66 milioi euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izan du aurtengo Biurtekoak

Zuzeneko 1.344 enplegu sortu dira, eta horri esker 12,8 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Bizkaiko Foru Ogasunak

Argazkia: BEC Argazkia: BEC

66,4 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du aurtengo BIEMH Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, 23. edizio honetako datuek agerian utzi dute egitasmoaren dimentsioa eta proiekzioa.

Azokak zuzeneko 1.344 enplegu sortu dituela jakinarazi dute, eta enplegu horiei esker, Bizkaiko ogasunean 12,8 milioi euroko diru-sarrerak izan dira. Gainera, bisitarien parte hartzeak nabarmen egin du gora, eta orain bi urteko edizioan baino %56 bisitari gehiago bertaratu dira aurtengoan. Halaber, azokak iraun duen bitartean, jatetxe, hotel eta ostalaritza establezimenduetako jarduerak urteko indize altuenetakoetan izan direla adierazi dute.

BIEMHen eta aldi berean egindako beste azoketan (ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub) 67 herrialdetatik iritsitako 37.614 bisitari bildu dira denera, eta horietan 29 herrialdetako 1.604 enpresa erakusketari izan dira. BEC 26 egunez egon da okupatuta, eta pabiloietako stand-ak prest jartzeko 12.000 langile eta 8.000 ibilgailu inguru behar izan dira.

BECen informazio-kanalek, gainera, gorakada handia izan dute erabilerari dagokionez: webguneak 340.000 bisita baino gehiago jaso ditu (aurreko edizioan baino %23 gehiago) eta enpresa erakusketarien direktorioak milioi erdi bisita baino gehiago izan ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK