220 parte hartzaile bilduko ditu gaurtik aurrera BECen AFE-APCE Kongresuak

Atzo hasi bazen ere, gaur izango du irekiera ofiziala. Larunbatera bitartean, kongresu eta ferien inpaktua izango dute eztabaidagai

AFE-APCE Kongresuaren inaugurazio ekitaldia 2022an, Malagan | Argazkia: APCE AFE-APCE Kongresuaren inaugurazio ekitaldia 2022an, Malagan | Argazkia: APCE

Gaur hasiko da, ofizialki, BECen AFE Espainiako Azoken Elkarteak eta APCE Espainiako Bitzar-Jauregien Elkarteak antolatu duten AFE-APCE Kongresuaren bigarren edizioa. Eraldatzen duten legatuak; kongresuak eta azokak: inpaktua ekitalditik harago lelopean, kongresu eta ferien inpaktua izango dute hizpide bertan batuko diren 220 parte hartzaileek.

Xabier Basañez AFEko presidente eta BECeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "Kongresuaren bigarren edizioan, Espainiako azoka eta kongresu sektoreko profesionalak gurean egotea plazera da. Partaidetza aurreikuspenak gainditu ditugu, eta horrek agerian utzi du elkarrekin antolatzeko erabakia egokia izan dela".

APCEko presidente eta Valentziako Kongresu Jauregiko zuzendari gerente Sylvia Andres ildo berean mintzatu da, eta ekitaldia jarri du balioan: "AFEren eta APCEren II. Kongresu bateratua aukera paregabea da gure sektorearen egungo erronkei aurre egiteko eta aurrera jarraitzeko aukera emango dute". Halaber, gaineratu du ideia berritzaileak sustatzeko, estrategiak indartzeko eta erakundeen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatuko duten sinergiak sortzeko aukera aproposa dela.

Edukiz betetako programa

220 parte hartzailek eman dute izena, lehenengo edizioan baino 40 pertsona gehiagok. Gaurtik hasita eta uztailaren 6ra bitartean, egitarau mardula prestatu dute gustu guztientzat. Kongresuak MICE (ingelesezko siglak, meetings, incentives, conferences and exhibitions) sektorearen posizionamendua landu eta sinergia bultzatzea bilatzen du.

Horretarako, topaketan hainbat ponentzia eta mahai-inguru antolatu dira, eta bertaratutakoei aukera emango die esperientziak trukatzeko, sektorearen garapena sustatzeko ildo estrategikoak eta ekintzak diseinatzeko, eta negozioak eskaintzen dituen zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea optimizatzeko. 

Horrez gain, networkingerako, negozio sorkuntzarako eta lankidetzarako espazioak ere daude programan. Egitaraua atzo hasi zen, San Mamesera bisita gidatu bat eginda. Gaur, osteguna, kongresuaren afari ofiziala egingo da Guggenheim museoan, eta ostiralean eta larunbatean beste ekintza batzuk egingo dituzte, bertaratutakoek Bilbo ezagutu eta gozatzeko. Kongresuaren afari ofizialaren esparruan, AFE eta APCE sariak banatuko dira. 

Hizlariei dagokionez, sektoreko punta-puntako adituak izango dira BECen, besteak beste: Jose Domingo, Espainiako Erradiologia Medikoko Elkarteko (SERAM) zuzendaria; Raul Quevedo, Espainiako Urologia Elkarteko gerentea; edo Blanca Leon, Zuzendaritzaren Aurrerabiderako Elkarteko Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendaria.

Informazio gehiago
Kongresu eta ferien inpaktua izango dute hizpide BECen uztailaren 3tik 6ra
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK