Durangoko Azokaren egitaraua aurkeztu dute gaur goizean San Agustin kulturgunean. Abenduaren 5etik 8ra bitartean, 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade eskainiko dira. Halaber, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira.
Gaurko aurkezpenean izan dira egitarauaren antolaketako zenbait arduradun. Besteak beste, Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista).
“Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”, azaldu du Gaztelurrutiak.
Talaia gunean, Euskaraldiaren kantua emango da ezagutzera, Museoan, Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, Ahotsenean, 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira, Irudienean, 40 lan eskainiko dira, eta Kabian, euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko ditugu, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa.
Haurrei eskainitako 25 ekitaldi ere programatu dira, eta Szenatokia izeneko arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira.