Aberastasun Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergan zenbait aldaketa adostu ditu Elkarrekin Podemos-IUk PSE-EE eta EAJrekin, 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbia zergapetuko duena aldi baterako. Hasiera batean aurreikusten zen 16 milioi eurotik gorako oinarri likidagarriei aplikatzea %3,5eko tasa. Azkenean 14,5 milioitik gorakoei aplikatuko zaie. Podemos eta IUk eskatzen zuten zifra hori Espainiako gainontzeko tokietako oinarri berari aplikatzea, alegia, 10 milioi eurotik gorakoei. Ostera, jaitsi dute, baina berdindu gabe.
Horrez gain, badira aldaketak gainontzeko tarteetan, eta honela geratuko dira lurraldez lurralde. Araban %1,5eko tasa aplikatuko litzaioke 3.200.000 euro bitarteko oinarri likidagarriei, % 1,75ekoa 6.400.000 euro bitartekoei; % 2,5koa 12.800.000 euro bitartekoei, eta % 3,5ekoa 14.500.000 eurotik aurrerakoei. Bizkaian ere tasa beretsuak aplikatuko dira, baina 12.800.000etik aurrera %2koa izango da, eta ez %2,5ekoa. Gipuzkoaren kasuan, aldiz, orain arte bezala mantenduko da: % 1,7eko tasa 3.200.000 euro bitarteko oinarri likidagarriei, % 2,1ekoa 6.400.000 euro bitartekoei; % 2,5ekoa 12.800.000 euro bitartekoei, eta % 3,5ekoa 16.000.000 eurotik aurrerakoei.
Zerga hori osagarria da Ondarearen gaineko Zergarekin, beraz horren kuota likidoaren zenbateko bereko kenkaria aplikatuko da.