• EKONOMIA
  • AEB eta Txinaren arteko borrokatik Jaurlaritzaren neurri-sortara

AEB eta Txinaren arteko borrokatik Jaurlaritzaren neurri-sortara

75 herrialderi muga-zergak 90 egunez "eteteko" erabakia hartu du Trumpek. Eten baino, %10ean ezarri ditu

Industriaren Defentsarako Taldearen hirugarren bilera | Argazkia: Irekia
Industriaren Defentsarako Taldearen hirugarren bilera | Argazkia: Irekia
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko zuzendaria
2025eko apirilaren 10a
Eg. 2025eko apirilaren 10a

Urte hasieratik generaman entzuten elkarrekiko muga-zerga terminoa, seguru asko horrek zer esan nahi zuen oso ondo jakin gabe. Definizio zehatza joan den asteazkenean eman zuen Donald Trumpek, eta atzotik praktikara ere eraman du Etxe Zuriko maizterrak. Portzentajeak iragarri zituzten egunetik bertatik, erantzunak izango zirela esan dute munduko hainbat herrialde. Trumpek atzera egin ez zuela ikusita, atzo iragarpenak izan ziren han eta hemen. Eta AEBko presidenteak, nola ez, erantzun egin zuen.

 

Albiste berriena, artikulu hau prest uzterako, Trumpen azken iragarpena da, Truth Social sare sozialean eginikoa. Bi puntu ditu. Lehena, Txinari %125era igo dizkiola muga-zergak, unean bertan gainera. Merkatuenganako errespetu-falta erakutsi izana leporatu dio Trumpek Asiako erraldoiari, Trumpen gobernupean dagoen herrialdeko inportazioei ezarritako muga-zergak %34tik %84raino igota. Ezin da ahaztu Txinarena AEBk egindakoari erantzuna dela, muga-zerga %54kora igo baitzituen AEBko presidenteak Liberation Day delakoan eginiko iragarpenetan. "Akats bat da bata bestearen atzetik, Txinaren eskubide eta interes legitimoak larriki urratzen dituena eta arauetan oinarritutako alde anitzeko merkataritza-sistemari kalte larria egiten diona", zioen Txinako Estatu Kontseiluko muga-zerga batzordeak.

Bigarrena, 75 herrialderi 90 egunez muga-zergak etengo dizkiela, edota, hobeto esanda "%10eko muga-zerga murriztuak" ezarriko dizkiela. Hori justifikatzeko erabilitako arrazoia? AEBei deitu izana merkataritza arloko soluzioak negoziatzeko. Iragarpen horren ondorioz, %10 bitarteko igoerak izan dira Wall Streeten. Muga-zergen etenaldi hori, baina, ez zaio Europar Batasunari aplikatuko, Etxe Zuriko maizterrak baieztatu zuenez.

 

Europar Batasunaren kasua izango da hori. Hasiera batean %20ko muga-zerga ezarri badu ere, 90 egunez %10en kokatuta izango da. Europak atzo bertan onartu zuen lehen neurria altzairuaren eta aluminioaren gain jarritako %25eko muga-zergari erantzuteko. Zehazki, %25ekoa izango da kontinente zaharrak AEBtik esportatzen diren produktuei jarriko dien karga, denera 21.000 milioi euroren gainekoa. Muga-zerga hori datorren astelehenean, hilaren 14ean, sartuko da indarrean.

Erantzuna Jaurlaritzatik: laguntza sorta

Muga-zerga borroka alde batera utzita, Imanol Pradales lehendakariak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean. EAEko Industriaren Defentsarako Taldeak bere hirugarren bilera egin zuen, urgentziaz deituriko bilera, muga-zergen iragarpena ikusita. Denera, 2.150 milioi euro baino gehiagoko neurri-sorta aktibatuko du Jaurlaritzak EAEko ekonomia eta enplegua babesteko helburuarekin, eta industriari ez ezik, nekazaritza, abeltzaintza eta mahastigintzari ere laguntza ematea ezinbestekotzat jo du.

Neurri-sortak hiru xederi erantzun nahi die: euskal enpresa ehuna, bereziki txiki eta ertainak, defendatu eta eraldatzea; merkatu berriak bilatu eta enpresen nazioartekotzea sustatzea; eta pertsonak eta enplegua babestea. Inbertsioaren zati handiena, hain zuzen, lehenengo lerro horretara bideratuko da, 2.000 milioi baino gehiago, eta hortik erdia, 1.000 milioi, Euskal Finantza Aliantza bultzatzetik, betiere legebiltzarrak ontzat jotzen badu. Lerro horretan, industriari laguntzeko ildoa ere handitzea aurreikusi du Jaurlaritzak, bereziki balio erantsiko produktuen garapenari eta I+G+bri dagokionez, 533 milioi eurorekin. Halaber, zuzeneko abalen eta finantzaketaren aparteko plana ere aktibatuko du, 450 milioi eurokoa, Elkargi eta finantza-erakundeekin elkarlanean. Ildo horri lotutako azken bi tresnak nekazaritza, abeltzaintza eta mahastizaintzari loturik izango dira: Nekafin delakoa, Finantzen Euskal Insitutuarekin lankidetzan, 25 milioi eurokoak eta bestelako laguntzak, 5,5 milioi eurokoak.

Inbertsioaren zati handiena, hain zuzen, lehenengo lerro horretara bideratuko da, 2.000 milioi baino gehiago, eta hortik erdia, 1.000 milioi, Euskal Finantza Aliantza bultzatzetik, betiere legebiltzarrak ontzat jotzen badu

Pertsonak eta enplegua babesteko, berriz, 104,5 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, batez ere kontratazioari bultzada emateko langabezian dauden pertsonentzat edota eragindako enpresentzat. Halaber, banatuko ditu 32 milioi enpresen nazioartekotzeari bultzada eman eta merkatu berriak zabaldu asmoz. Asia, Afrika eta Mercosur nabarmendu ditu Lehendakariak aukerak eskaini ditzaketen merkatu gisa.

Nafarroari dagokionez, gobernuak ez du momentuz neurririk iragarri, Espainiako Gobernuak biharko deituriko merkataritzako sektore arteko bileraren zain. Era berean, muga-zergen kalteak pairatu ditzaketen sektoreekin hartu-emanak izan nahi dituzte, egoeraren diagnostiko argiagoa eduki asmoz. Behin informazio guztia izanda erabakiak hartzekotan geratu da Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilaria.

Ekonomia aurreikuspenak berrikusteko garaia?

Muga-zergek ekonomia aurreikuspenak berrikustera derrigortu ditzake askotariko entitateak. Datorren astean emango du Eustatek hiruhilekoko kontuen berri, eta ikusteko dago zein irakurketa egingo duen estatistikaren euskal erakundeak.

Jose Luis Escrivá Espainiako Bankuko gobernadoreak ekonomiaren bilakaeraren berrikuspena egin beharko duela esan zuen, zifra txikiagotuz. %2,7an kokatzen zuten urte hasieran Espainiako BPGaren hazkundea. "Zifra esatea konplexua da, oraindik ez dugulako berrikuspena eginda, eta berrikuspen hori egitea konplexua delako".

Datorren astean emango du Eustatek hiruhilekoko kontuen berri, eta ikusteko dago zein irakurketa egingo duen estatistikaren euskal erakundeak

Momentuz, Espainiako gobernuak joan den astean iragarritako 14.100 milioi euroko laguntzen lehen partea martxan jarri du dagoeneko, 7.720 milioi eurokoa.