Ziortza Llano: “Argi izan dut beti nire bizitza profesionalean zaldiekin arituko nintzela"

Llanok Tipi-Tapa sortu du, zaldiekin lagundutako hipoterapia zerbitzuak eskaintzen dituen zentroa, anistazun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko xedez

Llano, Tipi-Tapa zentroaren sortzailea | Argazkia: utzitakoa Llano, Tipi-Tapa zentroaren sortzailea | Argazkia: utzitakoa

Zaldiak animalia sozialak dira, oso sentiberak eta harkorrak, eta hitzik gabeko hizkuntza interpretatzeko gaitasun handia dute; horregatik, lotura berezi bat ezar dezakete pertsonekin. Animalia horiekin eta naturarekiko zaletasunagatik, Ziortza Llano zaldiekin lagundutako hipoterapia zerbitzuak eskaintzen hasi zen 2021ean. Nahiz eta proiektua orduan abian jarri, aurtengo BBK Ekin Saria irabazteak ahalbidetuko dio zentroaren oinarriak finkatu eta etorkizuneko pausoak ezarri ahal izatea.

Zein izan da zure ibilbide profesionala orain gutxira arte?

2019. urtean fisioterapia gradua bukatu bezain laster, adinekoen egoitza batean hasi nintzen lanean, eta urtebetez izan nintzen bertan. 2020ko azaroan, hipoterapia zerbitzua eskaintzen hasi nintzen Bizkaiko hipikako talde batean, baina 2021eko irailean erabaki nuen zerbitzuok nire kabuz eskaintzea. Une horretatik aurrera, nire enpresan, Gordexolan, aritu naiz lanean.

Nondik dator Tipi-Tapa proiektuaren ideia?

Tipi-Tapa sortzeko ideia dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko dudan interesetik sortu da. Zaldiekiko, naturarekiko eta ekintzailetzaren aldeko daukadan zaletasunak ere eragin du. Gainera, landa inguruak gero eta biztanle gutxiago ditu, eta emakume gazteentzako proposamen berritzaile eta aukera profesional gutxi daude; horregatik, eremu horiek biziberritzeko beharra ikusi nuen.

"Tipi-Tapa sortzeko ideia dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko dudan interesetik sortu da. Zaldiekiko, naturarekiko eta ekintzailetzaren aldeko daukadan zaletasunak ere eragin du"

Zergatik zaldiak?

Zaldiak animalia zoragarriak dira, oso sentiberak eta maitagarriak. Zaldiekin nagoenean, bakean sentitzen naiz. Horrez gain, txikitatik izan dut harremana zaldiekin, nire gurasoekin partekatu dudan zaletasuna da. Egia esanda, argi izan dut beti nire bizitza profesionalean zaldiekin arituko nintzela. Gainera, proiektu honi Tipi-Tapa izena jartzea erabaki nuen, txikitatik nirekin bizi izan zen zaldiaren izena zelako.

Beraz, Zaldiekin Lagundutako Terapian bakarrik egiten duzue lan.

Bai, Tipi-Tapa Zaldiekin Lagundutako Terapia zentroa da. Gordexolako Errotaiega auzoan dago, eta helburua aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea da. Zaldiekin Lagundutako Terapian soilik zentratzen den zentro bakarra da gurea Bizkaian, eta Espainia mailan bakarrenetakoa. Paziente bakoitzari arreta pertsonalizatua ematen diogu; gainera, ingurune natural pribilegiatu batean gaudenez, Tipi-Tapa familientzako lasaitasun eta atseden gunea da.

"Zaldiekin Lagundutako Terapian soilik zentratzen den zentro bakarra da gurea Bizkaian, eta Espainia mailan bakarrenetakoa"

Zenbat denbora pasa da ideia izan zenuenetik hura abiatu arte?

Betidanik zaldiekin lan egiteko ametsa izan dut. Batxilergoan, gure etorkizunari buruzko lana egin behar izan genuenean, erabaki nuen Zaldiekin Lagundutako Terapia zentroa sortuko nuela Gordexolan, eta horretarako, fisioterapia gradua ikasiko nuela. Ametsa ideia sendoa bihurtu zen hipikako talde horretan lan egiteko aukera izan nuenean. Horrela, 2021ean Tipi-Tapa proiektua abian jartzea erabaki nuen eta izapideeekin hasi nintzen.

IP BORX9999 20230420195(1)
"Halako zentro bat abian jartzeak lorpen profesionala dakar, batez ere, terapia jasotzen duten pazienteek eta familiek erakusten duten gogobetetasunagatik" | Argazkia: Utzitakoa

Nola ailegatzen zara BBK Ekinera?

BBK Ekinen eskaintza bere webgunean ikusi nuen, baina nire proiektua oinarriekin bat ote zetorren zalantzak nituen. BBK Ekineko taldearekin hitz egin nuenean, parte hartzera animatu ninduten. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet, esperientzia oso aberasgarria izan da eta.

Zer garatu duzu azkeneko hilabeteetan?

Azkeneko hilabeteetan, BBK Ekinen parte hartzeak proiektuaren oinarriak finkatzen eta emango ditugun hurrengo pausoak zehazten lagundu gaitu. Gainera, nire mentorearearekin, Olatz Camposekin, izan dudan harremana oso aberasgarria izan da, eta bere laguntza funtsezkoa izan da. Ziur nago, era batera edo bestera, Tipi-Taparen parte izango dela beti.

"Epe laburrean, nire helburua da diziplinarteko lan taldea sortzea da, pertsona eta familia gehiagori gure zerbitzuak eskaini ahal izateko"

Eta orain, zer?

Orain arte egin dugun moduan, lanean jarraituko dugu. Epe laburrean, nire helburua da diziplinarteko lan taldea sortzea da, pertsona eta familia gehiagori gure zerbitzuak eskaini ahal izateko. Horrez gain, paziente elkarteekin, ikastetxeekin eta erakunde publikoekin akordioak gauzatu nahi ditugu, gure zerbitzua pertsona guztien eskura jartzeko, haien maila sozioekonomikoa edozein dela eta.

Nolakoa izaten ari da zuretzat ekitea?

Egia da, ekintzailetza prozesua burutzea, emakumea eta gaztea izanda, zaila dela, baina lanarekin, ardurarekin eta ahalegin handiarekin posiblea dela oztopo guztiak gainditzea. Bidean zailtasun asko izan ditut, hala nola ingurukoen artean proiektuan konfiantza sortzea, edo proiektua aurrera eraman ahal izateko finantzaketa nahikoa aurkitzea, ahaztu barik izapide administratibo guztiak egiteko zailtasunak. Zailtasunez harago, uste dut ekintzailetza prozesuak merezi duela: nire kasuan, adibidez, arlo pertsonalean nire ametsa lortu dudalako eta, gainera, horrelako zentro bat abian jartzeak ekartzen duen lorpen profesionalengatik, batez ere, terapia jasotzen duten pazienteek eta familiek erakusten duten gogobetetasunagatik.

"Ekintzailetza prozesua burutzea, emakumea eta gaztea izanda, zaila dela, baina lanarekin, ardurarekin eta ahalegin handiarekin posiblea da oztopo guztiak gainditzea"

Zer suposatu du zuretzat irabazteak?

Lehen saria lortu izana orain arte egindako lan eta bide guztiaren aitorpen esanguratsua da. Gainera, zaldiekin lagundutako terapia ikusarazteko balio du, baita gure proiektua ere. Aprobetxatu nahi dut BBK Ekineko taldeari eskerrak emateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK