Urte amaitzera doan honetan, EnpresaBIDEAko irakurleen artean interes handiena piztu duten gaien bilduma osatu dugu. 2022an, sortu ginenetik igaro diren zortzi hilabeteotan, gaurkotasun ekonomikoko gai potoloenek izan duten bilakaera ikusiko dugu errepaso batean.
1. Pirinioetako okupak
Pirinioetan uda igarotzen dutenen inguruko iritzi artikulua izan da EnpresaBIDEAn 2022an gehien irakurri den titularra. Ainhoa Elizalde gure kolaboratzaileak urteko sasoi horretan Piriniora bisita luzea egitera doazen “okupekin” bizitzen duten egoeraren berri eman nahi izan zuen sasoia amaitu berritan, bertakoak “ijito-nomaden” tankeran ibiltzen direla argudiatuz.
2. Ba al dakigu nomina irakurtzen?
Euskal Herriko langileen gehiengo handi batek kontratupean egiten du lan. Hilero enpresak nomina eman eta ordaindu egiten die. Nomina ordainsaria eta enpresarekiko lan harremanaren lege euskarria da eta bertan hainbat eta hainbat kontzeptu biltzen dira, askotan ulertzeko zailak. “Langileek badakite euren soldata gordina zein den, baina gero ez dute ulertzen zer kentzen dieten. Enpresek langile bakoitzagatik Gizarte Segurantzan ordaintzen dutena ere ez dakite". Arkaitz Urdapilleta Irazu ekonomialaria eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Batzordeko kideak esandako hitzak dira. Eta hala dela dirudi, EnpresaBIDEAko irakurle askori interesatu zaizuen artikulua izan baita nomina irakurtzen laguntzeko Niko Cuenca analista ekonomikoak eta EnpresaBIDEAko koordinatzaileak prestatua.
3. Etxeko legea
“Ekonomiak etxearekin du zerikusia, hau da, gure bizimoduarekin. Nola antolatzen garen esaten digu ekonomiak, bai herri modura eta baita norbanakotik hasita ere”. Gisa horretan hitz egiten zuen ekonomiaz, gure gai nagusiaz, Pilar Kaltzada gure kazetari eta komunikazio-aholkulariak EnpresaBIDEA sortu zen egun berean argitaratu genuen lehen iritzi artikuluan. Gure hastapenetan, sortu berri genuen proiektuaren inguruko gogoeta horixe izan da irakurleok gehien irakurri duzuen edukietako bat.
4. Subiranotasun energetikoa berreskuratzeko bidean
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Goiener, eta energia berriztagarriak sortu eta merkaturatzeaz arduratzen da. Euskal kooperatiba eta energia uztartu zituen Joanes Marquetek abuztuan argitaratu genuen artikulu honetan. 2022ko laugarren erreportaje irakurrienak argi utzi du EnpresaBIDEAko irakurleoi aurtengo gai nagusienetako bi interesatzen zaizkizuela: energia eta euskal kooperatibismoa.
5. Zenon Vazquez Irizar: “Lortu behar dugu Elkargi izatea enpresen ‘hub’ finantzario bat”
Erreportaje eta iritziez gain, urtean zehar Hitz Bitan gure atalerako egindako elkarrizketetako bat dago irakurrienen bosgarren postuan, Zenon Vazquez Irizar Elkargiko zuzendariari eginiko elkarrizketa, hain zuzen ere. Abalak eskaintzetik enpresen bidelagun finantzario izatera igaro nahi du Elkargi elkarrekiko berme sozietateak. Horretan lanean daramatzate zenbait urte, besteak beste aholkularitza finantzarioa eskainiz, eta finantzaketa alternatiboko tresnak garatuz. Miramongo egoitzan jaso zuen azaro erdialdera Zenon Vazquez Irizar Elkargiko zuzendari nagusiak EnpresaBIDEA, luze eta zabal hitz egiteko. Elkargiren rol berriaz gain, hori garatzeko topaturiko erronkak, kultura finantzarioan eman beharreko pausoak, eta enpresen errotzea izan ziren elkarrizketan hizpide. Maite Reizabal EnpresaBIDEAko erredakzio buruak eta Niko Cuenca analista ekonomikoak eta EnpresaBIDEAko koordinatzaileak eginiko lana.
6. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan… Arabako enpresetan
“Euskara, jalgi hadi plazara” abestu ohi zuen Xabier Letek, Bernart Etxepareren hitzei musika jarrita. Plazara irteteko baino, euskara euren enpresetan txertatzeko urteak zeramatzaten lanean Arabako zenbait konpainiek. “Baina bakoitza bere aldetik ari zen. Pentsatu genuen egokia izan zitekeela talde bat antolatzea, enpresa horiek elkarren berri izateko”. Halaxe dio Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkarteko arduradunak eta, hain zuzen ere, horretarako jaio zen Arabako Enpresen Foroa, 2020an. Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan. Egun, 18 bat enpresek hartzen dute parte foroan, industriari eta merkataritzari lotutakoak, baita enpresaburuen elkarteak ere. Maite Reizabalen lana dago seigarren irakurrienaren baitan.
7. Nafar Pirinioetako garagardo artisaua
Dirudienez, Nafar Pirinioetako gaiek interes berezia piztu dute 2022 honetan EnpresaBIDEAko irakurleon artean. Kasu honetan, Xorta garagardo artisauari buruzko erreportajea egin zuen Joanes Marquetek, Ainhoa Elizalde bazkideetako baten adierazpenetan oinarrituta. Elizaldek azaldu bezala, Erronkariko euskaran trago esan nahi du xorta hitzak. Edariaren xorta bakoitza disfrutatzeko asmoz sortu zuten proiektua Burgiko (Nafarroako) bi gaztek duela sei bat urte. Egun, berriz, bost dira enpresako bazkideak; lehenengo bien lekukoa hartu zuten 2021eko otsailean, eta harrezkeroztik, Pirinioetako bailaran garagardo artisaua ekoizten dihardute.
8. Jon Hoyos: "Nik ez nuke esango proiektu ekintzailea eta 'start-up' baliokideak direnik"
Zenbat diru behar du nire proiektuak? Noiz da errentagarria? Zer datu behar ditut eta nola aurkeztu? Enpresa sortu berri guztiek aurre egin ohi diote, goiz edo berandu, etorkizuneko finantza-proiekzioak egiteko beharrari. Zeregin horri askotan aurre egin behar zaio, finantza-arloan aldez aurretik prestakuntzarik izan gabe. Apirilean kaleratu den ‘Plan financiero para start-ups’ liburua hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu da. Erraza baina aldi berean zorrotza den urratsen metodologia praktikoa proposatzen du, adibide eta kasu ugariren bidez osatuta, eta azaleratzen ari diren enpresen errealitatera egokitzen saiatzen delarik. Liburuaren egile da Jon Hoyos Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea. Eta galdera horietako batzuk erantzunez osatutako elkarrizketa da honakoa, Karolina Sainz de Bikuña EnpresaBIDEAko harreman eta alor komertzialen arduradunaren lana.
9. Bertsoaren industria
Lau beharrean, bost urtez egon behar izan du zain oraingoan Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Finalari begira eta Bertsozale Elkartearekin harremanetan, halako ekitaldi handiaren atzean dauden nondik norakoak aztertu zituen Iraia Oteiza EnpresaBIDEAko kazetariak. “13.000 pertsonentzako lekua duen ekitaldia prestatzeak 400 pertsona ingururen lana” behar izan zuela jakin genuen orduan, bai eta 630.000 euroko aurrekontua izan duela aurtengo txapelketak ere.
10. Hiztegi terminologiko berria aurkeztu du Ekonomisten Euskal Elkargoak
Zer egin ekonomiari lotutako terminologia egokia zein den ez dakigunean? Arazo horri konponbidea eman nahian Kontabilitate eta Auditoretza Hiztegi Terminologikoa garatu du Ekonomisten Elkargoak, “ezinbestekoa delako terminologia bateratua eta adostua izatea”. Niko Cuencak egindako erreportajean irakur daitekeenez, oraindik bukatu gabe dagoen arren, jada 1.132 sarrera ditu hiztegiak eta etengabe berritu daiteke termino berriak sartuz.