
Uxue Itoiz Mariñelarena (Iruñea, 1980) biologian lizentziatua da. Ekintzailetzan aritu da bere ibilbide profesionalean. Iruñeko Nasuvinsan aritu zen lanean, baita Nafarroako gobernuko Industria departamentuan ere. 2024ko azarotik CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntza Zentro Europarreko zuzendari kudeatzailea da. Foru gobernuko enpresa publiko honek 30 urte baino gehiago daramatza enpresa-sorkuntza bermatzen. Aurten StartUp Leaders formakuntza programa sustatu du, ekintzaileei enpresen kudeaketari buruzko ezagutza irakasteko asmoarekin.
Zeintzuk dira CEINen ohiko jarduerak?
46 enpresa ditugu kide, bi mintegietan banatuta: 42 Noainen eta beste lau Tuterako nekazaritza elikagaien berrikuntza haztegian. Aholkularitza eskaintzen diegu, sektorearen araberako programen bidez, zeinetan lidergoari buruzko funtsezko ezagutza jasotzen duten. Bestalde, digitalizazioan eta jasangarritasunean gaude murgilduta. Laster start-up bilakatuko diren enpresei ere azelerazio programak eskaintzen dizkiegu. Urtero, batez beste ehun enpresen prestakuntzaz arduratzen gara.
Hiru alor nagusietan banatzen ditugu gure eginkizunak: sorkuntza, non proiektu lehiakorrak eratzen diren; mintegiak, enpresen hazkunderako; eta sustapena.
Nola sortu zen Startup Leaders programa egiteko ideia?
Nafarroako enpresen sorkuntza eta finkapena Europako altuenetarikoa da. Horren erakusle da industriak foru erkidegoko enpresen %31a sortzen duela. Halaber, enpresak sortzeko batez besteko adina 41 urtekoa da.
Hala ere, start-upetan lidergoari buruzko formakuntza edo gaikuntza falta zela sumatu genuen, eta ekimena enpresa-trebetasun honekin hornitzeko helburuarekin eratu da. Beraz, programaren helburua da talentua gaitzea, hazteko fasean dauden start-upak eta proiektu berritzaileak sortzeko eta kudeatzeko.
"Start-up-etan lidergoari buruzko formakuntza edo gaikuntza falta zela sumatu genuen, eta ekimena enpresa-trebetasun honekin hornitzeko helburuarekin eratu da"
Nola gauzatuko dira ekintza horiek?
Formakuntza hainbat arlotan zatituko da. Bat akademikoa edo tradizionalagoa izango da, eta finantzetan, marketinean eta ekintzaileen bizipenen erakusketan oinarrituko da. Nahiz eta osagai praktikoak barne hartu, gehienbat izaera teorikoa edukiko du. Saio presentzial horietan ekintzailetza kontzeptuak irakatsiko dira, besteak beste, lidergoa, pertsonen kudeaketa start-upetan, teknologia, estrategia, marketin eta salmentak eta finantza-kudeaketa.
Beste arloa, aldiz, praktikoa izango da. Formakuntza exekutiboa deitzen da eta prestakuntza praktikoa da, start-up ekosistemako pertsona erreferenteek emana. Gainera, CEO Talks, deiturikoak daude, elkarrizketa informalak eta pribatuak erreferentziazko start-upetako zuzendari nagusiekin, eguneroko kudeaketaren errealitatea ezagutzeko. Azkenik, Visita Ecosistemas egitasmoa Bartzelonako start-upen ekosistemara egingo den bisita da, non ezagutu ahal izango ditugun proiektu arrakastatsuen sortzaileak.
Zein egutegi izango du egitasmoak?
Ekitaldiak beti ostegun arratsaldeetan izango dira, apirilak 10etik eta azaroak 20aren artean. Uztailean eta abuztuan atsedenaldia izango da. Ekintzen artean aipaturiko Bartzelonako Advanced Factory-ra egingo dugun bisita nabarmenduko nuke, non digitalizazioari eta beste hainbat faktoreei dagokienez etorkizuneko fabrikak nolakoak izango diren ikusiko ditugun.
Lehen edizioa pasa den urtean izan zen, data berberetan, eta arrakastatsua izan zen. Oso harrera ona jaso izan zuen. StartUp Leaders formakuntza programa aitzindaria da Europa mailan.
Programaren edukiak zeintzuk izango dira?
Honako gaiak jorratuko ditugu: ezagupen pertsonala (misioa eta helburua, lidergoa), kultura eta pertsonen zuzendaritza (enpresa-kultura, pertsonen kudeaketa startupetan, konpentsazio-planak eta pizgarriak), estrategia eta eragiketak (estrategia, teknologia, Adimen Artifiziala, eskalagarritasuna eta nazioartekotzea, salmentak eta produktua eta UX) eta finantzak (finantza-kudeaketa, finantzazio alternatiboa, fundraising eta term sheet-en negoziazioa, pricing-aren kudeaketa eta finantzazio publikoa).
"Lehen edizioa pasa den urtean izan zen, data berberetan, eta arrakastatsua izan zen"
Zein da hizlarien profila?
Asko start-upen zuzendaria edo sortzaileak dira. Estrategian eta eraldaketa digitalean adituak diren profil asko ere badaude. Urteetan zehar enpresekin sortu ditugun harremanei esker ehundutako kontaktu-sare baten bidez lortu dugu adituek programan parte hartzea.
Saioak parte-hartzaileen profilen arabera antolatzen dira. Hizlariek euren bizipen on eta txarrak kontatuko dituzte, ekintzaile berriek azken horiek errepika ez ditzaten. Hizlarien artean honakoak edukiko ditugu: Eva Rodríguez estrategia eta eraldaketa digitalean aditua; Eneritz Zubizarreta Globe Testing-en sortzailea, Joe Haslam IE enpresa eskolako irakaslea; David Bonilla softwarearen industrian hogei urte baino gehiago daramazkin ekintzailea; eta beste asko.
Eta parte-hartzaileena?
Gehienbat etorkizunean enpresagileak izan daitezkeenak dira, zer motatako enpresa sortu nahi duten aztertzen dabiltzanak. Programaren hartzaileak profesionalak dira, beren kargura ekintzailetzarako interesa eta lidergorako gaitasuna duten taldeak dituztenak, eta etorkizunean proiektu bat sortu edo zuzendu dezaketenak.
Programaren antolakuntza nolakoa izan da?
CEINeko langileak arduratu dira horretaz. Ekitaldia Next Generation Europar Funtsei esker finantzatu da; hain zuzen, Aragoin, Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian, Katalunian, Errioxan eta Nafarroan ezarri den laguntza ekonomikoa. Koordinaketa akademikoa Innobidek egin du. Erakunde publiko eta pribatuentzako barne-ekintzailetza programa eta proiektuen kudeaketan espezializatuta dago aholkularitza enpresa da.