Tuteran ondutako glutenik gabeko gari-irina

Tuterako Bread Free start-upak zeliakoei zuzendutako glutenik gabeko irina ekoizteko bioteknologia eta adimen artifiziala garatu du 2020az geroztik. Aurten jada produktua merkaturatzen hasi dira

Bread Freeko taldea | Argazkia: Bread Free Bread Freeko taldea | Argazkia: Bread Free

Daniel Gómez-Bravo fundatzaile eta zuzendariaren arabera, mundu osoan zeliakoentzat gari, zekale eta garagar irina fabrikatzeko gai den lehen enpresa da Bread Free. “Horrelako proiekturik ez da existitzen, munduan bakarrak gara gu, eta guk diseinatutako barne prozesu bioteknologiko bati esker lortu dugu”. Teknologia horri esker, Bread Free gai da supermerkatuan aurki dezakegun gari-irin tradizionala glutenik gabeko irina bihurtzeko, irin tradizionalaren zapore, testura eta nutrizio-balioei eutsiz.

Zeliakoek kontsumitzerako garaian pairatzen dituzten desorekei aurre egiteko soluzio gisa sortu zen proiektua. Izan ere, ohiko produktu tradizionalen eta gluten gabeko produktuen arteko kontsumoan alde nabarmenak daude bai prezio eta kalitate aldetik. Errealitate horretaz jabetuta, Gómez-Bravoren start-upak alternatibaren bat bilatzeko ikerketa abiatu zuen: “irina edonon dagoela konturatu ginen, ogia egitean, gozogintzan, opildegian, arraina eta haragiaren prestaketan, elikadura-osagarrietan, saltsetan edota botika-industrian, eta zeliakoek produktuak oso garesti eta oso kalitate eskasean dituzte merkatuan”, azaldu du.

Daniel Gómez-Bravo: “Honelako proiekturik ez da existitzen, munduan bakarrak gara gu, eta guk diseinatutako barne prozesu bioteknologiko bati eskerrak lortu dugu”

Munduko biztanleriaren %2 da zeliakoa, baina %10 batek egiten du glutenik gabeko dieta. Hain zuzen ere, zeliakoak izan gabe glutena onartzen ez dute gaixotasun ugari du jendeak, hala nola, heste minberaren sindromea, Chron gaitza eta dermatitisa. Gainera, bada jendea gaixotasunik izan gabe ere, moda edo osasuna dela medio glutenik kontsumitzen ez duena. “Edonork irina lasai kontsumitzea nahi dugu, norberari nahiz ingurukoei kalte egingo dion kezkarik izan gabe, eta etorkizunean glutenarekin edo gabeko dieten artean diferentziarik ez egotea nahiko genuke”. Modu horretan, zeliakoen arazoak konpondu ez ezik, egungo biztanleriak dituen beste joera batzuk ere konpondu nahi dira, loditasuna edota diabetesa, esaterako.

Hori gutxi balitz, Bread Freeren sortzailearen arabera, eurek ondutako teknologiak elikagai industriako azpiproduktuak erabiltzen ditu ekonomia zirkularrean eraginez, eta adimen artifizialak efizientzia energetikoa bermatu, parametroen kontrola gauzatu eta kostu analitikoak murriztea ahalbidetuko du.

Ekoizpena handitzearen erronka

Behin garatutako teknologia balioztatuta, 2022tik produkzio-kostuak murriztu nahi dituzte. Tuteran laborategi eta ekipo teknologikoa muntatu dute, eta orain produkzio eskala handitzea dute xede. “Gaur tona bat irina fabrikatzeko produkzioa dugu balioztatuta, kanpo instalazioetan betiere”.

Ekoizten dihardute orain, eta lehen bezeroekin frogak egiten ari dira: “emaitzak oso positiboak izaten ari dira, eta orain irin kantitate handiagoak eskatzen hasi dira. 200 kilotatik, bat edo bi tonatarainokoak”. Hori dela eta, uztailaren amaieran fabrika zabalduko dute Tuteran, eta bertan egunean 100-200 kilo irin ekoitzi ahal izango dituzte, bezeroen eskariari erantzutea bermatuz, eta produktua jarraikortasunez merkaturatuz.

Uztailaren amaieran fabrika zabalduko dute Tuteran, eta bertan egunean 100-200 kilo irin ekoitzi ahal izango dituzte

Orain arte egindako probei esker, 50.000 euro fakturatzea espero dute aurten, baina Gómez-Bravoren arabera, epe motzean zifra horiek nabarmen handitzea espero dute. Dena den, industria sektoreko bezerorekin prozesua motela izango dela jakitun dira, hauek kopuru handiak eskatzen baitituztelako, eta 2024 hasieran irekiko duten bigarren fabrikak emango dien produkzio gaitasuna. Hura izan arte zaila izango dute kopuru handiko eskaerei erantzuna ematea. Hala, 2024rako, fabrika martxan dutelarik, hiru milioi euro fakturatzea espero dute.

Nazioartekotzea jomugan

Bread Freek hainbat eragile komertzialekin nazioartekotze akordioak osatu ditu Hego Amerikan nahiz Ekialde Ertainean: “gure helburua nazioartekotzea da, eta negozioa ahalik eta gehien hedatzea. Orain irekiko dugun fabrikaren produkzioak nolabaiteko maila erdi industrialean merkaturatzea ahalbidetuko digu, baina gerora produkzio gaitasuna handitu ahal izateko fabrikak mundu osoan zabaltzea izango da geure negozio eredua”. Edonola ere, joint-venturen bat osatzeko asmoz, munduko hainbat iringilerekin ere hasi dira negoziaketetan jada.

Bread Freek hainbat eragile komertzialekin nazioartekotze akordioak osatu ditu Hego Amerikan nahiz Ekialde Ertainean

“Potentzial handia dugula uste dugu, gari-irina zehatz bat erabiltzen baita produktu bakoitzeko, eta guk bezeroari indar, elastikotasun eta erresistentzia aldetik ezaugarri desberdineko irin katalogo zabal bat eskaintzeko gai izan nahi dugu”, nabarmendu du Gómez-Bravok. Era berean, zekale eta garagarrarekin ere lan egin nahi dute, baita euren arteko nahasketak probatu ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK