%23,3 handitu ditu irabaziak Laboral Kutxak

274 milioi euroko mozkin garbia izan du 2024an. Berankortasun tasa 14 puntu murriztu du, %2,46an kokatuta

Laboral Kutxaren egoitza | Argazkia: Laboral Kutxa Laboral Kutxaren egoitza | Argazkia: Laboral Kutxa

2024an 274 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu Laboral Kutxak, iaz baino %23,3 gehiago. Banku negozioan izandako emaitza onak eragin du irabazien areagotzea, interes-tasen marjinak, kreditu-zorroaren ekarpenak eta altxortegiaren handizkako jarduerak, batik bat. Zehazki, negozio honen emaitza 642 milioi eurokoa izan da, 2023an baino %14,9 handiagoa.

Halaber, zerbitzu komisioen sarrera garbiak %4,6 handitu ditu kooperatibak, 137,2 milioira iritsiz. Marjin gordinak, aldiz, %25,7 egin du gora (753,5 milioi euro). Gastu eta amortizazioen erregistroa 311,3 milioikoa izan da, %13ko gorakada 2023arean aldean.

Laboral Kutxak nabarmendu du “hazkunde ekonomikoa” izan dela euren kezka nagusia, eta Europako diru-politika aldatu den arren, errentagarritasunari dagokionez, “aparteko emaitzak” lortu dituztela. Hala, banku negozioaren finantza adierazle nagusietan hobekuntzak izan dituzte, entitatearen sendotasuna, CET1 kaudimenaren bidez neurtua, %24,85era iritsi da ekitaldiaren amaieran; LTD likideziaren ehunekoa nahiko handia da, %64,16koa, eta, negozioaren errentagarritasunari dagokionez, ROEa %12,32ra iristea lortu du kooperatibak.

Berankortasun tasari dagokionez, 14 puntuko jaitsiera izan du azken urtean, eta %2,46an kokatu da. datua “oso positiboa” dela azaldu du erakundeak, banku sektorearen batez besteko ratioa %3,26koa izan baita.

Familien eta enpresen kreditu inbertsioak eta aseguruen negozioa

Kreditu inbertsioen negozioak igoera txikia izan du (%0,9), aurreko ekitaldiaren aldean. Denera, 15.124 milioi eurokoa izan da. Familien kreditu-saldoak ez dira ia aldatu, hipoteka-kredituen saldoen bilakaerarekin bat etorriz. Etxeko kontsumorako finantzaketan, berriz, negozioa hazi egin da 2023az geroztik; %1,6ko bilakaera positiboa izan du.

Aseguruen negozioa ere hazi egin da. Bizitzakoak ez diren aseguruak 142,9 milioi eurokoak izan dira, eta urtetik urtera %7,8 handitu dira. Auto aseguruen negozioa 75,9 milioi eurokoa izan da, %5,5 handiagoa, eta kontratatutako etxe aseguruen guztizko bolumena 53 milioi eurokoa, aurreko ekitaldian erregistratutakoa baino %8,9 handiagoa.

Bestalde, bizitza aseguruen negozioa 55,7 milioi euroko izan da, iaz baino %6 txikiagoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK