
CEINek Digitech Software izeneko programaren lehen ediziorako deialdia ireki du. Egitasmoaren helburua izango da software zerbitzua (SaaS, ingelesez) oinarri duten Nafarroako start-up-en merkaturatzea. Izena emateko azken eguna martxoaren 17a izango da, eta programan parte hartzeko hamar proiektu aukeratuko dituzte.
Dagoeneko martxan diren enpresek eman dezakete izena, produktu bat jada garatuta dutenak eta fakturatzen ari direnak. Hautatutako start-up-ek hainbat saioetan parte hartzeko aukera izango dute martxotik ekainera bitartean. Nafarroako sozietate publikoak formakuntza espezializatua eskainiko die honako esparru hauetan: negozio eredua, balio proposamena, erosketa estrategiak, bezeroen hazkundea edota salmentak.
Aipatutako saioez gain, banakako tutoretzak ere eskainiko ditu Digitech Software programak.