Ana Iriarte: “Ardoak ez du sexurik”

Gizonezkoekin lotzen den sektore batean egiten du lan berak, ardogintzan. Jendeak ulertzen ez duela eta, behin eta berriz aldarrikatu behar izaten du mahastizaina, autonomoa eta emakumea dela

Ana Iriarte bere mahastien parean | Argazkia: Utzitakoa Ana Iriarte bere mahastien parean | Argazkia: Utzitakoa

Ardoaren sektorean ere ikusezina izan da urte luzez emakumeen presentzia, beraien lana, beraiek egindakoa asko izan bada ere. Ardoari lotuta, emakume izen gutxi datozkigu burura. Egin dezagun ariketa: gizonezkoen izena daramaten zenbat ardo marka ezagutzen dituzu? Eta emakumeen izena daramaten zenbat? Anna de Codorníu cava salbuespena litzateke, eta Amaren ere kontuan har liteke, nahiz eta azken hau Luis Cañasena izan. Gehiengoak, ordea, gizonezko izena darama. Horixe errealitatea, baina ez sektorean emakumerik ez delako. Ana Iriarte mahastizaina da horietako bat. Ardoaren eta lurraren maitalea da bera, eta Iñaki Bengoetxearekin batera Baztango Xurie upategiko negozioaz arduratzen da. Autonomoa izanik, sektoreko lan arlo ia guztietan aritzen da beharrean, mahastiko lanetatik hasita, ardoa botiletan sartu, eta administrazio lanak egiteraino. Lan polita eta zaila aldi berean, baina denetan gogorrena: emakume izateagatik jendeak izan ohi duen jokaera.

Zerk eraman zintuen ardogintza sektorean lan egitera?

Lehen Iruñean bizi nintzen, baina aldaketa baten beharra sentitzen nuen. Iñaki Bengoetxea eta biok momentu batean herrian bizi eta lan egin nahi genuela konturatu ginen eta halaxe etorri ginen Arizkunera (Nafarroa), 2013an. Biok nekazal ikasketak ditugu eginda, eta orduantxe erabaki genuen teoriatik praktikara pasatzea. Mahastigintzak horretarako aukera ematen zigun, eta sektoreari lotuta Euskal Herriko beste esperientzia batzuk aztertu ondoren, tartean Irulegi Txakolina, aurrerapausoa ematea erabaki genuen. Jada hamar urte daramatzagu hemen.

Autonomo izanda, zein da ardogintza sektorean egin beharreko eguneroko lana?

Lan esparru ezberdinak jorratzea dagokit, horixe du autonomo izateak. Mahastiko lanez arduratzen naiz, kimaketetatik hasi eta mahatsa biltzerainoko prozesu guztiaz, tratamenduak egin eta belarra mozteaz gainera. Baina upategiko lana ere egin behar izaten dut, hau da, mahatsa biltzen dugunetik ardoa botiletara sartu eta etiketak jartzerainokoa. Salmenta lanak eta produktuen sustapena ere nire gain hartzen ditut, eta lan administratibo eta burokratiko oro ere egin behar izaten dut. Hala ere, enologo lanetan laguntza izaten dugu, Imanol Garai etortzen baita horretara. Urtean bospasei bisita egiten ditu Arizkonen dugun upategira eta ardotze prozesuan laguntzen digu. Guk egiten dugu lana baina berak bide horretan laguntza eskaintzen digu eta jarraibideak zeintzuk diren adierazten digu. Eskertzekoa da guretzat egiten duen lana.

“Mahastiko lanez arduratzen naiz, kimaketetatik hasi eta mahatsa biltzerainoko prozesu guztiaz, tratamenduak egin eta belarra mozteaz gainera”

Lan karga handia duzue, beraz. Horrek bere alde onak eta txarrak izango ditu…

Guztiz. Alde on asko ditu lan ezberdinetan aritzeko aukera izateak. Garai bakoitzak badu bere lana eta hori asko atsegin dut. Urtarrilean, esaterako, kimaketari ekiten diogu, eta batzuetan luze egiten denez, aldatzeko gogoa ere sartzen zait. Behin hori amaituta beste lan bat egitea egokitzen zait eta gustura hartzen dut aldaketa. Beti gustatu izan zait bulegoko lana eta kanpokoa, biak uztartzeko aukera izatea. Mahastizain izateak horretarako aukera ematen dit, jarduera bakoitzeko erritmoak ere ezberdinak dira eta gogotsu aritzen naiz lanean.

“Beti gustatu izan zait bulegoko lana eta kanpokoa, biak uztartzeko aukera izatea. Mahastizain izateak horretarako aukera ematen dit”

Kontraz, lan oso gogorra da eta horixe da gutxien gustatzen zaidana. Hutsetik hasi ginen, denbora, dirua eta energia asko kentzen duen lanbidea da, eta bueltan ezer gutxi jasotzen da hasieran. Hasiera samarrean erabaki genuen biotako batek kanpoan lan egin beharra ere bazuela, soldata kontuagatik ez delako bideragarria Iñaki eta biok mahastigintzan soilik aritzea, nahiz eta hori izan gure helburuetako bat. Ez dugu aberastu nahi, baina gustatuko litzaiguke bertan lan eginda bizimodu duin bat izatea. Bestalde, naturaren erritmo geldoa ere badago: 2013an hasi ginen proiektu honekin eta hamar urte egitear garen arren, hasiberriak garenaren sentsazioa dut oraindik. Mahastia landatu eta ekoizpena iritsi arteko prozesua luzea delako gertatzen da hori. Ederra eta gogorra da aldi berean.

Lanbide ederra eta aldi berean gogorra dela aipatu berri duzu. Emakumea izateak are gehiago zailtzen al du jarduera?

Egoera zaildu egiten du, bai, batez ere mahastizaintzan. Ardogintza sektoreari lotuta, upategietan gero eta emakume gehiago daudela esango nuke, gero eta presenteago daudela. Baina egoera bestelakoa da mahastigintzan, erabat maskulinizatuta dago, gizonezkoen lana da.

Baina badira sektorean emakumeak ere… Baztertua sentitu izan zara inoiz?

Zoritxarrez bai. Boteprontoan burura etortzen zaizkidanen artean dago, esaterako, Iñaki eta biok inausketarako guraize batzuk erostera joan ginenekoa. Dendariari guraizeak eskatu bezain laster ikusezin bihurtu nintzen, ez zidan entzuten, ez kontuan hartzen. Gizonezkoen arteko kontua zen, nik ezer ulertuko ez banu bezala. Oso gogorra da. Hain justu ere, beste batean, “baina zuk honetaz ulertzen duzu zerbait?” galdetu zidan saltzaile batek harridura aurpegia jarrita. Halako gauzak behin baino gehiagotan bizi behar izan ditut.

“Askotan sentitzen dut jendeak ez nauela langile bezala identifikatzen, ez nautela langiletzat hartzen. Askok uste dute nire denbora pasako jarduera soil bat dela edo laguntzaile hutsa naizela”

Lehendabizikoan amorratuta ateratzen zara dendatik edo zauden lekutik, baina bigarrenerako ikasi egiten da erantzuten. Hala ere, askotan sentitzen dut jendeak ez nauela langile bezala identifikatzen, ez nautela langiletzat hartzen. Behin eta berriz aldarrikatu behar izaten dut mahastizaina, autonomoa eta emakumea naizela. Jendeak ez du ulertzen, askok uste dute nire denbora pasako jarduera soil bat dela edo laguntzaile hutsa naizela, baina ardoak ez du sexurik, ez du horren araberako bereizketarik egiten. Lan asko egin ondoren modu horretan gutxiesteak min egiten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK