
Randstad etxeak absentismoari buruzko txostena aurkeztu du, 2024ko hirugarren hiruhileko datuekin. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, EAEko absentismo maila bi hamarreko txikitu da, %7,6an kokatuta. Datu hori altuagoa da Espainiako estatuko batez bestekoa baino, %6,3koa baita. Nafarroaren kasuan ordea, absentismoak %0,3 egin du gora, %6,3an kokatuta.
Aldi baterako ezintasunagatiko absentismoa eta mediku bajak aztertuta, hirugarren hiruhileko EAEko datua %6,1ekoa da, iazkoa baino hamarreko bat txikiagoa; Nafarroakoa nabarmen baxuagoa da, %4,9koa, nahiz eta hirugarren hiruhilekoan %0,2 hazi. Espainiako estatuko batez bestekoa ia Nafarroaren parekoa da, %5,0koa hain zuzen.
Sektoreka, absentismoak gora egin du eraikuntzaren alorrean (%1,1 EAEn eta %0,2 Nafarroan), baina behera industriarenean (-%0,2, bai EAEn, bai Nafarroan). Zerbitzuen sektorean, ordea, portaera desberdina izan da Hego Euskal Herrian: absentismoa %0,5 igo da Nafarroan, baina %0,3 txikitu EAEn.
Hala, batez besteko absentismo maila baxuena Hego Euskal Herrian eraikuntzaren sektorekoa da, %6,8koa EAEn eta %5,1ekoa Nafarroan. Industriaren sektorean tasa %7,4koa eta %7,3koa da, EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren. Azkenik, zerbitzuen alorrean %7,7koa da zifra EAEn, eta %5,9koa Nafarroan.