• EKONOMIA
  • Gipuzkoako errenta kanpaina: 75,4 milioi euroko saldo positiboa zergadunentzat

Gipuzkoako errenta kanpaina: 75,4 milioi euroko saldo positiboa zergadunentzat

Aurreikuspenen arabera 388,3 milioi euro itzuliko eta 312,9 milioi ingresatuko dira

Orotara 422.000 aitorpen jasotzea espero da | Argazkia: iStock
Orotara 422.000 aitorpen jasotzea espero da | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 2a
Eg. 2025eko apirilaren 2a

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko errenta kanpainari buruzko lehen aurreikuspenak zein diren aurkeztu ditu. Esperotakoaren arabera, 388,3 milioi itzuliko dira eta 312,9 milioi ingresatu; hau da, zergadunen alde 75,4 milioi euroko saldo positiboa izango du kanpainak.

 

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak eman dituzte datuak, eta azaldu dutenez, orotara 422.000 aitorpen jasoko dira aurten, iaz baino 9.145 gehiago. Horietatik 304.000 itzultzekoak izango lirateke, edo zero emaitzakoak, eta gainerako 118.000 aitorpenak, aldiz, ingresatzekoak.

Bestalde, guztira 285.595 autolikidazio proposamen bidali ziren (iaz baino 9.695 gehiago), eta horietatik 46.094 onartu ziren kanpainaren lehen bi egunetan. Zergadunen gehiengoak (%82,8) internet bidez onartu zuen proposamena; %13,6k telefono deiez egin zuen tramitea, eta %3,7k Errenta+ aplikazio berriaren bitartez.

 

Aplikazioak izan duen harrerarekiko baikor agertu da Agirre, datuak positibotzat jo baititu: “aste bakarrean 7.401 pertsonek deskargatu dute aplikazioa eta 1.695 proposamen onartu dira kanal honen bitartez”, esan du.

Kanpaina berriko neurri berriek izandako eraginaren gaineko datuak ere eman dituzte. Agirrek zehaztu du arau horiek 56 milioi euroko eragina izango dutela zergadunen alde: familiak babesteko hartutako neurriek 45 milioi euroko eragina izango dute, %2,5eko deflaktazioaren eta 200 euroko kenkariaren (35.000 eurotik beherako errententzako) ondorioz; horrez gain, autonomoentzako arau berriek 11 milioi euroko eragina izango duela aurreikusi dute.