Amatasunek ekintzailetza proiektu kooperatiboetan duten eragina aztertu dute Artaziak eta Farapi kooperatibek, hausnarketa kolektibo eta parte hartzaile baten bitartez. Prozesuan Gipuzkoako 12 proiektu kooperatibok parte hartu dute eta haiekin abiatutako hausnarketa prozesua Amatasunak proiektu kooperatiboetan argitalpenean jaso dute.
Kooperatiba feminizatu eta gazteetan (25-40 urte) bereziki, ama bilakatzeak hankaz gora jarri dezake proiektua eta lantaldea. Izan ere, gaur egun, oso gutxi ikustarazten da kooperatibetan amatasunek duten eragina, eta hain zuzen ere, horregatik bultzatu dute prozesua: datuak falta zirelako. Beraz, amatasunak eta kooperatibismoa uztartzearen auzia lantzeko asmoz, azterketa prozesu partehartzaile bat abiatu dute.
Barrena hustutzeko beharretik sortutako ideia
2022an Artaziak eta Farapi kooperatibetako kideen arteko elkarrizketa informal batean sortu zen amatasunek proiektu ekintzaile kooperatiboetan duten eragina aztertzeko ideia. “Elkarrizketa hori barrena hustutzeko momentu batean eman zen. Elkarri kontatu genizkion amatasunekin izaten ari ginen erronkak gure kooperatibetan, eta hurrengo elkarrizketa batzuetan erabaki genuen formalki eustea gaiari”, onartu du Oihane Beñaranek, Farapi kooperatibako kideak.
Ondoren, azterketa hori garatzeko forma eta bide desberdinak pentsatzen, eta horretarako baliabide ekonomikoak bilatzen hasi ziren. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamentuen diru-laguntza batekin egin dute prozesua, eta Artaziak eta Farapi kooperatibek ere haien baliabideak inbertitu dituzte. Halaber, Kulturarteko Plaza Feministaren laguntza izan dute.
Ana Revuelta (Artaziak): “Prozesua guk bideratu dugu eta jasoketa lanak egin ditugu, baina ikerketa kolektiboa izan da”
“Prozesua guk bideratu dugu eta jasoketa lanak egin ditugu, baina ikerketa kolektiboa izan da”, adierazi du Ana Revueltak, Artaziak kooperatibako kideak. Aztiker, Emagin, Hiritik At, IDo Hitza Argia, Irule Abokatuak, Juntura, Parean, Tapuntu eta Zituene kooperatibek parte hartu dute.
Hausnarketa kolektiboa
2023ko azaroaren eta 2024ko otsailaren bitartean hausnarketa kolektiborako hiru saio antolatu zituzten Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, eta hamabi entitatek parte hartu zuten bertan. Izan ere, ikerketa parte hartzailera Gipuzkoan kokatutako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko proiektu kooperatiboak gonbidatuta zeuden, eta gonbidapena onartu zuten proiektuekin egin zuten prozesua.
Nola izan zen lehenengo amatasun iragarpena kooperatiba bakoitzean? Zer nolako eragina izan zuen lan-taldean eta proiektuan? Nola bizi izan zuten norbanakoek? Zein irakaspen atera zituzten bertatik? Hausnarketa galdera horien inguruan egin zen. Horrela, amatasunek, gaur egun eta gure testuinguruan, sortzen dituzten tentsio, desoreka, aliantza eta iraultzetan zentratu da prozesua. “Lan produktiboa eta erreproduktiboaren arteko talkan bizi garen jendarte honetan, alternatiba eraiki ditzaketen talde akordio eta erabaki kolektibo feministak irudikatu, sortu eta partekatu dituzte elkarrekin”, dio Barañanek.
Oihane Beñaran (Farapi): “Lan produktiboa eta erreproduktiboaren arteko talkan bizi garen jendarte honetan, alternatiba eraiki ditzaketen talde akordio eta erabaki kolektibo feministak irudikatu, sortu eta partekatu dituzte elkarrekin”
Edonola ere, datu kuantitatiboetan baino, datu kualitatiboetan oinarritu dute ikerketa. Horregatik, bost eremu identifikatu dituzte eta horiek praktikatik eta eguneroko lanetik elikatu dituzte. Honako hauek izan ziren taldean adostasuna zuten bost eremuak: eragina antolakuntzan, lehentasun arteko talkak, talde harremanetan tentsioak, malgutasuna eta kontzializazioa eta eragin ekonomikoak.
Inspiraziorako eta orientaziorako tresna
Artaziak eta Farapi saioen garapenaren fase guztietaz arduratu dira, hala nola saioen diseinua, dinamizazioa, fazilitazioa, antolaketa, jasotako lantzea eta sortutako ezagutza horri forma ematea.
Bi urteko lan handiaren ondoren, identifikatutako bost erronka multzo horietan parte hartu duten kooperatibek dituzten estrategiak tresna batean batu dituzte, guztiz doakoa dena eta online sarbidea duena. Tresna kooperatiba txiki eta ertainentzako dago pentsatuta, eta ekonomia feministaren markoan eginda dagoen heinean, marko horretan dauden edo egon nahi duten kooperatibentzako bereziki. Saioetan egon ez diren kooperatibentzako ulergarria eta erabilgarria izatea erronka handia izan da, baina saioetako ezagutzaren destilazio lana egin dute tresna horretan.
Estrategiak ez dira gomendioak, gaur egun kolektibo zehatz batzuek dituzten mekanismoa propioak baizik, eta inspiratzeko eta orientatzeko balio dezaketela uste dute
Revueltak adierazi duenez, estrategia horiek ez dira gomendioak, gaur egun kolektibo zehatz batzuek dituzten mekanismoa propioak baizik, eta inspiratzeko eta orientatzeko balio dezaketela uste dute. Hala ere, kooperatiba bakoitza mundu bat da, eta talde bakoitzak modu desberdinetan bideratu ditzake estrategia horiek.
Argitalpena inspiraziorako eta hausnarketarako tresna bat da. Horregatik, eremu bakoitzaren inguruko galdera deserosoak botatzen dizkiote irakurleari. Amatasunek tentsioan eragin ditzakete kooperatibetan, eta tentsio horiek mahaigaineratzeko eta horien inguruan hitz egiteko aitzakia izan daiteke tresna.
Argitalpena inspiraziorako eta hausnarketarako tresna bat da. Horregatik, eremu bakoitzaren inguruko galdera deserosoak botatzen dizkiote irakurleari
Erabiltzeko moduari dagokionez, Barañanen eta Revueltaren gomendioa da kooperatibek tresna hori irakurtzea eta irakurritakoaren inguruko talde-eztabaida egitea, denboraz eta elkar entzuteko prestutasunarekin.
Praktikatik teoriara salto egitea
Proiektuarekin hiru helburu nagusi bilatu dituzte. Lehenik eta behin, Gipuzkoa mailan ekonomia sozialean dauden proiektu feminizatuetan amatasunen aurrean egindako hausnarketak, praktika onak eta txarrak, eta ikaspenak ezagutzea eta identifikatzea. Bigarrenik, identifikatutako kooperatiba eta iniziatiba ekonomikoak elkarrizketan jarri euren artean esperientziak eta ikasketak partekatzeko eta elkarrekin eraikitzeko. Eta, azkenik, esperientzia horretatik aterako diren gakoak, parte hartzaileentzako ikaste eta jabetze prozesua izateaz gain, sortuko diren etorkizuneko proiektuentzako tresna bat izatea.
Esperientzia horretatik aterako diren gakoak, parte hartzaileentzako ikaste eta jabetze prozesua izateaz gain, sortuko diren etorkizuneko proiektuentzako tresna bat izatea bilatzen dute
Helburua da erronka horietan, eta ikuspegi feministatik egitea ariketa. Hasieratik argi zuten ez zutela soilik egoera aztertu nahi, eraldaketa bat gauzatzen saiatu baizik. Horregatik, egin duten dokumentua ez da ondorio dokumentu bat, hausnartzeko eta haien kooperatibak errebisatzeko tresna bat baizik. Izan ere, hauteman dute beharrezkoa dela amatasunei buruz modu kolektiboan eta kritikoan hitz egiteko espazio bat izatea. “Saioetan hitz egin ziren gauza asko partekatuak ziren, eta horrek erakusten du erronkak egiturazkoak direla, eta ez direla norbanako gutxi batzuei gertatzen zaien zerbait”, aldarrikatzen du Revueltak.
Tresna zabaltzea eta sozialiatzea, ikuspegi feminista jarraituz
Partaideekin tresna partekatu zutenean, oso harrera ona izan zuen. “Prozesuan parte hartu ez zuten beste kooperatibakide batzuek adierazi digute oso erabilgarria eta praktikoa iruditu zaiela”, kontatu du Barañanek.
Tresna oso orekatua dago teoria eta praktikaren artean. Haien ustez, beharra zegoen ekonomia feministaren aplikazio praktikoa egiteko eta akademiatik lantzen den teoria eta mugimendu feministaren aldarrikapenak egunerokotasunean txertatzeko; halaber, haiek haien kooperatiben egunerokotasunean ere lantzen dute.
Oihane Beñaran: “Prozesuan parte hartu ez zuten beste kooperatibakide batzuek adierazi digute oso erabilgarria eta praktikoa iruditu zaiela”
Prozesua lehenengo hurpilpen bat izan da, eta identifikatu dituzten horieri erantzuteko erronka handia dute orain kooperatibetan. Hurrengo urratsa da tresna hori sozializatzea eta kooperatibismoa sustatzen den espazioetan horren berri ematea, kooperatiba gehiagorengana iritsi ahal izateko.