotzea. "Gu Basque Health Clusterrean babestu gara asko. Azkenean hor ez daude bakarrik start-upak; merkatuan denbora daramaten gailu medikuak dituzten enpresa asko topa daitezke. Eta eurei galdetu diegu, ikusteko zein traba topatu dituzten", kontatu du Belzunegik. Klusterreko enpresetatik erantzuna ona izan da. "Guri gutxienez gertatu zaigu mundu guztia dagoela prest beraien esperientziak partekatzeko eta aholkuak emateko. Horrekin pauso asko aurreratu ditugu".
Zeniten kasuan ere kluster energetikoetara jo dute. "Jendea zure arloan dago, zure arazoak ezagutzen ditu, eta laguntzeko prest izaten da. Gainera oso modu informal baten. Bezero bezala harremana behar duzu, baina baita bestea ere. Pertsonak behar dituzu", nabarmendu du Goenagak.
Ainhoa Aldasoro: "[Donostian] 15.600 enpresa ditugu, baina %98,6 ETEak dira, eta horietatik %73,3 inguru mikroenpresak. Nahi badugu proiektu hauek nazioartean lehiakorrak izatea, edo tamaina handitzen dugu edo askoz zailtasun gehiago izango dituzte"
Beste tresna bat dira Ekinn+ bezalako programak. "Guri lagundu digu ezer baino lehen kokatzen. Lurreratzen egin behar genuena, eta zein puntutan geunden ulertzen", kontatu du Belzunegik. Dirulaguntzak identifikatu, nondik jo, mentoretzat... dira programak eskaintzen dituen beste zenbait alderdi. "Diru asko dago inguruan, baina inbertitzen duen dirua bilatzea ez da batere erraza. Gure kasuan, Elkargirekin abal funtsa dugu, baina ez zaigu nahikoa iruditzen, eta hori osatu behar dela uste dugu. Hor ere pauso batzuk ematen ari gara", plazaratu du.
Era berean, normalean programa guztian zehar ekintzaileekin zenbait aditu izaten dira, baita momentu jakinetan parte hartzen dutenak ere. "Aditu horiek hor topatzea da ia-ia aita bat bezala izatea. Edozein momentutan telefonoa hartu eta deitu ahal diozu. Minutu bat da, baina ematen dizkizu zenbait bide (honekin hitz egin, beste hau ikusi nuen nik behin...). Hori oso lagungarria da". "Lehen esan bezala: ez dakizula dena, eta hemen pertsona bat dagoela horretan aditua dena", gaineratu du.
Bestalde, ekintzaileen arteko interakzio hori bera lagungarritzat jotzen dute. "Lehen esandakoaren harira, bakarrik zaude; baina ez zara bakarra hau egiten ari dena. Ekinn+ zentzu horretan oso adibide ona da. Horrelakoetan egoteak niretzat gako izan behar du. Bat-batean ez zaudelako bakarrik. Bakoitza begiratzen duzu eta zure aurpegi berdina du edo zure amets berdinak ditu, nahiz eta proiektu desberdinak izan", azpimarratu du Goenagak. Ohiko lagunartean, familiartean eta abarrean ulertuta sentitzea ez delako hain erraza izaten. "Lagunek edo gurasoek ere esango dizute zein interesgarria den egiten ari zaren hori. Eta noski, interesgarria bada. Baina gauza asko gertatzen dira barrutik, eta horiek kudeatu egin behar dira", adierazi du.
Oihan Goenaga: "Bakarrik zaude; baina ez zara bakarra hau egiten ari dena"
Ekinn+entzat ezinbestekoa da konexioa edo elkarlana. "Bai lan-taldean, bai beste proiektu batzuekin, bai beste eragile batzuekin, zu zauden tokian eta baita nazioartean ere", dio Aldasorok. Eurentzat ere ikasketa prozesua izan da tarteko. "2014-2015ean jarri genuen martxan. Baina kontuan izan behar dugu hiri honetan ekintzailetzaren inguruan zer edo zer duten 40 eragile baino gehiago daudela, 100 programa baino gehiago". Osagarri izan nahi dute.
Laguntza, baina, bi norabideetan doala uste du Aldasorok. "Guk sentitzen dugu elkarri laguntzen diogula. Gure aldetik dauden errekurtsoak, zerbitzuak, eraikinak, proiektu horientzat daude bideratuak, eta gero guk proiektu horietatik asko jasotzen dugu. Eta gure bidelagun dira". Ez bakarrik Ekinn+ programaren barruan daudenean. "Gerora ere harremana sendotzen joaten da urteetan zehar benetan behar ditugulako, gure erreferente direlako".
Etorkizunera begira
Hiru proiektuetan begirada orainean eta etorkizunean dago. Sabelec-Systemilec produktuaren garapen fasearen amaieran dago. "Merkatura pasa arte, proiektua merkaturatzen bide horretan behar duguna da Ekinn+en laguntzaz lortu norbaitek diru hori inbertitzea proiektuan heriotzaren bailara pasa ahal izateko". Osakidetzarekin eta Gipuzkoako erresidentziekin lanean izan dira ikusteko bere gailuak merkatuak behar dutena ote den. "Horrek ere eman digu indarra helburua egokia dela ikusteko. Azkenean gerturatu gara batez ere kausa hori sufritzen duten pertsonengana, aukera eman digutelako", gaineratu du.
Nereba Belzunegi: "Guri gutxienez gertatu zaigu mundu guztia dagoela prest beraien esperientziak partekatzeko eta aholkuak emateko. Horrekin pauso asko aurreratu ditugu"
Zenit Solarren kasuan ideia da "komunitate energetikoen marketplace bat sortzea, eta Europa mailan marketplace hori hain handia izatea, eragile guztiak sartuta, non klik batzuen bitartez benetan gutako edozeinek parte hartzeko gaitasuna duen, edo ulertzeko zer egiten ari den. Hori orain arte ez da existitzen". Europar Batasunean klima larrialdiari aurre egiteko ezarritako neurriak herritarrengana benetan iristea nahi dute. "administrazio publikoei eskatuko nieke erregulazioa mantentzea, norabide honekin eta eguzkiari beste zerga bat ez ipintzea", azpimarratu du. Era berean, gehitu du: "IDAE Aurrezpen Energetikorako Institutuak kudeatzen ditu energiari loturiko dirulaguntza gehienak, baina oraindik ez dituzte ebatzi joan den urtekoak. Izugarrizko dirulaguntza izango litzateke. Egia da geuri ez zaigula ezer gertatuko ez bada ateratzen, baina asko gertatuko da ateratzen baldin bazaigu. Eta eskatuko nioke bizkortasuna, benetan krisi klimatiko baten bagaude".
Treberentzat adimen artifiziala gako da. "Orain dela pare bat urte sortu ginen, eta orain dela pare bat urteko teknologia zaharkitua geratu da. Hori dela eta, abiadura behar dugu. Eta jendea", azpimarratu du. Hausnarketa batetik datoz, gainera, abenduan eginikoa: "edo hemengoarekin geratzen gara, txikiak izaten, eta ea eroso mantentzen garen tamaina horretan, edo hazkundeari heltzen diogu. Baina Espainia mailan 4-5 gaude. Eta norbaitek ukondoak atera eta dena hartuko du. Orduan, edo norbaitek hartzen du, edo zuk hartzen duzu", esan du Garciak.
Aldasororen irakurketak ere ildo horrekin du harremana: "Gure hirian 15.600 enpresa ditugu, baina %98,6 ETEak dira, eta horietatik %73,3 inguru mikroenpresak. Nahi badugu proiektu hauek nazioartean lehiakorrak izatea, edo tamaina handitzen dugu edo askoz zailtasun gehiago izango dituzte".