Enpresa berri bat martxan jartzean finantzazioa derrigorrezkoa da, eta sarritan ez da erraza izaten eskuratzea. Eskarmentu faltak, merkatuaren ziurgabetasunak eta enpresen arteko lehiak inbertitzaileen mesfidantza handitzen du, eta konplikatua izaten hauen babes ekonomikoa erdiestea. Ekintzaileek proiektua ondo saldu beharra dute, eta era berean, ondo aukeratu behar dute finantzazioa bermatuko dien bazkidea. Bi aldeen arteko harremanak egokia izan behar du.
Week Inn Berrikuntzaren Astea antolatu du egunotan Donostia Sustapenak. Ekintzaile nahiz gazteentzat zuzenduriko hainbat egitasmo burutu dituzte, tartean Ekinn Entrepeneur Summit izeneko topaketa. Hainbat aditu izan dira bertan, eta ekintzaileentzat erronka den inbertsio premiaren gainean mintzatu dira.
Izan ere, proiektu baten bideragarritasuna ez ezik, start-upek epe luzera hazi eta diru-sarrera iraunkorrak sortzeko gaitasuna erakutsi behar dute gaur egun. Enpresaren etaparen arabera, finantzaketa modu desberdinak izan ohi dituzte, eta finantzaketa mota horien inguruan hitz egiteko batu ditu Donostia Sustapenak Easo Ventures, Indexa Capital, Elkargi eta Norgestion erakundeetako ordezkariak.
Guillermo Soto: “Konfiantza sortu, bezeroa edo inbertsorea ondo ulertu, nola lagunduko diozun azaldu eta besteengandik bereiztu beharra dago"
Finantzazioa eskuratzeko lau gako zerrendatu ditu Guillermo Soto Pinama Capital 23 sozietateko zuzendariak, zeinak moderatzaile lanak egin dituen mahai inguruan: “konfiantza sortu, bezeroa edo inbertsorea ondo ulertu, nola lagunduko diozun azaldu eta besteengandik bereiztu”.
Inbertsore egokia jomugan
Teresa Gomez Easo Ventures arrisku kapitaleko sozietateko lankidea da, eta start-upei “gardentasuna eta zintzotasuna” eskatu die, euren lana errazten baitu. “Proiektua zer unetan aurkitzen den argi esatea garrantzitsua da”. Enpresa teknologia garatzeko fasean al dago? Edota produktua balioztatzekoan? Merkatura salto egiteko prest?
Negozio baten hastapenetan txertatzen du inbertsioa Easo Venturesek, eta beraz, enpresaren “historikoa” ez dute aztertzen, oso gazteak izanik, ez baitute gehienek halakorik. Horrek etorkizunera begira egindako proiekzioen ziurgabetasuna dakarrela aitortu du. “Guk aztertu dezakeguna zera da: gastua nola kudeatu den edo lortutako kapitalarekin zer puntutaraino izan diren eraginkorrak”. Easo Venturesen funtsek hamar urteko “bizitza” izan ohi dute. “Lehenengo lauzpabost urteetan inbertsio garaian gaude eta azken lauzpabostetan hasten gara desinbertsio plana egiten”, gehitu du.
Edith Astudillo “Arrisku kapitaleko sozietateek merke erosi nahi dute, balioa sortzen dute, eta gero garestiago saldu. Benetako negozioa balioa sortzean dago”
Edith Astudillo Norgestioneko Corporate Finance arloko zuzendariak argitu du beraiek ez direla inbertsioak egiteaz arduratzen, baizik eta eragiketa hauei buruzko aholkularitza eskaintzen dutela, eta inbertsioak nolabait “kanalizatu” egiten dituztela. Arrisku kapitaleko erakundeen inguruan mintzatu da: “erakunde hauek merke erosi nahi dute, balioa sortzen dute eta gero garestiago saldu”. Bere ahotan, benetako negozioa balioa sortzean dago, “gero multiplo handiago batzuk lortzeko”. Era berean, aitortu du inbestitzaile egoki bat bilatzea prozesu konplexua dela, eta ekintzaileak negozioan jarri behar duela arreta. Hein horretan, aholkulari bat izatearen garrantzia azpimarratu du, inbertsore egokia bilatzeaz arduratu dadin.
Naiara Lopez Elkargiko ekintzailetza arduradunaren ustetan, finantzazio estrategia argi izatea funtsezkoa da. “Planifikatuta egon behar du finantzaketak. Start-upak zenbat fase dituen eta zeinetan dagoen jakin beharra dago. Zenbat diru behar den fase bakoitzerako eta nola lortuko den zehaztu”. Gerora, finantzaketa estrategian eman daitezke aldaketak, baina hasierako plana ondo zehaztuta egon behar duela iritzi dio.
Dirua eta proiektuak badaude
Dirua edo proiektuak, zer dago gehiago? Gomezen ustetan, lehen faseetan dauden start-upei dagokionez, proiektu gehiago dago inbertsioa baino. Sotok, bestalde, adierazi du proiektu on batek bere inbertsiogileak aukeratzeko gaitasuna izan behar duela. Halaber, Unai Ansejo Indexa Capitaleko zuzendariak “ziklikoa” dela uste du, garaiaren arabera, diru edo proiektu gehiago daudelarik. “Orain esango nuke inbertsoreak gehiago agintzen duela ekintzaileak baino. 2021ean, berriz, alderantziz zen”.
Lopezek ere dirua badagoela uste du, baina diru kantitate handiagoak jartzen dituzten inbertsoreen profila botatzen du faltan. "200.000-300.000 euro inguruko finantzaketa eskaintzen duten entitateak badaude, baina kopuru handiagoak eskaini ditzaketenak falta dira, proiektuei bultzada definitibo bat eman diezaieketenak".
Unai Asenjo: “Orain esango nuke inbertsoreak gehiago agintzen duela ekintzaileak baino. 2021ean, berriz, alderantziz zen"
Negozio baten finantzazioa eskuratzerakoan, inbertsore baten ticketa kontuan hartu beharra du ekintzaileak. Ticketa kapital arriskuko sozietateak edo dena delako erakundeak egingo duen inbertsioaren kopurua da. Gutxieneko ticketaren azpitik dagoen kopurua inbertsoreak inbertituko ez duena da, maximoa, berriz, start-up batean inbertitu lezakeen gehieneko kopurua litzateke, eta batez besteko ticketa kopuru ideala. “Gure gutxieneko ticketa 400.000 eta 500.000 artekoa da”, azaldu du Gomezek. Sotok kontatu du beraiena askoz txikiagoa dela, 50.000 eta 150.000 euro artekoa hain zuzen.
Arrisku handiagoa, errentagarritasun gehiago
Arrisku kapitaleko sozietateek start-up batean dirua sartzerakoan, diru hori galtzeko arriskua dute. Start-up geroz eta gazteagoa izan, ziurgabetasuna handiagoa da eta dirua galtzeko probabilitatea handitu egiten da. Astudillok nabarmendu du zenbaki hauek zehazki neurtzea oso zaila dela, bai dirua irabazi edo galtzen denean, eta hainbat faktore hartu behar direla kontuan, start-upa zer sektoretan aritzen den edota ekonomia orokorraren egoera. “Merkatuaren arabera asko alda daiteke, baina egindako inbertsioa baino sei edo zazpi aldiz gehiago handitu dezake enpresaren balioa inbertsore batek”, gehitu du. Arriskua geroz eta handiago izan, errentagarritasun gehiago lortzeko aukera dagoela ezin da ahaztu.