362,1 milioi euro itzuli ditu Gipuzkoako Ogasunak 2023ko errenta kanpainan

38 milioi euro itzuli behar izan die 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunei

Irune Yarza, Jokin Perona eta Yolanda Dominguez errenta kanpainaren agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Irune Yarza, Jokin Perona eta Yolanda Dominguez errenta kanpainaren agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Ogasunak 362,1 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 313,8 milioi euro jaso ditu, duela aste bat amaitu zen 2023ko errenta kanpainan. Balantzea, beraz, 48,3 milioi euro positiboa da zergadunentzat, eta kopuru hori foru erakundeak aurtengo kanpainarako egindako aurreikuspenen antzekoa da. 2022ko emaitzekin alderatuta, diferentzia 87 milioi gutxiagokoa da ogasunarentzat. Kanpainako datuen berri emateko prentsaurrekoan izan dira Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatua, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordea.

Peronak positibotzat jo du 2023ko errenta kanpaina, eta zergadunek zerbitzu publikoak mantentzeko urtero egiten duten ekarpena eskertu du. Era berean, eskerrak eman dizkie ogasun eta finantzetako profesional taldeari eta IZFEri, “kanpaina honen arrakasta bermatzeko egindako ahaleginagatik”.

Zenbakiei erreparatuta, 296.338 aitorpen itzuli behar izan dira (guztizkoaren %71,8), eta ogasunak 362,2 milioi euro itzuli ditu, hau da, batez beste 1.222 euro itzuli beharreko zergadun bakoitzeko. Ildo horretan, zergadunaren aldeko itzulketen hazkundeari dagokionez, Peronak azaldu du “igoera hori Foru Ogasunak 2023 urte bukaeran onartu zuen duen neurri-sortarekin lotuta dagoela, familiak eta kolektibo ahulenak prezio ekonomikoen inflaziotik babesteko helburuarekin”.

Zergadunek 412.855 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, iazko marka gaindituz, 11.136 aitorpen gehiagorekin

Gainerako 116.517 aitorpenak ogasunari ordaintzeko izan dira, 313,8 milioi guztira. Azken horiek egindako aitorpen guztien %28,2 izan dira eta, batez beste, 2.694 euro ordaindu dizkiete zergadunek lurraldeko zerga-administrazioari.

Aitorpen kopuruari erreparatuta, berriz, zergadunek 412.855 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, iazko marka gaindituz, 11.136 aitorpen gehiagorekin.

Hala, Internet bidez 108.320 aitorpen aurkeztu dira, 2019ko kanpainan baino 2.952 gehiago; autolikidazio proposamenen bidez 227.496 aitorpen aurkeztu dira, 2022an baino 3.009 gehiago. Aurrez aurrekoaren kasuan 77.039 aitorpen aurkeztu dira bide horretatik, iaz baino 5.145 gehiago.

Bestalde, Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, Foru Ogasunak 74,8 milioi euro jaso ditu 2023ko kanpainan, iaz baino 5,1 milioi gehiago. Guztira, aurreko ekitaldian baino 335 aitorpen gehiago egin dira, 2022ko 8.753 aitorpenetatik 9.088ra. Zergadunek, batez beste, 8.241 euro ordaindu dizkiote ogasunari.

38 milioi euroko itzulketak

Aurtengo errenta kanpainaren emaitzetan, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pentsiodunei eragiten dien Auzitegi Gorenaren epaiak ere eragina izan du. Horrela, 38 milioi euro itzuli behar izan ditu Gipuzkoako ogasunak eta guztira, 102.500 aitorpeni aplikatu zaie murrizketa hori. Aipatutako 38 milioi euroko itzulketa horrek bat egiten du foru ogasunak errenta kanpaina hasi aurretik zituen aurreikuspenekin. Kopuru horri Gipuzkoako Ogasunak itzuli dituen 21 milioi euro gehitu behar zaizkio, 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten 34.705 pentsiodunei egindako gutxitzearen kalkulua egin ondoren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK