Amillubi baserria: lehen sektorea ogibide izaten jarraitzeko

EAEko populazioaren %1k soilik egiten du lan lehen sektorean, eta belaunaldi aldaketa beharra dago. Nekazaritzan lan egin nahi dutenentzako laguntza bilakatu nahi du proiektuak

 Amillubiko talde eragilea | Argazkia: Amillubi Amillubiko talde eragilea | Argazkia: Amillubi

Mugimendu agroekologiko gisa definitzen da Amillubi Taupaka proiektua, Gipuzkoako lurren erabilera birmoldatzeko hautua egin duena. Zestoako Iraeta auzoan dagoen Amillubi baserria zein inguruko lurrak babesteko eta bertoko ekoizleek ustiatzeko helburua du egitasmoak, eta hori lortzeko diru bilketa hasi berri dute. Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak sustatu du Amillubi, lehen sektoreak bizi duen egoera eraldatzeko. Belaunaldi aldaketa zein elikagaien deslokalizazioa aldatu behar diren faktoreak dira elkartearen arabera.

Azken hiru hamarkadetan, 5.500 hektarea nekazal lur jada ez dira nekazaritzara bideratzen, zortzi mila futbol zelai adina suposatzen duena. Ildo berean, euskal lurraldeetan etxebizitzetara, azpiegituretara edota bestelako jarduera ekonomikora bideratutako lurraren azalera bikoiztu egin da elkartearen arabera, lehen sektorearen presentzia gutxituz. Testuinguru hau ikusita, Amillubi baserria nahiz inguruko lurrak erosi nahi ditu Biolurrek proiektua aurrera eramateko. “Tokikotasuna babestu nahi dugu bertan produzitu eta bertokoei emateko”, nabarmendu du Jone Arizti proiektuko kideak.

Egitasmoko kide eta baratzezaina da Arizti, horrelako proiektu baten beharra argi ikusten duen nekazaria. Ekoizle berriak lan egin ahal izateko lurrak izatea babestu nahi dute, “espekulaziotik” zein bestelako jarduera ekonomikotik “babesteko”. Lur horiek lehen sektoreko jardueretara ustiatuko dituztela argi du, bertoko produktuak indartzeko. Filosofia baten baitan mugitzen dira: “Ekoizleak, herritarrak eta erakundeak batu nahi ditugu”.

Jone Arizti: “Tokikotasuna babestu nahi dugu bertan produzitu eta bertokoei emateko”

Nekazaritzan zein abeltzaintzan edota lehen sektoreko edozein jarduera landu nahi duen orori dei egin die Amillubi proiektuak, lanbidea aurrera eramateko “erraztasunak” eskaintzea duelako xede. “Askotan nekazaritzan hasi nahi duen norbaitek arazoak izan ditzake lurrak lortzeko”, mahaigaineratu du baratzezainak. Honako erronkei erantzuteko premiarekin jaio da proiektua adituaren esanetan, baserriko lurrak ustiapenera lagatzeko aukera eskaintzen duelako. Abenduaren 1ean aurkeztu zuten proiektua, Azpeitian, ostera Durangoko Azokan ere aurkezpena burutzeko. Diru bilketa eta ekarpen prozesuan buru-belarri daude une honetan.

390.000 bat euro batzeko helburua dute finantzazio kanpaina honekin, lurra eta baserriak behar dituen konponketak egiteko. Egun, erakunde publikoekin elkarlanean, jada “dinamikak” egiten dituztela azaldu du Ariztik. Elkarte barruan dauden ekoizle taldetan egiten ditugu dinamikak, martxan dagoen jendeari babes bat eskainiz, nahiz eta asko dagoen egiteko oraindik. Bide horretan, nekazariak uste du proiektuak berak “ziurtasuna” duela, ibilbide luzeko elkarte batek sustatzen duela eta egin dituen aliantzak potenteak direla ikusita. “Proiektu erakargarria da jende motibatua dugulako erronkari aurre egiten”, azpimarratu du, bai eta gehitu ere “tokiko laguntza” emateko premia dutela. Amillubi “bizipoza” da sektorearentzat.

Kokapen estrategikoa

Amillubi baserria Urola ibaietik gertu kokatuta dago, meandro naturalean finkatuta. Leku “estrategiko” gisa aurkeztu dute egitasmotik, uraren presentzia zein lurraren emankortasuna “bermatzen” dietelako. “Lur horiek nekazaritzarako aproposak dira”, dio Ariztik, bai eta gehitu ere lantalde ezberdinak dituztela lanketa ugari egiteko, hala nola abeltzainak, baratzezainak edota basozainak. Era berean, logistika antolatzeko aukera ere dute zonaldean, kostaldetik zein barrualde aldetik gertu daudelako adituaren esanetan. Orotara, bost hektarea baso eta lau hektarea belardiz osatutako lur eremuak ditu baserriak, balio “agroekologiko” handikoak direnak.

Sin título
Argazkia: Amillubi

Erronka handia aurretik, lehen sektorea dute oinarri, zailtasunez betetako egoera bizi baitu egun. “EAEn populazioaren ehuneko bata soilik ari da lehen sektorean, eta jubilatuko dena eta sartzen ari dena, ez da nahikoa erreleboa egiteko. Erreleboa badago, jendeak sartu nahi du lanean, baina joaten dena sartzen ari denarekin alderatuta, ez da nahikoa”, nabarmendu du Ariztik. Nekazari zein abeltzainen batez besteko adina 57 urtekoa da, eta hamar urtera langileen erdia baino gehiago jubilatu egingo dela argi islatu du. “Erreleborik ez dago”.

Jone Arizti: “EAEn populazioaren ehuneko bata soilik ari da lehen sektorean, eta ez dago oinordetzan hartuko duenik”

Amillubi bezalako proiektuen beharraz mintzo da nekazaria, produktu lokalen babesa zein bertoko nekazaritza babesteko batez ere. “Egun kontsumitzen dugun %90a baino gehiago kanpotik dator, eta horrek menpeko egiten gaitu”. Egoera ikusita, “mundu guztiari” eragiten dion auzia dela nabarmendu du Ariztik, mugimendu agroekologikoen garrantzia goraipatzeko eta Amillubi bezalako proiektuen ekarpena indartzeko. “Etxean eragina du nondik datorren jaten duguna, baina babestu beharra dugu”. 

Sarea sortzen

Testuinguru honetan, lan “duina” sortu nahi dute egitasmotik, “sare” bat osatuz. Informazioa helarazteko, formakuntza sustatzeko eta erraztasunak emateko sare bat eratu nahi da proiektuarekin, erakunde publikoak, banakoak zein proiektua bera batuko duen sarea izango dena. Etorkizunean hura “zabaltzeko” aukera egongo dela azpimarratu du Ariztik, eta horrela “erreferente” bilakatu mugimenduan.

Nekazariak, dena den, “hegoaldean” erreferente bilakatu nahi direla argitu du, oinarri gisa Lurzaindia proiektua jaso baitu. Lurzaindia iparraldeko mugimendu agroekologikoa da, irabazi asmorik gabeko elkartea. Nekazariak izan nahi dutenentzat lurrak eskuratu eta ekoizteko uzten dizkieten elkartea da, oinarri gisa hartu zutena Amallubi sortzeko. “Hortik dator gure hasiera”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK