Aldi baterako ezgaitasuna: kontuan hartu beharreko izapideak

Urtarrilean aldaketa batzuk gauzatu dira aldi baterako ezgaitasunaren inguruan egin beharreko izapideei dagokienez. Aldaketok xede dute, batik bat, baliabide elektronikoen erabilera areagotzea, izapideen eragingarritasun- eta efizientzia-maila hobetzeko. Aldaketok apirilaren 1ean jarriko dira indarrean.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Izapideak aplikatzen zaizkie aldi baterako ezgaitasun prozesuei, ezgaitasun-egoera horrek iraun bitarteko lehenengo 365 egunetan. Arrisku arruntek (istripu edo gaixotasun arruntek) nahiz lanbide-arriskuek (lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek) eragin dezakete aldi baterako ezgaitasunaren egoera, aldez aurretik Gizarte Segurantzaren Sistemako araubideren batera bilduta dauden pertsonengan.

Izapideak araututa daude 625/2014 Errege Dekretuan eta hori garatu duen 1187/2015 Aginduan. Bi-bietan gauzatu dira kontuan hartu beharreko aldaketak, eta horiei erreparatuko zaie jarraian.

Medikuaren baja-partearekin hasten dira langileari aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoak aitortzeko izapideak

Medikuaren baja-partearekin hasten dira langileari aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoak aitortzeko izapideak. Baja-partea luzatuko du langilea aztertu duen medikuak. Arrisku arrunten kasuan, mediku hori Osakidetzakoa izango da. Lanbide-arriskuen kasuan, ordea, baliteke mediku hori Mutuakoa izatea, langilearen enpresa Mutua bateko bazkide bada, edo enpresako medikua izatea, baldin eta enpresak Gizarte Segurantzarekin lankidetzan badihardu, langileak aseguratuz.

Kasuan kasuko medikuak telematikoki bidali behar dizkio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari (GSINri), berehala, eta, beranduen jota, partea zein egunetan luzatu eta hurrengo egun baliodunean, langilearen datu pertsonalak eta baja-partearen nahitaezko datuak.

Baja egunen araberako lau kasu

Baja-parteak eta baja-berresteko parteak luzatuko dira medikuaren iritziaren arabera, aitzat hartuz bajak iraun dezakeen denbora. Hala ere, medikuak lau egoera eta prozesu hartu behar ditu kontuan. Lehenengoa, bajak egutegiko 5 egunetik beherako iraupena izango duela uste izanez gero, medikuak egintza berean luzatuko ditu baja- eta alta-parteak. Langileak lan egiteko gaitasuna noiz berreskura dezakeen kontuan hartuz, medikuak alta ezarriko du bajako egun berean edo egutegiko hurrengo 3 egunetan. Hala ere, langileak eskubidea du alta-egunean azterketa medikoa eskatzeko. Kasu horretan, medikuak uste izanez gero langileak ez duela oraindik berreskuratu lan egiteko gaitasunik, baja-berresteko partea luza dezake.

Bigarrena, bajak egutegiko 5 egunetik 30 egunera arteko iraupena izango duela uste izanez gero, medikuak baja-partea luzatuko du eta bertan jasoko du azterketa medikorako eguna, gehienez ere, baja-partea zein egunetan luzatu eta egutegiko hurrengo 7 egunetako epean. Azterketa medikoaren egunean medikuak alta-partea ala baja-berresteko partea luzatuko du. Bigarren horren alde eginez gero, hala denean, baja-berresteko hurrengo parteak, gehienez ere, egutegiko 14 egunetik behin luzatuko dira.

Baja-parteak eta baja-berresteko parteak luzatuko dira medikuaren iritziaren arabera, aitzat hartuz bajak iraun dezakeen denbora

Hirungarrena, bajak egutegiko 31 egunetik 60 egunera arteko iraupena izango duela uste izanez gero, medikuak aurreko kasuan bezala jardungo du, baina, hala denean, baja-berresteko lehenengo partea luzatu ondoren, baja-berresteko izan daitezkeen hurrengo parteak, gehienez ere, egutegiko 28 egunetik behin luzatuko dira.

Laugarrena eta azkena, bajak egutegiko 61 egunetik gorako iraupena izango duela uste izanez gero, medikuak baja-partea luzatuko du eta bertan jasoko du azterketa medikorako eguna, gehienez ere, baja-partea zein egunetan luzatu eta egutegiko hurrengo 14 egunetako epean. Azterketa medikoaren egunean medikuak alta-partea ala baja-berresteko partea luzatuko du. Bigarren horren alde eginez gero, hala denean, baja-berresteko hurrengo parteak, gehienez ere, egutegiko 35 egunetik behin luzatuko dira.

Kontuan hartu behar da, berebat, aipatu kasu horietan, medikuak epe laburragoan ezar dezakeela azterketa medikoa.

Bestelako izapideak

Behin kasuan kasuko partea luzatuta, badira gauzatu beharreko bestelako izapideak ere. Edozein kasutan, baja-partea, baja-berresteko partea edo alta-partea luzatzen duen medikuak langileari partearen kopia eman behar dio.

Osakidetzak edo, hala denean, Mutuak edo Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduen enpresak GSINri telematikoki bidali behar dizkio kasuan kasuko parteetako datuak, partea luzatu eta berehala, eta, beranduen jota, partea zein egunetan luzatu eta hurrengo egun baliodunean. Osakidetzak eta Mutuek luzatutako parteei dagokienez, GSINk enpresei komunikatuko dizkie euren langileen kasuan kasuko parteen administrazio-izaerako datuak, beranduen jota, parte horiek GSINn zein egunetan jaso eta hurrengo egun baliodunean.

Baja-partea, baja-berresteko partea edo alta-partea luzatzen duen medikuak langileari partearen kopia eman behar dio

Enpresek RED sistemaren bidez bidali behar dizkiote GSINri 1187/2015 Aginduaren III. eranskinean zehaztutako datuak, baja medikoaren komunikazioa zein egunetan jaso eta berehala, eta, beranduen jota, hurrengo 3 egun baliodunetan. Enpresak arau-hauste arina gauzatuko du datu horiek eman ezean.

GSINk, hala denean, Mutuari edo Itsasoko Institutu Nazionalari bidaliko dizkie, baliabide informatikoen bidez, baja-parteak eta baja-berresteko parteak, aldi baterako ezgaitasun-egoera arrisku arrunt batek sortu eta egoera hori erakunde horiek estaltzen dutenean. GSINk parte horiek bidali behar dizkie horiek jaso eta berehala eta, beranduen jota, hurrengo egun baliodunean.

GSINetik eta GSDNren arteko komunikazioa

Halaber, GSINk Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren (GSDNren) esku jarriko ditu aldi baterako ezgaitasun-egoeran dauden langileen datuak. Modu horretara GSDNk, kotizazio-kuotak likidatzean, kasuan kasuko enpresak langile horiei begira ordaindutako prestazio ekonomikoak deskontatuko ditu enpresak hilero egin beharreko kotizazioetatik. Izan ere, langileak aldi baterako ezgaitasun-egoeran daudenean, enpresek betebeharra dute egoera horrek sortzen dituen prestazio ekonomikoak aurreratzeko. Horregatik hitz egiten da eskuordetutako ordainketaz. Enpresen betebehar hori sortuko da, aldi baterako ezgaitasun-egoera lanbide-arrisku batek eragiten duenean, baja-egunaren biharamunetik; eta, aldi baterako ezgaitasun-egoera arrisku arrunt batek eragiten duenean, 16. baja-egunetik aurrera. Azken kasu horretan, bajako lehenengo 3 egunak langilearen pentzudan dira, eta 4.etik 15.enerakoak enpresaren pentzudan.

Langileak aldi baterako ezgaitasun-egoeran daudenean, enpresek betebeharra dute egoera horrek sortzen dituen prestazio ekonomikoak aurreratzeko

Baliteke enpresaburu batek eskuordetutako ordainketa egin arren, GSDNk ordainketa horren kopurua ez deskontatzea enpresaburuak egin beharreko kotizazioetatik. Halakoetan, enpresaburuak eskubidea du langileari ordaindutako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa eskatzeko aldi baterako ezgaitasuna kudeatzeaz arduratzen den erakundeari, hots, GSINri, Mutuari edo Itsasoko Institutu Nazionalari, kasuaren arabera.

Langilea alta-partekarekin bat ez etortzea

Mutua batek edo Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduen enpresa batek langileari alta eman eta hori ez datorrenean horrekin bat, langile horren ekimenez, posible da, kasuaren arabera, GSINk edo Itsasoko Institutu Nazionalak egoera berrikustea. Bada, azken horiek alta berresten badute, partean jasotako datuen berri emango diete, berehala eta, beranduen jota, partea luzatu eta hurrengo egun baliodunean, Osakidetzari, baita Mutuari ere, azken horrek babesten baditu langileak. Bada, kasu horretan, Mutuak akordatu beharko du altaren ondorioz aldi baterako ezgaitasun-egoera azkentzea, eta akordio horretan altaren arrazoi eta ondoreak jasoko ditu.

Mutua batek edo Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduen enpresa batek langileari alta eman eta hori ez datorrenean horrekin bat, [...] posible da, kasuaren arabera, GSINk edo Itsasoko Institutu Nazionalak egoera berrikustea

Halaber, akordioa enpresari jakinaraziko dio. Era berean, GSINk edo Itsasoko Institutu Nazionalak alta-partearen kopia bat emango dio langileari, akta zein egunetan luzatu eta biharamunean laneratu behar dela adieraziz. Orobat, enpresari komunikatuko dizkiote langilearen alta-partearen administrazio-izaerako datuak, alta-partea luzatu eta berehala, eta, beranduen jota, hurrengo egun baliodunean.

Bestalde, alta-partea GSINk edo Itsasoko Institutu Nazionalak luzatu dutenean, parte hori luzatu eta egutegiko hurrengo 180 egunetan, erakunde horiek baino ez dute izango eskumena baja berri bat aitortzeko, patologia beraren edo antzekoaren ondorioz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK