Andres Arizkorreta: "Burokraziak indar gehiegi hartu du"

Industriak aurrera egingo badu, hiruzpalau proiektu edo ildo identifikatzea gakotzat jo ditu CAFeko presidenteak

Zer da EnpresaBIDEA?
EnpresaBIDEA euskal hedabide digitala da, bertako informazio ekonomiko eta enpresarialean erreferente izan nahi duena, euskaraz. Gehiago jakin nahi duzu?
Harpidetu egunero gure berri jasotzeko:
Argazkia: Maialen Andres / Foku Argazkia: Maialen Andres / Foku

Egun industriak bizi duen egoera zailari balizko soluzioa topatzeak eskatzen du iniziatibak eta ildoak lehenestea. Hala da, behintzat, Andres Arizkorreta CAFeko presidentearen eta Euskal Enpresarien Zirkuluko presidentearen ustez. CAFen kasuan, egungo helmugara ailegatzeko trena hartzea ahalbidetu dien zenbait erabaki hartu zituzten duela urte batzuk. Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, finantza erakundeek —Bankoa-Abanca, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa—, eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolaturiko Etekin jardunaldiaren ostean hartu du EnpresaBIDEA. 

Etekin jardunaldietan parte hartu duzu eta talentua erakartzeko gakotzat jo duzu lankidetza. Zer iniziatibetan zabiltzate talentua erakartzeari begira?

Nik uste dut sentsibilizazioa dela garrantzitsuena eta Artizarra fundazioa, Aefame, Zedarriak eta Confebaskekin batera hori lantzen ari gara. Bi urte daramatzagu esanez problema bat daukagula eta ikerketa batzuk egin behar ditugula. Jendea geroz eta kontzienteagoa da, eta problema bati soluzio bat bilatzeko lehenengo diagnostikoa egin behar da. Uste dut diagnostikoa garbi dugula. Populazioa galdu egin dugu, jendea geroz eta zaharragoa da eta bi aukera dauzkagu: geroz eta txikiagoak izan edo kanpoko jendea ekarri.

Interes diferenteak daude eta perspektiba orokor bat behar izan dugu. Segur aski ez da posible izango dena batera soluzionatzea, beraz, 3-4 egitasmo bilatu behar ditugu. Inportantea da prozesua martxan hastea erakundeekin elkarlanean. Sentsibilizazioa denon artean sustatu behar dugu eta Etekineko jardunaldia ere hortik doa. Ez badugu elkarlana bultzatzen bakoitzak bere soluzioak bilatuko ditu eta enpresa askok zailtasunak dituzte, euren produktua edo egitura dela eta. Une honetan, automobilgintzan, esaterako, zaila da jendea mugiaraztea, jendeak ikusten baitu sektorea krisian edo krisiaren atarian dagoela.

Niretzat unibertsitatean dugu erronka handi bat, oso jende gutxi erakartzen baitugu gure unibertsitatetara. Gazteek ez dituzte nazioarteko unibertsitateak aukeratzen rankingean lehen 50etan ez badaude. Gureak non daude? Hemengo enpresetatik proiektu erakargarriak eraiki behar ditugu, selektiboak izan eta horiek bultzatu.

Informazio gehiago Lankidetza egin ezean, talenturik ez

Selektiboa izate horregatik enpresa batzuk kanpoan gera daitezke.

Gauzak hain ondo “antolatu” ditugunez, denak "café para todos" izan behar du. 20 milioi euro baldin baditugu egitasmo baterako, zer egin ohi dugu? 50.000 bakoitzari eta lio gutxiago. Badakit proiektua herritik edo perspektiba orokor batetik bultzatu behar dugula, baina gure agintariak ez daude prest horretarako. Burokraziak indar gehiegi hartu du. Badago liburu bat oraintxe bertan argitaratua, Kaput, el fin del milagro economico aleman izenekoa, Wolfgang Munchauk idatzia, Alemaniako kazetaria baina Ingalaterran lan egiten zuena. Azterketa bat egiten du Alemaniari buruz. Guk badugu Alemaniarekin, distantziak salbatuz, antzekotasun bat. Hiru zutabe finkatuta dauden herrialdearen estrategian: energia merkea Errusiatik, esportazioak Txinara eta euren dirua defentsara ez bideratzea, hori AEBk egingo baitu. Bat-batean, ordea, dena erori da. Berritu egin behar dute. Zer gertatzen da? Hain onak dira gauza batzuetan, hain uztartuta dute heziketa profesionala, unibertsitatea eta industria, ez direla kapaz negozio berriak sortzeko.

Hori gertatzen ari al zaigu guri ere bai?

Nik ez dut hori esaten, baina hori kontuan hartu behar dugu, eta disruptiboak izan behar gara. Enpresek adar berriak bultzatu behar dituzte, izan ere, konfiantza daukagu enpresetan eta enpresek dirua proiektu berri baterako jartzen du. Galdaragintzak laguntza galduko duela, bada, bai, baina dirua ez dago denentzako. Aukeratu behar da. Sektore berritzaile batzuetan apustua egin behar da. Bestela, hain ondo funtzionatzen duen sistema ez da kapaz izango berritzaile izateko, ñabardura guztiekin. Saiatu behar dugu programa orokorretatik partikularrera joaten, eta horrek bere arriskua du.

"Populazioa galdu egin dugu, jendea geroz eta zaharragoa da eta bi aukera dauzkagu: geroz eta txikiagoak izan edo kanpoko jendea ekarri"

Berritzaileago izan behar da, batez ere etorkizun bat izango duten proiektu horietan, baina, aldi berean, sailkapenetan EAE oso ondo kokatzen ari da berrikuntzan. Gauza batek ez du bestea kentzen?

Espainiako Estatu mailan ondo kokatuta gaude, baina estatu maila ez da gure erreferentzia. Europako sailkapenetan 250 herrialdeen artean 80. postu inguruan gaude. Bueltak ematea ondo dago, baina ez du balio. Besteekin konparatuz jende gutxiago daukagu. Eta zer gertatzen da? Industria dugunez, hemen gaudenok aberatsagoak gara, per capita errenta handia dugu. Baina hona datozenentzat ez dago estrategiarik. Ez dago goi mailako lanik. Hau ez da gure eredua, ezin dugu hori egin. Unibertsitateetatik lanean hasi behar gara. Orain dela ehun urte, Espainiako lehen Business Administration zentroa Bilbon ezarri zen, La Comercial. Bere garaian ere ingeniaritza eskola Bilbon muntatu zen, industria zegoelako eta logikoa zelako. Orain IESE, IE edota Esade ez daude hemen, eta Deustuk pisua galdu du. Lehiakortasun hori galdu dugu. Zenbat jende etortzen da ingeniaritza master bat egitera Euskal Herrira? Oso gutxi.

 52A1132
Argazkia: Maialen Andres / Foku

Uste duzu, beraz, ekosistema bat falta dela?

Ez dut esaten orokorki, baina hausnarketa egin behar da. Izan ere, batzuetan jendea ekintzaz ekintza eta dekretuz dekretu dabil. Baina benetako erabakiak hartu behar dira. Quantum, esaterako, apustu bat da. Ondo aterako da? Nik ez dakit. Apustua egin behar da? Dudarik gabe. Ordenagailua ekarri dugu, DIPC daukagu, baita CIC Nanogune ere. Ekosistema hori zaindu behar dugu eta ekosistema horrek plan txiki bat izan. Biozientzietan ere, esaterako, planteatu dezakegu zerbait egitea?

CAF, mugikortasun jasangarriari dagokionez, non egongo litzateke?

Gu momentu on batean gaude. Orain dela urte asko hain garbiak ez ziruditen erabaki batzuk hartu genituen, propultsiora edo seinalizaziora joatea, gu mekanikoak ginenenean. Orain 700 langile ditugu seinalizazioan bakarrik. Gerora pentsatu genuen hirietara ailegatzea eta Solaris bitartez iritsi gara. Eta Solaris berari ere buelta eman diogu, izan ere, orain dela zazpi urte autobusen %90 dieselak ziren eta orain %10 baino gutxiago dira, ia gehienak elektrikoak edo hidrogenozkoak dira.

Merkatu aldetik nahiko sentsazio onak dauzkagu. Kanpora esaten duguna barruan zaintzen dugu eta Boroa guretzat ikurra da, izan ere, garbi daukagu etorkizunean metro gehienak automatikoak izango direla, gidaririk gabeko ibilgailuak. Makinistarik gabeko trenak. Horrek langileen jaitsiera suposatzen du. Horren harira, bi gauza kontatuko dizkizut: Batetik, gogoratzen naiz orain dela urte batzuk Herbeheretako trenbideak kudeatzen dituen NS konpainiak, zeinari tren pila bat bidali dizkiegun, esan ziguten ea kapaz izango ginen trenak mugitzea gidaririk gabe depositotik linearaino. Bada, asmatu genuen. Eta honek funtzionatzen badu kontuan hartu beharra dago gure makinisten erdiak soilik maniobrak egiten dituztela trenak depositora sartzeko eta ateratzeko. Oraintxe bertan Herbeheretako deposito batera joanez gero, goizeko 5etan argiak pizten dira, ateek gora egiten dute eta trena bakarrik mugitzen da linearaino. NSk hori eskatzen baldin badu deposito guztietan negozio garapen bat dugu.

Besterik, gure taldean 400 pertsona dauzkagu softwareak garatzen. Ordenagailu horiek, seinalizazioa, propultsio sistemak eta beste gauza batzuk garatzen dituzte. Jendea erakartzeko dauzkagu problema pilo bat eta produktibitatea igo egin behar da, bada ikusi dugu adimen artifizialaren bitartez posible da softwarearen garatzean ziurtatzea produktibitatea igo egingo dela %30. 120 langile gehiagoko gaitasuna daukagu. Orduan, gauza horietan adi egon behar da eta pausoak ematen ari gara ziurtatzeko etorkizuna.

"Batzuetan jendea ekintzaz ekintza eta dekretuz dekretu dabil. Baina benetako erabakiak hartu behar dira. Quantum, esaterako, apustu bat da. Ondo aterako da? Nik ez dakit. Apustua egin behar da? Dudarik gabe"

Automatizazioak zer ekarpen egiten dio langile falta konpentsatzeari?

Gaur goizean kontseilari delegatuarekin hitz egin dut, Polonian zegoen, soldadurarako fabrika bat ia-ia automatizatu batean. Soldadorerik ez baldin badago, robotizazioa eta automatizazioa gora joango da. Adimen artifiziala geroz eta gehiago sartzen ari gara, errealitate birtuala eta biki digitala. Gure asmoa da prozesuaren puntu kritikoan frogak egitea, eta horietako batzuk fabrika barruan eta beste batzuk kanpoan egiten dira. Diseinuaren onarpena errealitate birtualaren bitartez onartzea nahiko burokratizatuta dugu gure bezeroekin, eta orain frogak egin nahi ditugu. Horrekin epeak laburtzea lortuko dugu.

 52A1295
Arizkorreta, Etekinen hitzaldian | Argazkia: Maialen Andres / Foku

Talentuaren erronka nola ikusten duzue CAF barruan?

Une honetan 70 heziketa zentro baino gehiagorekin dugu harremana, eta ez dira soilik hemengoak. Gainera, urtero gure fabrika eta instalazioetatik 600 ikasle baino gehiago pasatzen dira, bekak, gradu amaierako lanak, formazio dualak direla eta. Apetitua sortarazten diegu. Gure proiektua azaltzen diegu eta horietako batzuk posible dute enpresan geratzea. Enpresa guztiak ari gara hori egiten, eta enpresa txiki batek zaila du gurekin lehiatzea, ulertzen dut. 

Batez ere atzerritarren partean diozu?

Oso internazionalizatuta gaudenez, ikasle askok praktikak egin nahi dituzte, baina ez hemen, Australian edo Estatu Batuetan. Aukera gehiago dauzkagu eskaintzeko ikasleei.

Talentuarentzat erakargarria da administrazio publikoa, eskaintzen dituen baldintzengatik. Publikora jotzen duten pertsona horiek formatu beharko lirateke, alde publiko horrek ez dezan jo burokratizaziora?

Nik konfiantza gutxi daukat, ez baita bakarrik hemengo fenomeno bat, leku gehienetan gertatzen da. Ez dut uste administrazio publikotik hori mugituko dutenik teknologia berriekin. Enplegu publikoa pribatua baino gehiago igotzen ari da eta hori niretzat ez da ona. Lehendakariak berak esaten du gauzak sinplifikatu egin behar ditugula, proiektu batzuk egiteko txosten ugari egin behar direla. Baina eurek muntatu dute hau, bada desagertzea askoz zailagoa da, gero etortzen baitira epaiak eta epaileak eta dena oso judizializatuta dago. Eszeptikoa naiz burokrazia sinplifikatu eta egungo egoerari buelta emateko kapaz izango garen.

"Eszeptikoa naiz burokrazia sinplifikatu eta egungo egoerari buelta emateko kapaz izango garen"

Nola egin dezake sektore pribatuak publikoari irabazteko edo administrazio publikora doan talentu guztia orekatzeko?

Nik uste dut kritikoak izan behar garela. Gure garaian publikoan pentsatzea ia ezinezkoa zen, diktadura garaia baitzen, baina enpresa proiektu erakargarriak sortu behar ditugu eta gazteei aukera eman Australiara joateko, satelite bat bidaltzera, esaterako. Askok jada erabaki pertsonala egin dute eta irakasle izango dira. Ingeniari eta ekonomia alorreko langile batzuk hezkuntzara joatea erabaki dute, eta beste batzuk suhiltzaile izatea, urtean 70 egun bakarrik lan egingo dituztelako.

Mugikortasun jasangarriaren parte horretatik erakargarria izan daiteke CAF?

Sektorea nik uste dut momentu on batean dagoela. Jendea hirietara joaten da, eta geroz eta oztopo gehiago daude kotxeentzat. Jende gaztea ohitura hartzen ari da metroa, tranbia eta autobusa erabiltzeko eta gu nahiko baikorrak gara, kontziente izanik hemendik 20 urtera zer gertatuko den ez dakigula. AA gehiago, segurtasun sistemak, gidaririk gabeko tresnak... mundu horretan jarraitu behar dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK