• EKONOMIA
  • Alokairuzko etxebizitzaren prezioak gora egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Alokairuzko etxebizitzaren prezioak gora egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian

Gipuzkoan %13,8 handitu da prezioa urtebetean. Nafarroan, izan da igoerarik apalena (%3,5)

Alokairuko etxebizitzaren metro karratu batek 14,4 euro balio ditu batez beste EAEn | Argazkia: iStock
Alokairuko etxebizitzaren metro karratu batek 14,4 euro balio ditu batez beste EAEn | Argazkia: iStock
2024eko uztailaren 1a
Eg. 2024eko uztailaren 1a

Idealista etxeak argitaratutako azken txostenaren arabera, alokairuzko etxebizitzaren prezioa %10,3 handitu da azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala, metro karratuaren prezioa 14 eurokoa da hilean. Nafarroan, aldiz, igoera apalagoa da, %3,5 handitu baita prezioa. Horrela, Hego Euskal Herrian etxebizitzaren prezioak goranzko joeran dihardu nabarmen. Gipuzkoan, alokairuzko etxebizitzaren hileko errenta %13,8 hazi da urtebetean, %9,6 Bizkaian eta %6,5 Araban.

 

Gipuzkoa da lurralde garestiena, alokairuzko metro karratuaren prezioa 16,3 euro baita hilean. Bizkaian metro karratua 13,6 eurotan dago, Araban 11,1 eurotan eta Nafarroan 10 eurotan.

Hiriburuka, Donostiako alokairuzko etxebizitzen prezioa %11,1 hazi da azken urtean, Bilbokoena %8,7, Gasteizkoena %8,3 eta Iruñeko etxebizitzena %2,8.

 

Beraz, metro karratu merkeena egun Iruñean aurki daiteke (10,7 euro), eta garestiena Donostian (17,6 euro). Bilbon 14,2 euro balio du metro karratuak eta Gasteizen 11,5 euro hilean.