
Pisos.com etxeak argitaratu berri du alokairuzko etxebizitzen urte osoko batez besteko prezioei buruzko txostena, eta Hego Euskal Herriko datuak ondorengoak dira.
Orokorrean, 2024an EAEn gora egin zuten prezioek, eta Nafarroan, aldiz, behera. 2024ko azken hiruhilekoan prezioak %3,76 handitu ziren EAEn, eta %2,83 txikitu Nafarroan, aurreko hiruhilekoaren aldean. Antzekoa gertatu zen bigarren seihilekoan, datuei erreparatuta ikus baitaiteke lehenengo seihilekoaren aldean %7,49 hazi zirela prezioak EAEn eta %10,0 jaitsi Nafarroan.
2024ko urte osoari dagokionez, 2023aren aldean %7,6 garestiagoak izan ziren alokairuzko etxebizitzak EAEn, eta, kontrara, %10,73 merkeagoak Nafarroan. 2024ko abenduan, ordea, aurreko hilabetearen aldean prezioek gora egin zuten Hego Euskal Herri osoan: %2,62 Nafarroan eta %1,85 EAEn. Hala, metro karratuko batez beste 10,48 euro ordaindu ziren EAEn, eta ia erdia, 5,49 euro, Nafarroan.
Lurraldeka, prezioen garestitze azpimarragarriena Bizkaikoa izan da, %15,47koa izan baita; Araban eta Gipuzkoan igoera apalagoa izan da %2,49koa eta %0,69koa hurrenez hurren.