Gipuzkoako Ganberak datorren urterako aurreikuspenak azaldu ditu: enpresen salmenta maila mantenduko da, eta egonkortasuna izango da enpleguan eta inbertsioan. Gipuzkoako 400 enpresa eta erakundek parte hartzen duten Koiuntura Ekonomikoaren txostenean eman dira azalpen horiek. Zehazki, salmenta maila mantenduko dela uste dute hamar enpresetatik zortzik, eta murriztu egingo dela diote enpresen %17ak.
Zerbitzuen sektoreak datu positiboak izan ditu, establezimenduen %89k 2025. urteari begira fakturazioa handituko duela uste baitu. Industriaren sektorean, aldiz, berdintasunaren alde egin dute. Enpresen %31k negozio-zifraren bilakaera positiboa aurreikusten du, eta, aldiz, %21ak okerrera egingo duelakoan dago.
Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiaren ustez, industria sektore jakin batzuk mendekotasun handiagoa daukate Europako merkatuarekiko eta, horregatik, “gainerakoak baino gehiago sufritzen ari dira”. Esportazioen esparrua aztertzen bada, inkesta egin duten enpresen %84ak baieztatzen du nazioarteko salmentak mantendu, baita handitzeko helburua dutela ere; aitzitik, %16k murrizketa aurreikusten du.
Enplegua, inbertsioa eta kezka nagusiak
Enpleguari dagokionez, hamar enpresetatik bederatzik baieztatu dute langile plantilla mantendu edo handituko dutela. Hala, inkestatuen %18k dio plantilla handituko duela, %72k mantendu egingo duela, eta %10k txikitu. Langileak murriztuko direla uste dutenen kasuetan, sektore nabarmenenak izan dira eraikuntza (%5) eta merkataritzarenak (%14).
Bestalde, inbertsioari dagokionez, inbertsio maila handituko dutela uste dute inkestatutako enpresen %27k. Gehiengoak, %58k, inbertsio maila mantenduko du, eta, kontrara, %15k txikitu.
Enpresen kezka nagusiak dira lan-kostuak eta errentagarritasun marjinak. Izan ere, hala adierazi dute inkestatutakoen %70 eta %62k, hurrenez hurren. Eskaeraren ahultasunak kezka berezia sortzen du industriaren sektorean (%65); langile kualifikatuen eskasiak kezkatzen du, ordea, eraikuntzaren sektorea (%72).