Rotterdameko "Urban Future" foroan parte hartuko dute bi donostiar ekintzailek

Young Leaders San Sebastian programaren bitartez, Donostia Sustapenak hautatutako bi gazteek Europako beste gazte batzuekin esperientziak trukatzeko aukera izango dute hiri jasangarriei buruzko topaketan

Ane Oyarbide zinegotzia programan parte hartzen duten bi gazteekin: Leticia Da Veiga eta Asier Amilibiarekin | Argazkia: Donostia Sustapena Ane Oyarbide zinegotzia programan parte hartzen duten bi gazteekin: Leticia Da Veiga eta Asier Amilibiarekin | Argazkia: Donostia Sustapena

Ekainaren 4tik 7ra Rotterdamen (Herbehereak) egingo den Urban Future foroan bi donostiarrek parte hartuko dute: Asier Amilibiak eta Leticia da Veigak. Young Leaders programaren bitartez, Donostia Sustapenak hautatutako bi gazteek Europako beste gazte batzuekin esperientziak trukatzeko aukera izango dute, besteak beste, prestakuntza jardueretan, eztabaida-foroetan, tailerretan eta networking saioetan.

Urban Future egitasmoa Europan hiri jasangarriei buruz egiten den topaketarik handiena da eta hiriak nola hobetu daitezkeen du aztergai. Young Leaders San Sebastian programa aitzindaria Donostiako Udalak sustatzen du Donostia Sustapenaren bitartez, eta hiria eraldatzeko azterketa eta ideia berritzaile eta jasangarriak planteatzen dituzten gazte donostiar talentudunak identifikatzea du helburu.

Hautaketa deialdi publiko baten bidez egin da. Deialdian, hautagaiek erronka edo arazoren bat identifikatu behar zuten, eta eragin positiboa izan dezaketen eta herritarren ongizatea hobe dezaketen alternatibak eta irtenbideak proposatu behar zituzten. 

Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak azpimarratu duenez, "etorkizuna izateko, Donostiak bere gazteen alde apustua egin behar du prestakuntza eta enplegu aukerekin, hirian bizitzeko eta euren bizi proiektuak hirian bertan gauzatzeko alternatibekin". Halaber, helburua da gazte donostiarrei laguntzea euren bizitza proiektuak aurrera eramaten, horrela hiriaren etorkizuna eraikiz.

Bi gazteei dagokionez, Asier Amilibiak 25 urte ditu, Turismoan graduatua da eta Berrikuntzako eta Turismoko masterra du. Gaur egun, Gizarte Zientzietako doktoretza bat egiten ari da, Hiri Adimendunaren ikerketan espezializatua. Data2Smart izeneko proposamenarekin, Big Data eta Business Intelligence erabiliz hiri baten datu zehatzak aztertuko dituen tresna bat sortzea proposatu du.

Bestalde, Leticia Da Veigak 18 urte ditu eta Administrazioko eta Finantzetako goi gradu bat ikasten ari da. Bere proposamenean digitalizazioa eta jasangarritasuna batera lantzen ditu, teknologia digitalak erabiliz erabilera arrunteko objektu eta tresna fisikoak euskarri digital bihurtzeko, eta materialen kontsumoari eta fabrikazioari lotutako inpaktuak saihestuz ingurunea jasangarriagoa izan dadin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK