Amaia Nausia: "Patriarkatua eta kapitalismoa mendeetan bidelagun izan dira, batak bestea behar du"

Historiografia ofizialak emakumeek mendeetan zehar egindako ekarpenak desagertarazi dituela dio Nausiak. Bazterrean geratutakoak erdigunera ekarri ditu bere ikerketa lanetan, eta egungo sistema kapitalistak kolektibo hauek itotzen dituela adierazi du

Amaia Nausia | Argazkia: Utzita Amaia Nausia | Argazkia: Utzita

Historialaria da Amaia Nausia Pimoulier (Iruñea, 1982). Historiografia ofizialean bazterrean geratu direnak ikertzeaz arduratu da bere ibilbidean zehar, tartean emakumeak. Aro Modernotik hona, historiaren kontakizunaren begirada aldatu nahi izan du, eta horren emaitza izan dira besteak beste, Ni casadas ni sepultadas. Las viudas: una historia de resistencia femenina XVI eta XVII. mendeko alargunetan oinarritutako saiakera edota ¿Vírgenes o putas? Más de 500 años de adoctrinamiento femenino izeneko lana. Nafarroako Unibertsitatean doktorea eta Eusko Ikaskuntzako egitasmoen arduraduna ere bada Nausia. Historia ikertzeaz gain, iraganeko gertakizunen inguruko dibulgazioaren garrantzia aldarrikatzen du, eta historian zehar emakumeak isilpean gordetako ekarpenak azaleratzeak hauen askapena ahalbidetu dezakeela uste du. Historia ofiziala eraikuntza bat den heinean, eraikitako guztia deseraiki baitaiteke.

Zure ikerketa lanak kontuan harturik, nola esango zenuke aipatu dela emakumea historian zehar?

Nik esango nuke historiaren kontakizunaren bazterretan utzi dela, eta noizbait aipatu bada, gizonezkoen paperak jokatu dituztenean izan dela, erreginen kasuan adibidez. Aipatuak izan dira ere zegokien rola apurtu izanagatik jazarriak izan direnak. Joana Arcekoa, adibidez. Gizonezko eremuan protagonismoa hartu dutenak agertu dira normalean, eta kontakizunetik baztertuak gelditu dira beste emakume guztiak, egunerokotasunean protagonistak zirenak. Eremu politiko-instituzionalean protagonismorik izan ez dutelako ez zaie lekurik eman. Askotan ere historiak ahaztu ditu, haien ekarpenak desagertarazi dituelako.

Historiografia tradizionalak ez die aitortu beraien papera. Errenazimenduko margolarietan ari naiz pentsatzen, Sofonisba Anguissolan, esaterako. Askotan beraien lanak interpretatu dira gizonekoen lanak bailira, eta hori inbisibilizatzeko modu bat da, ezikusiarena egiteko.

Bi ereduren arabera aztertuak izan gara. Batetik, rola betetzen zuten emakume egokiak eta bestetik, emakume gaiztoak, espero zena ez zutenean egiten gaizki tratatuak izan zirenak. Cleopatra bera adibidez, gaizkiletzat hartua izan da.

Zuk begirada bazterrera eraman duzu, eta historian zehar emakumearen egunerokotasun horretan jarri duzu.

Nik beti diot historian genero perspektiba aplikatzeak bi bide izan ditzakeela. Bat izanen litzateke erreferente tradizionalak bilatzea, eta orduan tradizionalki garrantzitsutzat eman diren eremu horietan emakumeen ekarpenak bilatzea, hau da, historia politikoan edo instituzionalean aurki daitezkeen pertsonai handi horien historiak bilatzea. Baina nik uste dut genero perspektiba txertatzen badugu, harago joan beharko ginatekeela eta gure buruari esan historiografia tradizionalak esan digun hori gizonak protagonistak izan diren eremuak soilik direla.

Genero perspektiba txertatzen badugu, harago joan beharko ginateke, eta gure buruari esan behar diogu historiografia tradizionalak esan digun hori gizonak protagonistak izan diren eremuak soilik direla

Beste eremu batzuei garrantzia eman beharko genikeela uste dut. Hain zuzen ere, emakumeen eskuetan egon diren eremuak, adibidez, zaintza eta egunerokotasuneko bizitza, eta baita ere historia kolektiboa. Nik ere hori aldarrikatzen dut, ez bakarrik genero perspektiba, baizik eta kolektibitatearen garrantzia ere bai. Hor bazterretan gelditutako guztiei lekua eman behar zaie, ez bakarrik emakumeei, baita ere herri kolonizatuei edo, klasearen ikuspegitik, langilegoari. Behetik egiten den historia hori ardatz hartuta, nik uste dut interesgarriagoa dela. Emakumeen kasuan hori egiten badugu, ikusten dugu emakumearen paperak garrantzia hartzen duela. Gaur egungo perspektibatik ere emakumeok errrekontziliatzen gaitu gure historiarekin. Gerla Lerner-ek esaten zuen bezala, hori ere bada emakumeen kontrako beste biolentzia mota bat, guk ez dugula ekarpen historikorik egin esatea. Eta bada ahalduntzeko bide bat, ohartzea gizateriaren %50 izanda, guk ere ekarpenak egin ditugula, eta guk ere historia egin dugula.

Zenbaterainoko garrantzia du emakumearen historia aztertu eta ezagutzeak gaur egungo borroka feministari begira?

Nik uste dut ikerketa egiten dugunontzat oso garrantzitsua dela dibulgazio lana egitea. Ezagutza partekatua da edo ez da. Gaur egungo borroka feministarentzat, beste gizarte bat eraikitzeko bidean, historiaren azterketak guk gaur ditugun gizarte antolakuntza eta ekonomia sistema eraikitako zerbait dela erakusten digu, eta generoaren ikuspegitik, rolak eraikuntza historiko bat direla, ez dela zerbait naturala eta betikoa. Historia ez dela, kontatu diguten moduan, lineala, hau da, garai batean okerrago geundela eta gure gizakion historia dela eboluzioaren historia, eta hobera egin dugula. Ideia hori XIX. mendeko asmakizun bat litzateke, kapitalismoaren narrazio eraikuntza bat. Orduan, gauzak eraiki diren moduan, deseraiki daitezke, eta beste gizarte antolaketa mota batzuk posible dira. Askotan ezin dezakegu amestu imaginatzen ez duguna, irudikatu ezin dezakeguna. Historiak erakusten digu hori eraiki egin zela, eta generoari dagokionez, existitu direla beste antolaketa motak patriarkalak ez zirenak. Niretzat oso askatzailea da hori pentsatzea, ze bestela ezingo genuke amestu beste mundu posible batekin.

"Beste gizarte bat eraikitzeko bidean, historiaren azterketak guk gaur ditugun gizarte antolakuntza eta ekonomia sistema eraikitako zerbait dela erakusten digu, eta generoaren ikuspegitik, rolak eraikuntza historiko bat direla"

Lehen aipatu duzu emakumeei bi rol egotzi zaizkiela historian zehar, onarena eta txarrarena nolabait, rola bete dutenena edo paper horretatik atera direnena. Zuk argitaratuko liburu baten izenburuan ¿Vírgenes o putas? aipatzen duzu, historian zehar emakumearen egoera islatu nahi zenuen titulu honekin?

Liburu hori saiakera bat izan zen, eta hori zen islatu nahi nuena. Berriro ere, eraikuntzei buruz hitz egin, eta une historiko batean emakumearen ideala eraiki egin zela azaldu. Oso atzetik datorren kontua da, patriarkatuaren sorreratik eraikitako diskurtsoa da, orain dela 500 urtetik hona indartu dena, batez ere, estatu modernoaren eta kapitalismoaren eskutik. Eraikuntza bat izan da non jokabide sexual batean, kastitatean, oinarrituta dagoen emakumearen ideal bat ezarri den. Baita erreprodukzio gaitasunaren kontrolean, amatasunean. Horren arabera, rol hori betetzen zuten eta duten emakumeek ideal hori betetzen dute, eta bestetik hortik kanpo geratzen direnak emakume gaiztoak edo "putak" lirateke.

Horri buruzko diskurtsoak egon dira. Horretan adoktrinatu gaituzte eta jarraitzen gaituzte adoktrinatzen, hortik ateratzen diren guztiak diziplinatzen edo zigortzen. Azken mendeetan indartu den diskurtsoa dela azaltzen dut saiakeran, eta eraiki den bezala, deseraiki behar dela. Historian diskurtso hori zertarako eta zergatik eraiki den azaltzea eta zer zama duen ezagutaraztea, gaur eguneraino iristen diren kontuak dira eta.

Zure tesia Aro Modernoaren hasierako (XVI eta XVII mendeak) alargunen kasuan zentratu zenuen, eta horren emaitza da Ni casadas ni sepultadas. Las viudas: una historia de resistencia femenina izeneko saiakera. Zergatik aukeratu zenuen alargunen figura?

Alargunak oso interesgarriak iruditzen zaizkit subjektu historiko bezala, emakumeen alarguntasunean batzen baitira patriarkatuaren beldur guztiak. Alde batetik, emakumea izateagatik sistema patriarkalarentzat generoak inplikatzen dituen arriskuengatik, baina, bestetik alargunak emakumeak direlako, baina nolabait “askeak”. Beren ondoan ez dute gizonik, beraien bizitza kontrolatzeko. Alarguntasunak dakarren askatasun horrek izugarri kezkatzen du garaiko gizartea, eta gaur egungoa ere esanen nuke.

Emakume batek geroz eta zaharragoa izan, geroz eta aukera gehiago ditu alargun izateko, beraz, alarguntasuna eta emakumearen zahartzaroa oso lotuta daude. XVI eta XVII mendeetan, emakumeen gaineko adoktrinamendua amatasunaren papera eta zaintza izan zela jakinik, emakumearen zahartzaroak oso ikuspegi ezkorra zuen, behin erreprodukzio gaitasuna galduta. Emakume hauek ez ziren oso ongi ikusiak. Gainera, beraien senarraren ondarea kudeatzeko gaitasun handia zuten, eta horrek botere ekonomiko bat ematen zien. Egoera honek kezkatzen zuen sistema patriarkala.

"Alargunek beraien senarraren ondarea kudeatzeko gaitasun handia zuten, eta horrek botere ekonomiko bat ematen zien. Egoera honek kezkatzen zuen sistema patriarkala"

Baziren ere esperientzia sexualak zituzten emakumeak. Ezkondua egoteagatik bazeuketan esperientzia sexual bat eta bakarrik bizitzeak kezkatzen zuen autoritatea, zer egingo zuten askatasun, esperientzia sexual eta kudeatzen zuten diru horrekin. Garaiko instituzio zibil eta eklesiastikoek emakume hauek kontrolatzeko eta jazartzeko mekanismoak nola jarri zituzten ikusteko oso figura interesgarriak dira eta horregatik aukera nituen.

Ikerketa egiterako orduan, Aro Modernoa ere nahita aukeratu duzu, garai gakoa delako, estatu modernoaren sorrerarekin, eta familiaren instituzioaren bitartez, kontrolarekin nolabaiteko obsesioa dagoelako, emakumea eremu publikotik eta lan mundutik at geratzen delarik. Nola gauzatzen da prozesu hori?

Ni modernista naiz, eta bereziki lehen Aro Modernoan aditua, XVI eta XVII mendeetan. Nik beti diot gaur egungo egoera ulertzeko mende interesgarrienak direla. Estatu modernoa, hau da, egun Europan existitzen diren estatu gehienak une horretan sortzen dira, eta baita ere gaur egun dugun sistema ekonomikoa, kapitalismoa. Gaur egungo gizartea ulertu nahi baldin badugu, Aro Modernoa ulertzea ezinbestekoa da, izan ere, patriarkatuaren diskurtsoa indartzen da garai honetan.

Historia gaizki azaldu digutenez, garai honi Errenazimendua deitzen zaio, eta humanismoaren garaia da korronte intelektual gisa. Beti begirada oso baikorra izan du historiografia tradizionalaren ikuspegitik, baina, aldi berean, garai honetan sorgin ehiza eta emakumeen kontrako diziplinamendu oso bortitza ematen da. Jokabide publiko eta pribatuak asko kontrolatzen dira, eta ideal horretatik ateratzen diren pertsona guztiak jazarriak eta zigortuak izan ziren.

"Gaur egungo gizartea ulertu nahi baldin badugu, Aro Modernoa ulertzea ezinbestekoa da, izan ere, patriarkatuaren diskurtsoa indartzen da garai honetan"

Erdi Aroak oso marketin txarra izan du, aro beltza eta iluna bezala ikusi izan da, baina emakumearen ikuspegitik lan munduan atzerapausoa Aro Modernoan eman zen. Lan munduan dibisio sexuala sakondu egin zen, eta Erdi Aroan lanbide askotan emakumeak bazeuden, igeltseroak, zapatariak…, Aro Modernoan espazio horiek galdu zituzten. Gremioen estatutuetan emakumeak kanporatuak izan ziren, jada ez ziren gremioko kide gizonen parekoak, eta horrek atzerapauso bat susposatu zuen eremu publikoari dagokionez. Gainera, garaiko tratatuek, kristautasunak eta estatuak emakumearen rola zaintza eta etxean gelditzea zela zioten. Estatu modernoarentzat oso instituzio zentrala izan zen familia. Ulertzen zen familia zela estatu txiki bat eta estatu txiki guzti horiek funtzionatzen bazuten, estatu handiak ere ondo funtzionatuko zuela uste zen. Bakoitzak estatu txiki horren barruan, familiaren barruan, argi izan behar zuen bere rola, eta gizonaren papera indartu zen bitartean, emakumearen papera bideratu zen zaintzara eta etxean egotera. Eremu publikotik kanporatuak izan ginen, eta hori lan munduan argi ikusten da. Salbuespena alargunak dira, eta horregatik aipatzen dut liburuan lan munduan izan zuten papera. Erresistentzia esparru bat izan zelako. Adibidez, gremioen kasuan ehundaka alargun egon ziren XVI eta XVII mendeetan zehar, Nafarroako gremioen kontra lehiatzen, beraien eskubideengatik borrokatuz.

Zertan zetzan emakumeen erresistentzia garai horietan?

Lan munduan alargunen kasua azpimarratuko nuke. Gremioetan emakume guztiak kanporatuak ziren bitartean, hauek salbuespen bat zuten estatutuetan, eta urtebetez baimena zuten denda eta tailerra irekita edukitzeko, ekoiztutako soberakin guztia saldu ahal izateko eta alarguntasunean hobeki bizi ahal izateko. Alargunek lehiatu zuten eta kasu askotan ere auzitegien aurrean urtebete pasata ere dendak eta tailerrak irekita izatea lortu zuten.

Polita da ere medikuntzaren munduan geratu zena. Polita eta gogorra aldi berean. Tradizionalki emakumeen eskuetan zegoen lana zen sendagileena edota emaginena. Amonak egiten zuelako etxean, gero amak, gero alabak… beraien gorputzaren ezagutzan oinarritzen zelako, eta baita ahoz aho transmitituako ezagutzan ere. Baina, Aro Modernoan instituzionalizazio prozesu bat gertatu zen, ezagutza ere instituzionalizatzen da, unibertsitateak sortzen dira eta hor ikasketerako eskubideak duten bakarrak gizonezkoak dira. Talka handia egon zen mediku examinatu tituludunen artean eta sendagile eta emagin zirenen artean. Askotan sorginkeria salaketak egon ziren, emakumeen konpetentzia erditik kentzeko.

"Gremioetan emakume guztiak kanporatuak ziren bitartean, alargunek salbuespen bat zuten estatutuetan, eta urtebetez baimena zuten denda eta tailerra irekita edukitzeko, ekoiztutako exzedente guzti hori saldu ahal izateko"

Moraltasunari dagokionez, kastitatean eta amatasunean oinarritutako ideal horren indartze bat ematen da, eta emakume askok, askotan beharragatik, hau da, baldintza materialak aseak ez zituztelako, beraien gorputzak jartzen zituzten, prostitutak edo artekariak esaterako. Hau da, idealarekin bat egiten ez zuten emakumeak, eta horregatik, jazarriak izan zirenak. Dena den, nik esanen nuke ospetsuena litzatekeela sorginen kasua eta sorgin ehiza. Askotan emakume arruntak ziren eta emakume izateagatik soilik jazarriak izan ziren, garaiko diziplinamenduaren biktika izanik.

Zaintza aipatu duzu arestian, pasa den Greba Feminista Orokorrean oinarrizko aldarrikapena. Aro Modernotik hona zenbateraino aldatu dira aldarrikapen nahiz erresistentzia esparru horiek? Aldatu al da hainbeste gure gizartea?

Ez dut oso ezkorra izan nahi, baina esanen nuke ezetz, diskurtsoen aldetik behintzat, generoen eta rolen estereotipoak eta idealak esanen nuke ezetz. Emakumearen ideala oinarritzen dugu oraindik emakume onaren paperakekin, bere jokabide sexualaren arabera, erreprodukzio gaitasunaren arabera, hau da, amatasunaren papera betetzen duen edo ez duen betetzen kontuan hartura. Diskurtso aldetik, nahiz eta forma aldatu den, nik esanen nuke ezetz.

Eztabaida jada oso konplexua izan daiteke. Egon diren olatu feminista ezberdinek hainbat kontu desberdin aldarrikatu dituzte. Ez da berdina 70. hamarkadan aldarrikatzen zena, non esaten zitzaigun emakumearen askatasuna etorri litzatekeela gizonezkoen paperak eginez, hau da, produzitzen, lan merkatura ateraz eta kargu politikoak hartuz, besteak beste, eta nik uste dut gaur egun diskurtso hori konplejizatu dela eta ikusi da hori ez dela nahikoa edo ez dela behintzat izan gure askatasunarako bidea.

"Bidea ez da gizonezkoen parean kapitalismoak eskatzen digun rol hori betetzea, baizik eta berriro ere begirada aldatzea, eta horregatik zaintza erdigunean, bizitza erdigunean jartzea. Desprestigiatuta egon bada zaintza, mendeetan emakumeon eskuetan egon delako izan da"

Horregatik, azkeneko aldarrikapenetan ere sistema kapitalistaren aurka egiten da, ezinbestean lotuta dagoelako. Patriarkatua eta kapitalismoa mendeetan zehar bidelagun izan dira, eta batak bestea behar du. Irauli beharreko zerbait litzateke, eta ez bakarrik emakumeen askatasuna lortzeko. Bidea ez da gizonezkoen parean kapitalismoak eskatzen digun rol hori betetzea, baizik eta berriro ere begirada aldatzea, eta horregatik zaintza erdigunean, bizitza erdigunean jartzea. Desprestigiatuta egon bada zaintza, mendeetan zehar gure eskuetan egon delako izan da, eta ez delako ere ekonomikoki ordaindu. Guk doan egiten genuelako, horretan oinarritzen da kapitalismoaren biziraupena.

Historialari gisa, aditua iraganean zara eta atzera begiratzera ohituta zaude. Bada, ausartzen al zara aurrera begiratzera? Nola ikusten duzu etorkizuna?

Alde batetik esperantza badut. Gaur egun klaseak eman ditut unibertsitatean eta harremana zuzena dut ikasleekin, eta nik uste gauza askotan kontzienteagoak eta askeagoak garela. Baina, beste gauza batzuk aldatu dira. Militantzia jaitsi da adibidez, eta hor baditugu erronkak. Nik asko sinisten dut kolektibitasunean eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Carlos Taibok kolapsoari buruz hitz egiten du askotan, kolapso ekonomikoa eta klimatikoa. Ez dakit kolapsoa iritsiko den, baina nik uste dut geroz eta kontzienteagoak garela sistema honek itotzen gaituela, ez bakarrik emakumezkoak, baizik eta sistemaren bazterretan gelditzen diren guztiak. Nik sinisten dut ikasi dezakegula historiatik, eraikuntza bat den heinean deseraiki daitekeela, eta beste modu batzuk bilatu ditzakegula, eta gainera uste dut ez daukagula beste alternatibarik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK