Urriaren 15ean eta 16an egingo da B-Venture ekitaldiaren hirugarren edizioa Bilboko Euskalduna Jauregian. Start-upak, ekintzaileak eta inbertitzaileak elkartu nahi ditu, berrikuntza, ekintzailetza, finantzaketa eta ideiak partekatu asmoz. Hain zuzen ere, Bilbao Port Labek —Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren barruan dagoen berrikuntza eta ikerketa-hubak— erakustokia izango du ekitaldian.
Bi asmorekin izango du erakustokia. Bata, ekintzailetza egitasmoen berrikuntza proiektuen garapenean portuak berak izandako esperientziak partekatzeko, baita logistika- eta portu-sektorearekin lotutako kanpo-proposamenak erakartzeko eta portuan dagoen komunitatearen beharrei soluzioak eskaini ahal dakizkien start-upekin konektatzeko ere. Bestea, askotariko enpresa eta start-upei prototipoak probatzeko eta garatzeko eskaintzen dituen aukerak azaltzeko.
Halaber, Bilboko Portuko komunitatearen parte diren hiru start-up hautatu dituzte ekitaldian egingo diren 25 pitch edo aurkezpenetarako: Zenit Solar, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko konexioa errazten duen plataforma digitala, autokontsumo partekatua eta energia-komunitateak sortzea bultzatzeko; SBS, hondakinak HECO (efizientzia handiko kontaktua) teknologiarekin balorizatzea proposatzen duena, hondakinak balio handiagoko produktu bilakatuz zenbait prozesu termokimikoren bidez; eta Ubyko, biltegien espazioa automatizatzeko eta optimizatzeko irtenbide bat.