Alokairuen prezioa %2,20 garestitu ahal izango da gehienez

INEk argitaratutako indize berriak ezarriko du alokairuko etxebizitzen prezioen gehienezko igoera Hego Euskal Herrian, 2023ko maiatzetik aurrera sinatutako kontratuetan

Alokairuko etxebizitzaren metro karratu batek 14,4 euro balio ditu batez beste EAEn | Argazkia: iStock Alokairuko etxebizitzaren metro karratu batek 14,4 euro balio ditu batez beste EAEn | Argazkia: iStock

INE Espainiako Estatistika Erakundeak indize berria argitaratu du, lehenengo aldiz, zeinak alokairuak gehienez zenbat garestitu daitezkeen zehaztuko duen. Hilabetero eguneratuko da gida, azkeneko hilabeteetako datuak kontuan izanik; hala, orain kaleratutako urtarrileko indizea 2024ko azaroko datuen araberakoa izan da.

Zehazki, INEren gida berria erabili beharko da Etxebizitzaren Legea abiatu zenetik sinatu diren etxebizitza kontratuen kasuan, alegia, 2023ko maiatzaren 25etik aurrera sinatutakoek. Data hori baino lehen sinatutako kontratuen balizko igoera, ordea, KPIaren arabera kalkulatuko da.

Erreferentziazko gida horren arabera, 2025etik aurrera alokairuaren kontratua berrituko dutenek, gehienez ere %2,20 garestitu ahalko dute etxebizitzaren prezioa. Aurreko urteetan, Ukrainako gerraren ondorioz izan zen prezioen igoera dela eta, alokairuko etxebizitzen prezio igoera %2ra mugatu zen, baina iaz zifra hori %4koa izan zen.

2024ko alokairuko etxebizitzen prezioen igoera

Hain zuzen, Idealista etxeak argitaratutako txostenaren arabera, 2024. urtean %9 hazi da alokairuko etxebizitzaren prezioa EAEn, eta %6,6 Nafarroan; metro karratuko EAEn 14,4 euro ordaindu dira hilabetean, batez beste, eta 10,50 euro Nafarroan.

Txosteneko datuek diote, EAEn urteko azken hiruhilekoan %1,8 igo direla prezioak, eta %1,2 azken hilabetean, azaroarekin alderatuta. Nafarroan datu horiek %2,8 eta %2,2koak dira, hurrenez hurren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK