Alemania, krisiari aurre egiteko unean

Azken urteotako eredu ekonomikoak onenak emanda, krisi bete-betean egingo dituzte haustekundeak bihar Alemanian. Automozio sektorea dago bereziki kaltetua, eta Euskal Herriko enpresetan sumatu da horren inpaktua

Berlin | Argazkia: iStock Berlin | Argazkia: iStock

Azken urteotako krisi ekonomiko handienean murgilduta egingo dira bihar hauteskundeak Alemanian. 2023an %0,2 eta 2024an %0,3, BPGa uzkurtu egin da bi urtez segidan, herrialdeko fabrika, lantegi eta etxeetako alarma guztiak piztuz. Mende honetan 2002-2003 biurtekoan soilik izan du Europako ekonomia indartsuenak halako bilakaera negatiboa, 2008ko krisi ekonomikoa lehertu zenean, BPGak jaitsiera malkartsuagoa izan bazuen ere, ez zen bi urtez jarraian uzkurtu.

Krisi ekonomikoak krisi sozial bilakatzeko joera izan ohi dute eta Alemaniaren kasua ez da salbuespena izan. Immigrazioaren aferak, hiritarren haserre orokorrak eta mundu mailako merkataritza gerrak baldintzatutako hauteskundeak izango dira biharkoak. Ultraeskuinaren gorakadaren mehatxupean, Friedrich Merz hautagai kontserbadorea aterako da garaile inkesten arabera, eta orain arteko kantziler Olaz Scholzen alderdi sozialdemokrata hirugarren posturaino eroriko da.

Herrialdeak bizi duen ezinegonaren erakusgarri da 2021etik alderdi sozialdemokratak, berdeek eta alderdi liberalak osatutako gobernuaren zatiketa. Iazko azaroan liberalek koaliziotik alde egin zuten, eta Scholzek, konfiantza mozioa galdu ostean, iragarri zituen hauteskundeak. Litekeena da hauteskunde hauetatik herrialdea gidatuko duen koalizio berri bat ugaltzea, ultraeskuina gobernura sartzea ekidingo duena.

Azken mendean, Merkelen agindupean, eraikitako eredu ekonomikoak bere onenak eman dituenaren ideia hedatu da herrialdean, eta gobernu berriak hainbat neurri hartu beharko ditu munduko hirugarren ekonomiaren joera kezkagarria iraultzeko. Osatzen den koalizioa osatuta, kontserbadoreak gobernuan izateak merkatuaren liberalizaziorako neurriak ekar ditzake, Arkaitz Urdapilleta Ekonomisten Euskal Elkargoko kide eta EnpresaBIDEAko kolaboratzailearen ustetan. “Merkatua liberalizatzeak energia merkatuko kostuak jaistea ekar lezake eta, agian, horrek krisi energetikotik ateratzen lagundu dio herrialdeari”.

Industria, etxebizitza eta demografia krisia

Aski ezagunak dira Alemaniako ekonomia krisiaren arrazoi nagusiak. Ukrainako gerrak eragindako gas errusiarraren horniketaren amaiera, EBZren diru politika murriztailea edota Txinaren konpetentzia zorrotza, besteak beste. Honek guztiak eragin du ez Alemania soilik baizik eta Europa osoaren ekonomia moteltzea, AEB eta Txinaren nagusitasuna areagotuz.  “Alemaniaren egoera Europaren isla da munduan. Bi erraldoien aurrean gaude, beraiekin borrokatu behar dugu, eta ez dugu euren lehiatzeko pentsamoldea”, dio Urdapilletak.

Industria sektorea izan da krisi honetan kaltetuen atera dena, herrialdearen zutarri nagusia izaki. Sektoreko ekoizpena %4,5 murriztu da 2024an eta esportazioak %1. Sektorearen barruan automozioa dago kolpatuen, eta lantegien itxieraren mehatxupean bizi da herrialdea; Volkswagenek, esaterako, hiru lantegi ixteko asmoa zuela iragarri zuen orain iazko urrian, nahiz eta azkenean langile mugimenduen presioak medio erabakia atzera bota. BMW, Mercedes Benz eta Audi etxeen egoera ere ez askoz hobea.

Egun 780.000 pertsonek egiten dute lan automozio sektorean, eta datozen urteotan 185.000 lanpostu galtzeko arriskua dago

Automozio sektorearen enplegua %7 inguru murriztu da. 2019tik 2023ra bitartean, 75.000 lanpostu desagertu dira, eta egun 780.000 langile lanean ari diren esparruan, datozen urteotan beste 185.000 lanpostu galtzeko arriskua dagoela diote adituek. Autogintzan betidanik puntako herrialdea izan dena atzean geratzen ari da lehiakortasunari dagokionez. Auto elektrikoaren kasua horren erakusgarri: “Auto elektrikora trantsizioa oso mantso egiten ari da Alemania, eta Txinako prezioekin ezin du lehiatu”, azaldu du Urdapilletak.

Baina, krisia automozioaz edo industriaz haragokoa da. Aditu askoren ustez, Alemania atzean geratzen ari da azpiegitura teknologikoaren esparruan (digitalizazio motela administrazio publikoan, burokrazia gehiegi...) inbertsioa publiko urriaren ondorioz, eta horrek produktibitatea murriztu du. Era berean, krisia ere herritarrak pairatzen ari dira, etxebizitza garestitu egin da, eta haserrea hedatu da alemaniarren artean, bizitza kostuen gorakadaz kexu.

Erronka demografikoa ere badu Alemaniak, biztanleria zahartzen ari da eta eskulan eskasia du. “Talentua erakarri beharko da, baina kontserbadoreek immigrazio politikan ez dut malguak izango direnik”, azaldu du Urdapilletak. Immigrazio eta herrialdearen segurtasuna ezbaian diren unean, inoiz baino gehiago jo beharko du herrialdeak migratzaileen eskuetara.

iStock 490343450
Volkswagenen lantegia, Wolsburgen | Argazkia: iStock

Zorpetzeko aukera

Alemaniak krisitik ateratzeko zenbait bide landu beharra du, eta horietako bat izan liteke zorpetzeko aukera. Historikoki, zuhurtziaz jardun du esparru honetan, eta legez finkatuta du zorpetzearen kontrola. Hori aldatzeko, gainera, konstituziora jo beharko lukete. BPGaren %60 pasatxo da Alemaniaren zor publikoa, Italia, Frantzia edo Espainiarena %100etik gorakoa denean. “Zorroztasun horrek asko mugatzen die inbertsioak egitea”, Urdapilletaren esanetan.

Alemaniaren sektore estrategikoen inbertsio gehiago egin beharko luketela iritzi dio. “Inbertsioak egin behar dituzte digitalizazioan, prozesuen automatizazioan, adimen artifizialean… Teknologia pribatuak erakartzeko inbertsio pribatu gehiago behar da”, besteak beste, herrialdean estrategikoak diren hainbat sektoretan teknologia egokitzapenak motel egiteak eragin baitu Alemaniaren atzeraldia.

BPGaren %60 pasatxo da Alemaniaren zor publikoa, Italia, Frantzia edo Espainiarena %100etik gorakoa denean

Hurrengo hilabeteetan, gainera, muga zergak ere sartuko dira jokalekuan. Donals Trump AEBko presidenteak Europako Batasunari hainbat muga zerga ezarri dizkio apiriletik aurrera, %25eko tasak, hain zuzen, autogintzan, erdieroaleetan eta farmazia produktuetan. “AEBk edo Txinak muga zergak ezartzen badituzte Europak ere jarri beharko lizkieke. Txinako auto elektrikoei Europan sartzeko muga zerga jarri beharko litzaieke", uste du Urdapilletak.

Euskal enpresen negozio eremua

Herrialde esportatzailea da Alemania eta horrek herrialdearekin lotura duten beste merkatu asko zipriztintzea eragin du, tartean Euskal Herrikoa. AEB eta Frantziarekin batera, merkatu garrantzitsuena da. Egun, ehun euskal enpresa baino gehiagok dute egoitza herrialdean eta iaz %13 murriztu ziren bertara egindako esportazioak.

Basque Trade & Investment-en azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan lehen merkatua da Alemania. 2024an, 3,7 milioi euro baino gehiagoko esportazioak egin ziren, 2023an baino %15,2 gutxiago. Esportazioen gainbehera hori 2023ko azarotik aurrera eman da, ordura arte bilakaera positiboa izan baitzuten. Autoen esportazioak %22,4 murriztu dira, altzairu eta burdinaren fundizioa %22,5 eta kautxua beste %26,3.

Hain zuzen, autoak eta altzairu nahiz burdina dira EAEtik Alemaniara gehien esportatzen dituen produktuak. Basque Trade & Investment-en arabera, bi azpi talde hauek izan dira 2023ra arte esportazio guztien %60 baino gehiago. Inportazioei dagokienez, aldiz, makinaria mekanikoa, autoak, aparatu elektrikoak eta fundizioa dira gehien.

Ehun euskal enpresa baino gehiagok dute egoitza herrialdean eta iaz %13 murriztu ziren bertara egindako esportazioak

EAEn, zehazki, 86 enpresek 120 ezarpen dituzte Alemanian, eta enpresa gehienak automozio, energia eta fabrikazio aurreratuko enpresak dira. Nafarroan, bigarren merkatua da Alemania, Frantziaren atzetik. Fernando San Miguel Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganberako Analisi Ekonomiko eta Proiektu Europearren arduradunaren arabera, 1.642 milioi euroko esportazioak egin zituen Alemaniara iaz Nafarroak. “Alemaniaren ekonomiaren moteltzea gure kanpo sektorean sumatzen ari gara”, aitortu du.

Dena den, Nafarroak egindako esportazioak iaz %6,5 handitu ziren, 2023aren aldean (1.541 milioi euro). “Alemaniara esportatzen ditugun produktuen %77 automoziokoak dira, eta hauen esportazioa ia %27 handitu zen”. Hori bai, autoen esportazioak kenduz gero, gainerako produktuena %8 txikitu da. Ondasun ekipoak, makinaria, altzairua eta burdina… horien esportazioa apaldu da".

Euskal Herria industria herria izanik eta Alemaniaren merkatuaren pisua ikusita, tokiko ekonomian duen eragin zuzena agerikoa da. Aurreikuspenen arabera, Alemaniako industria ekoizpenak eta eskariak beherantz jarraituko du eta San Miguelek uste du foru erkidegoko ekonomia kaltetzen jarraituko duela.

2025erako Alemaniaren hazkundearen aurreikuspenak %0,9tik %0,5era murriztu ditu Basque Trade & Investrment-ek, muga zergen mehatxuagatik batik bat. Inbertsioak ahul jarraituko duela ere diote iragarpenek, eta 2028ra arte BPGaren hazkundea ez da %1etik igaroko. Krisi bete-betean egonda ere, ez da ahaztu behar herrialdearen oinarri ekonomiko egonkorra. Orain gutxi Japonia gainditu zuen munduko hirugarren ekonomia bezala eta negozioak egiteko munduko hamar herrialde onenen artean da egun. Euskal enpresei eragingo die krisiak, baina negozioa ez da etengo.

Informazio gehiago
Zer gertatzen zaio Alemaniari?
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK