2025ean langabezia-tasa %6,8ra jaitsiko dela uste du Jaurlaritzak

Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak 2025eko aurrekontu gidalerro nagusiak aurkeztu ditu eta "errealismoz" jokatu beharko dela ohartarazi du

 Ogasun eta Finantzetako sailburua, Noël d 'Anjou Olaizola | Argazkia: Europa Press Ogasun eta Finantzetako sailburua, Noël d 'Anjou Olaizola | Argazkia: Europa Press

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartu ditu, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileran, 2025eko aurrekontuko gidalerroak. Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak jakinarazi duenez, urriaren amaieran onartuko da horren proiektua. Euskal ekonomiaren hazkunde-aurreikuspena %1,9an mantentzen da 2024rako eta % 2,1ean 2025erako. Lan-merkatuari dagokionez, Jaurlaritzak uste du datorren urtean 16.000 enplegu inguru sortuko direla eta langabezia-tasa % 6,8ra jaitsiko dela.

Anjouk ohartarazi du egungo ziurgabetasun ekonomiko globalaren eta egonkortasun araudi berrien testuinguruan "ausardiaz" eta "errealismoz" jokatu beharko dela. Gaineratu duenez, jokabide horrek "koherentea" izan beharko du EAEren "finantza-kaudimenarekin"; izan ere, gogorarazi duenez, kaudimen-adierazleak "Estatukoak baino handiagoak" dira.

2025eko kontuak honako ardatz hauen inguruan oinarrituko dira: erronka demografikoa; hazkunde ekonomikoa eta ongizatea; eraldaketa energetikoa, klima-aldaketaren aurkako borroka eta ingurumenaren babesa; bizikidetza eredu sendo eta justua; eta autogobernua.

Osasunak, berebiziko garrantzia

Osasuna izango da 2025eko kontu publikoen "protagonista nagusia". Sailburuak adierazi duenez, osasun publikoa eta unibertsala bermatzea izango dute helburu, eta haurren eta nerabeen osasunean inbertsioa bultzatuko dute. Halaber, lehen mailako arreta indartuko da, eta instalazioak eta ekipamenduak modernizatzen jarraituko dute.

Etxebizitzari dagokionez, arreta berezia eskainiko zaie baliabide gutxi dituzten gazteei eta adinekoei. Era berean, hezkuntza ereduak lanbide-heziketa munduko erreferente gisa finkatzeko apustuari eutsiko dio, eta unibertsitate eta zientzia-sistema bultzatuko da, "puntako eta abangoardiako" eredua izan dadin.

Segurtasunaren arloan, Ertzaintzaren egitura hobetu eta modernizatuko da. Gizarte eta kultura arloan, euskara "herri mailako lehentasuna" izaten jarraituko duela nabarmendu du Jaurlaritzak.

Euskal industria babestea

Enpleguaren kasuan, talentua fidelizatzea eta erakartzea sustatuko dela azaldu du Anjouk, eta euskal industria babestuko dela, "aurrerapena, hazkundea eta sustraitzea bermatuko duen lehiakortasun iraunkorra" lor dezan. Era berean, I+G+Bren aldeko apustua egingo da, gutxienez urtean %6ko inbertsioa eginez.

2025eko aurrekontuak ere lehen sektorea indartuko du eta turismoari "hazkunderako eta enplegurako motor" bihurtzen lagunduko dioten neurriak sustatuko ditu, "ingurumena eta tokiko komunitateak errespetatuz". Gainera, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra, ekonomia zirkularra eta hiri-garapen iraunkorreko eredu berria bultzatzen jarraituko dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK