
Adecco giza baliabideen kudeaketarako enpresak argitaratu berri du absentismoari, laneko ezbehar-kopuruei eta gaixotasun profesionalei buruzko hirugarren hiruhilekoko txostena.
Bertan agertzen diren datuen arabera, lan absentismoa bereziki altua da Hego Euskal Herrian, Espainiako estatuko lurraldeekin alderatuta. Izan ere, hirugarren hiruhilekoan EAE izan da lanera huts egiten duten langile kopuru altuena izan duen lurraldea, %9,8koa; gainera, bigarren postua egokitu zaio Nafarroari, %8,9ko tasarekin. Zifra horiek, 2023ko hirugarren hiruhilekoarekin konparatuta, %0,1 eta %0,9 hazi dira, hurrenez hurren. 2024ko bigarren hiruhilekoko datuak baino handiagoak ere badira, %2,2 eta %2,6ko igoerarekin.
Sektoreka, industriaren alorrean izan da absentismo gehien: %10,7 EAEn eta %10,5 Nafarroan. Zerbitzuen sektorean tasa antzekoa da: %9,7koa EAEn eta %8,2koa Nafarroan. Eraikuntzaren sektorean, ordea, zifra zertxobait baxuagoa izan da: %7,8koa EAEn eta %7,1ekoa Nafarroan.
Lanean gertatzen diren ezbehar-kopuruari dagokionez, Hego Euskal Herrian 519 gertakari jazo dira. Nafarroa izan da Espainiako estatuko bigarren lurralderik zoritxarrekoena, 287 intzidentziekin. Haatik, zifra hori %6 jaitsi da bigarren hiruhilekoaren aldean, eta %5 aurreko urteko epe beraren aldean. EAEn 232 ezbehar zenbatu dira, bigarren hiruhilekoan baino %9 gutxiago, baina iaz baino %3 gehiago.