Oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko Basque Tek Ventures egitasmoaren bidez, bederatzi enpresa eratu dira azken bi urteotan. Goi mailako teknologia landuko duten enpresak dira, BRTA Basque Research & Technology Alliance elkarteari atxikita, hain zuzen.
Basque Tek Ventures-en atzean Eusko Jaurlaritza, Spri taldea eta BRTA elkartea daude, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatearekin eta BICekin elkarlanean, eta “inpaktu handiko” start-up sortzea dute helburu, besteak beste.
BRTA aliantzari atxikitako zentroetako ikerketa taldeekin lan egiten da, aktibo teknologikoei balioa emateko, aukerak kualifikatzeko, talentua erakartzeko eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzeko oinarri gisa negozio kasuak eraikitzeko. BICekin nahiz ekintzailetzaren eta inbertsioaren ekosistemako eragileekin batera egiten du lan beharrezko finantzaketa emateko eta enpresa horien garapena bizkortzeko.
Proiektuetarako inbertsio tresna da Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatea. Funts honek "heriotzaren harana" deritzona zeharkatzeko beharrezko finantzaketa eskainiko die enpresei.
2023 eta 2024 artean, 36 proiektu aurkeztu dira, eta guztira bederatzi enpresa berri eratu. Sprik ohar bidez azaldu duenez, “goi mailako teknologian oinarritutako proiektuek (Deeptech deitzen zaie) inpaktu eta produkzio mailako eraldaketa handiagoak sortzen dituzte honako hauei dagokienez: enplegua sortzea, fakturazioa, nazioartekotzea, inbertsioa erakartzea eta finantzaketa”.