1.559 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Kursaalek bere ibilbide osoan zehar

Hamar milioi pertsona baino gehiago pasa dira bertatik, eta 11,3 milioi euro inbertitu ditu jauregiak espazioak eta zerbitzuak hobetzeko

Eider Mendoza eta Eneko Goia Kursaaleko ordezkariekin batera | Argazkia: Kursaal Eider Mendoza eta Eneko Goia Kursaaleko ordezkariekin batera | Argazkia: Kursaal

Hogeita bost urte bete ditu Donostiako Gros auzoan kokatuta dagoen Kursaal jauregiak. Mende laurdeneko ibilbide honetan, Euskal Herriko eta nazioarteko kongresu eta topaketa gune nagusietako bat izan da, Donostian eta Gipuzkoan ezinbesteko rola jokatuz. Halaber, hamar milioi pertsona baino gehiago pasa dira bertatik, 6.700 ekitalditan, eta okupazio tasa %78koa izan da. Era berean, 1.559 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du BPGean. 

Kursaalek ohar bidez azaldu duenez, oro har, 3.686 bilera egin dira (kongresuak, biltzarrak, jardunaldiak, azokak, etab.), eta 3.014 ikuskizun izan dira guztira. Lehenengoetatik, 608 kongresuak eta konbentzioak dira, eta datu nabarmena da kongresu horien %28 nazioartekoak direla. Alorrari dagokionez, %42 sektore sanitario eta zientifiko-teknologikoari dagokio. Tamainaren kasuan, kongresuen %41ek 400 ordezkari baino gehiago izan dituzte, eta %61 hiru egunez edo gehiagoz luzatu dira.

Bestalde, pasa den jende guztiaren gehiengoak eraikinaren balorazio positiboa egin du, 8,86ko batez besteko kalifikazioa emanez. Hamar pertsonatik zortzik Kursaaleko ekitaldiren batean parte hartu dute, eta inkestatuen %88k positiboki baloratzen dute jauregiaren jarduera. Nazioarteko erakundeen partetik ere hainbat aitortza jaso ditu jauregiak, besteak beste, Kalitate Osoko eta Bikaintasuneko UNE EN ISO 9001:2000 ziurtagiria lortu zuen lehen auditorioa eta kongresu-jauregia izan da Espainiar estatuan.

Datu ekonomikoetara bueltatuz, 7,7 milioi eurotik gorako EBITDA lortu du urte guzti hauetan, eta horrela Kursaalek bere jarduera autofinantzatzea lortu du, ohiko funtzionamendurako ekarpen publikoen beharrik gabe.

Orain arte 11,3 milioi euro inbertitu dira espazioak eta zerbitzuak hobetzeko, hiriko eta lurraldeko kultura-erreferente bihurtuta. Auditorioan, Ganbera Aretoan eta Kursaal eraikineko beste espazio batzuetan 3.014 kultura-ekitaldi, kontzertu, emanaldi eta ikuskizun egin dira guztira, eta zazpi milioi pertsona baino gehiago bertaratu dira.

Nabarmentzeko mugarrien artean daude, esaterako Mies van de Rohe 2001 saria, eraikinari eta Rafael Moneori Europako Eraikin Onenaren saria eman ziona. Urte horretan bertan, Familia eta Komunitate Medikuntzako Kongresua egin zen Kursaalen, eta 5.000 ordezkari baino gehiago bildu ziren, garrantzi handiko ekitaldiak antolatzeko gaitasuna nabarmenduz.

Azkenik, Kursaalek gogorarazi duenez, jauregiaren etorkizuna funtsezko zutabea da Gipuzkoaren garapen ekonomikoan eta eraldaketa sozialean. Ibilbide sendoarekin, Kursaalek funtsezko motor ekonomiko izaten jarraituko du, lurraldean inpaktu positiboa sortuz, tokiko ekonomia dinamizatzen duten bertako eta nazioarteko ekitaldiak erakarriz. Ardatz estrategikoen artean, jasangarritasuna eta digitalizazioa bultzatzen jarraituko dute, eta nazioarteko negozioa erakartzea da erakundeak datozen urteetarako duen asmo handietako bat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK