• EKONOMIA
  • 600 lanpostuko lan eskaintza publikoa adostu dute Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek

600 lanpostuko lan eskaintza publikoa adostu dute Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek

Behin-behinekotasuna %8ra jaistea du helburu foru gobernuak. 288 plaza osasun arlokoak izango dira

Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua
2025eko apirilaren 24a
Eg. 2025eko apirilaren 24a

Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek 603 plazako lan eskaintza publikoa adostu dute 2025erako. Atzo egindako bileran, LAB, UGT eta AFAPNA sindikatuen babesa jaso zuen foru gobernuaren proposamenak eta hurrengo gobernu bileran onartuko dute deialdia.

 

315 lanpostu nukleo administraziokoak izango dira, eta gainerako 288ak osasun arlokoak. Lan eskaintza publiko honekin Nafarroako Gobernuak helburu du enplegu publikoaren egonkortzea eta foru administrazioko langileen behin-behinekotasuna murriztea.

Azken urteetako egonkortze prozesuen bidez, behin-behinekotasun tasa %16ra murriztea lortu dutela adierazi du gobernuak ohar bidez (%62ko beherakada hiru urtetan). Bada, helburua ehuneko hori 8ra jaistea da orain.

 

Administrazioko 315 plaza horien artean 173 C mailakoak dira, 74 D mailakoak, 43 B mailakoak eta 25 A mailakoak. Osasun arloko lanpostuetan, 282 Osasunbideko plazak izango dira eta gainerako seiak Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutukoak.