Bizkaiko Foru Ogasunak 8.521,6 milioi euro bildu ditu urteko metatuan. Zifra hori %1 hazi da aurreko urteko epe beraren aldean, 84,7 milioi euro, alegia. Hala, 2024ko urte osoko zergen aurrekontuaren %86,7a lortu da dagoeneko. Iazko urriaren aldean zuzeneko zergak egindako ekarpena %2,2 igo den arren, %1,4 jaitsi da zeharkako zergek egindakoa.
Zuzeneko zergen bidez 4.694,7 milioi euro jaso dira, hau da, iazko epe beraren aldean baino 103,1 milioi euro gehiago. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagokionez, %1,2 hazi dira ekarpenak, 3.230,9 milioi eurorekin, nahiz eta mutualistei itzuli behar izan zaizkien 237,8 milioi euro. Lan-etekinen gaineko atxikipenen kasuan %6,1eko hazkundea izan da, 189,4 milioi eurokoa; kapital atxikipenetan are handiagoa, %52,2koa. Sozietateen gaineko Zergarekin ere aurreko urtean baino 60,6 milioi euro gehiago jaso dira, %5,5eko gorakadarekin.
Zeharkako zergei dagokionean, aldundiak 2.977,9 milioi euro bildu ditu. %4,2 eta %1,7 jaitsi dira BEZa eta hidrokarburoen gaineko zerga berezia, hurrenez hurren. Alkoholen gaineko zerga berezien bilketak behera egin duen arren (-%13,3), gora egin dute zerga hauekin bildutakoek: elektrizitatearen gaineko zerga (%302,5), berotegi-efektuko gas fluordunena (%211,3), tabako-laboreen gainekoa (%5,1), aseguru-primena (%4,8) eta joko-jardunen gainekoa (%4,1).