‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako 18 proiektu ekintzaile finalistak aurkeztuko dituzte Gasteizen

Finalistek Gasteizko Europa Jauregian beren proiektuen berri emango dute publikoaren eta epaimahaiaren aurrean

Araba Ekinean ekimenak 20 urte bete ditu ekintzaileen aldeko jardunean | Argazkia: Gasteizko Udala Araba Ekinean ekimenak 20 urte bete ditu ekintzaileen aldeko jardunean | Argazkia: Gasteizko Udala

Araba Ekinean egitasmoaren ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren XIX. edizioko proiektu finalistak aurkeztuko dira gaur Gasteizko Europa Jauregian. Arabako herritarren edo Araban garatzeko negozio-ideien 49 proposamen jaso dituzte guztira. Epea itxi ostean, Arabako ekintzailetza ekosistemako eragile nagusiek eta erakunde babesleek osatutako epaimahaiak 18 proiektu finalista hautatu ditu, eta horietako sei izango dira sari nagusiak irabazteko hautagaiak. Irabazleen artean egoteko, proiektuen arduradunek euren lanak aurkeztu beharko dituzte bost minutuan, ekitaldi ireki batean.

Ekitaldia 18:30etan izango da Gasteizko Europa Jauregian eta oraindik aukera dago izena emateko Araba Ekineanen web atarian. Lehenik, ekimenaren sustatzaileak diren erakundeek agur instituzionala egingo dute: Gasteizko udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bitartez, eta Vital Fundazioak. Finalistei beren babesa adieraziko diete eta lurraldea sustatzeko eta eraldaketa gidatzeko pertsona ekintzaileek duten garrantzia nabarmenduko dute. Hain zuzen ere, 20 urte daramatza Araba Ekinean egitasmoak zeregin hori sustatzen.

Ekin Eguna maiatzaren 4ean

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren egun nagusia, Ekin Eguna, maiatzaren 4ean izango da. Egun horretan izendatuko dira lehiaketako irabazleak eta Europa Jauregian egingo da sari banaketa ekitaldia. ‘Ekin Araban’ saria emango zaio talentu berri bati, eta ‘Ekintzaile Handia’ saria banatuko zaio Arabako enpresa arloko pertsona nabarmen bati, lurraldean egin duen ibilbidea aitortzeko.

Sari banaketaz gainera, sektore berrien, lan egiteko modu berrien, eta teknologia berrien erakusgarri diren Arabako enpresetako ordezkariek ikuspegiak trukatuko dituzte, eta gizarteak behar dituen eraldaketak bultzatzeko ekintzailetza funtsezko elementua dela erakutsiko dute. Hala, ‘Ibilbidea da etorkizuna’ izenburupean, Arabako ekintzailetza arloko bi eragile adierazgarrik, Juan Luis Cañasek (Cañas Upategiak) eta Maitane Lopez de Forondak (PlayerOn start-up teknologikoko kidea) euren esperientzia partekatu eta Arabako lurraldeari atxikitako talentu ekintzailearekin lotutako hainbat ikuspegiren berri emango dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK