Etxebizitza parke publikoa handituko duela iragarri du Jaurlaritzak

Foro sozial iraunkor bat sortuko du etxebizitza politika indartzeko

Pradales lehendakaria Etxebizitzaren Itun Sozialaren bileran | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Pradales lehendakaria Etxebizitzaren Itun Sozialaren bileran | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Denis Itxasok joan den asteazkenean iragarri bezala, Etxebizitzaren Itun Sozialaren bilera egin dute Gasteizko Lehendakaritzan. Imanol Pradales lehendakaria izan da bertan, eta "foro sozial iraunkor" bat sortuko duela iragarri du, etxebizitza politika berriak bultzatzeko. Hainbat neurri hartuko dituzte, besteak beste, alokairuzko 7.000 etxebizitza merkaturatuko dituzte, eta etxebizitzen parke publikoa handitu, 36 urtetik beherakoentzat %50 gordeta. Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua eta Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburua ere bertan izan dira.

Pradalesek adierazi duenez, "etxebizitza politika publikoaren helburu nagusia etxebizitza on eta irisgarri bat lortzea izan behar da". Laguntza hau merkatu librean etxebizitza duin bat izateko aukerarik ez dutenei, eta baita gazteei ere zuzenduta egongo da. Horretarako, gobernu programak, besteak beste, gazteei zuzendutako laguntzak bultzatzea aurreikusten duela azaldu du.

Era berean, Emantzipa eta Gaztelagun laguntza programen barruan, urteko diru sarreren muga 30.000 eurora arte handitzea proposatu du. Ildo horretan, azaldu du, besteak beste, udalekin lankidetza hitzarmenak sustatzeko beharra identifikatu dutela, udal etxebizitza planak bultzatzeko eta gazteentzako alokairuko etxebizitzak gaitu ahal izateko, txandakako 3.000 etxebizitza berri sortuz.

Halaber, zenbait udalerritako etxebizitza turistikoen mugei segurtasun juridikoa ematea proposatu du, udalekin lankidetzan, batez ere gazteei zuzendutako bizitokiak eraikitzea, tentsioz betetako eremuen kalifikazioa sustatzea, hiriguneetan erabiltzen ez diren etxabeen eta lonjen erabilera-aldaketak bultzatzea etxebizitza bihurtzeko.

Lankidetza indartzearen aldekoa

Itxasok, bere aldetik, lankidetza indartzearen alde egin du, bai erakundeen artean, bai lankidetza publiko-pribatuari dagokionez. Aurreratu du etxebizitzaren itun sozialak etxebizitzaren foro soziala eratzea bultzatuko duela, "bere estrategiaren funtsezko zati gisa".

Azaldu duenez, "erakunde iraunkorra izango da, eta inplikatutako eragile guztiak bilduko ditu: gizarte zati ahulena, batez ere gazteria, gizarte eta hirugarren sektoreko erakundeak, unibertsitatea, sustapen eta eraikuntza munduko ekimen pribatua, baita finantza mundua ere".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK