Adimen artifiziala eta iraunkortasuna ekarriko dituzte lehen lerrora aurtengo Udako Ikastaroetan

Denera 200 bat jarduera eskainiko dira, eta zabalik da jada izena emateko epea

Argazkia: EHU - UIK Argazkia: EHU - UIK

Ia 200 jarduera eskainiko dira EHUk antolatutako 2024ko Udako Ikastaroetan. Ikastaro gehienak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo dira, baina hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da eskaintza.

Urtero bezala, garaiko erronkak kontuan harturik, askotariko gaiak landuko dira ikastaroetan. Kultura eta artea, gizartea, hezkuntza, zientzia eta teknologia, osasuna, zuzenbidea eta enpresa eta ekonomia. Era berean, aurtengo edizioan adimen artifiziala eta iraurkortasuna lehen lerrora ekarriko dituztela jakinarazi dute gaurko aurkezpen ekitaldian.

Donostiako Miramar Jauregian egin den ekitaldian izan dira gaur Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Eneko Goia Donostiako alkatea, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa.

Alkortak jakinarazi duenez, zabalik dago jada Uda Ikastaroetan izena emateko epea. “Gizarte kolektibo ezberdinentzat prezio bereziak eskaintzen dira. 25 urte arteko gazteei zuzenduriko eskaintza bereziari esker, adibidez, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko”, azaldu du.

Halaber, hezkuntzako profesionalei zuzenduriko 17 ikastaro eskainiko dira denera. Ekainaren 6an hasi eta irailaren 21a bitartean, STEAM irakaskuntzaren oinarrizko osagaiak, gazteen kultura digitala, sorkuntza (antzerkia, literatura) hezkuntzan baliatzeko teknikak edota sexu heziketa, traumekiko sentikortasuna, suizidioa eta heriotzaren pedagogia bezalako gaiak landuko dira.

Ricardo Echepare gogoan

UPV/EHUren Udako Ikastaroak Fundazioak Ricardo Echepare izeneko aretoa eta konferentziak ere aurkeztu ditu gaur. Udako Ikastaroen zuzendari izan zen Echepare. 1980ko hamarkadaren hasieran EHUren Uda Ikastaroak bultzatu zituen, sortu berri zen unibertsitatea euskal gizartera hurbilarazi asmoz eta unean uneko akademiko, intelektual, artista eta politikari garrantzitsuenen hitzordu izatea lortu zuen.

Ferreirak gogora ekarri duenez “Ricardo Echepare irakasleak gizartearen interesekoak ziren gaiak eta adituak aukeratzeko intuizio ezin hobea eta arazoei aurre egiteko eta talde kudeaketarako gaitasun bikaina zituen. Bere ibilbidea dugu horren erakusle eta ekimen honen bitartez bere ekarpena aitortzeaz gain, Echeparek berezkoa zuen bokazioari eta izpirituari segida emanez, ezagutzaren dibulgaziorako konferentzia sorta berezi bat abiatuko dugu”.

Ekonomia eta enpresa

Aurten ere ekonomia eta enpresa arloko gai ugari ezagutzeko parada izango da. Besteak beste, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta (ekainak 17-18), adimen artifiziala mugikortasunean duen inpaktua (ekainak 21), ekintzailetza jasangarria (ekainak 24-25), euskal ekonomiaren berrikuntza (uztailak 8-9) eta ekonomia kritikoa (uztailak 15-16) lantzeko ikastaroak eskainiko dira.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK