33,8 milioi euroko aurrekontua izango du Guggenheimek 2024an

1.271.792 bisitari izan ditu aurten museoak, aurreikusitakoa baino %40 gehiago

Guggenheim Bilbao museoaren patronatu bileran | Argazkia: Guggenheim Bilbao Guggenheim Bilbao museoaren patronatu bileran | Argazkia: Guggenheim Bilbao

Guggenheim Bilbao museoak 1.271.792 bisitari hartu ditu aurten, urte hasieran aurreikusitakoa baino %40 gehiago, eta 2022ko epe berean baino %2 gehiago. Urteko balantzea egin zuen bart museoaren patronatuak, eta maiatza, uztaila, abuztua eta irailean sekula izandako hilabeterik jendetsuenak izan dituztela ondorioztatu zuten.

2023an atzerriko bisitarien ehunekoa berreskuratuz joan da museoa. Diru sarreretan “bilakaera positiboa” izan dute, eta %78,6ko autofinantzaketa maila lortu dute. Hala, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak kasik 4 milioitan murriztu dituztela jakinarazi du museoak.

2024ko aurrekontua 33.818.615 eurokoa izango da, aurtengoa baino %3,5 handiagoa, eta 1.040.000 bisitari etortzea aurreikusi dute. Lehen aldiz Guggenheimek milioi bat bisitaritik gorako helburua ezarri du. Datorren urteko erakusketen egutegia ere onartu dute batzarrean, baita 2024-2025 aldirako plan estrategikoa ere.

Atzoko patronatu bileran izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim Fundazioaren ordezkaria eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK