2024. urtean, EAEko 329 enpresek eta 582 gaztek eskuratu dituzte nazioartekotze laguntza eta bekak. 19,3 milioi inbertitu dira horretarako, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak SPRI Taldean integratutako Euskadiko Nazioarteko Agentziaren bidez. Zehazki, 9,1 milioi euro erabili dira enpresentzako atzerriratzeko bost laguntzetan; gainerako 10,1 milioi euroak gazteentzako nazioartekotzerako bi beketara bideratu dira.
Enpresei eskainitako bost programak hauek izan dira: ‘Sakondu’ (117 proiektu, 1,2 milioi euro), ‘Zabaldu’ (I251 proiektu, 3 milioi euro), ‘Elkartu’ (14 proiektu, milioi eta erdi euro), ‘Pilotu’ (5 proiektu, 180.000 euro) eta ‘Nazioarteko Gauzatu’ (zazpi konpainia, 4 milioi euro).
Gazteentzako nazioartekotze bekak 'Global Training' eta 'Beint' izan dira. 'Global Training'-ek talentua sortzea du helburu, eta Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, esperientziak aukera ematen die gazteei “garapen profesionalerako beharrezko ezagutzak eta trebeziak eskuratzeko”. Orotara 500 gaztek eskuratu dute laguntza hori, eta 6,4 milioi euroko inbertsioa egin da. Bestalde, 'Beint' bekak aukera ematen du “bi urteko denboraldian atzerriko merkataritzan espezializatzeko”. 2024. urtean 82 gazteri eman zaie beka, 3,7 milioi euroko inbertsioa eginda.