Urte artean, igo egin dira urrian sarrera kopuruak EAEko landetxe eta apartamentu turistikoetan, %3,9 eta %29,2, hurrenez hurren. Azken horietako gaualdiak %18,4 igo diren arren, %6,4 jaitsi dira landetxeen kasuan. Hala, 15.567 sarrera eta 31.710 gaualdi egin dira landa ostatuetan, apartamentu turistikoetan 19.095 sarrera eta 62.711 gaualdi egin diren bitartean.
Atzerritar jatorrikoa izan zen sarreren %25,5 landetxeei dagokienez, aurreko urteko urriarekin alderatuta %11,8ko gorakadarekin. Joera antzekoa izan da apartamentuetan, sarrera guztien %42,3 atzerritar bisitariei baitagozkie, urrian urte arteko %47,9ko igoerarekin.
Batez besteko egonaldiei erreparatuta, 3,28koa izan da egonaldia 2024ko urrian apartamentuetan, iaz baino hiru hamarreko txikiagoa. Landa ostatuetan are laburragoak izan dira egonaldiak, batez beste 2,04 egunekoak, 2023ko urrian 2,26 egunekoak izan ziren bitartean.
Azkenik, okupazio mailari dagokionez, %23,5ekoa eta %38,2koa izan da, ostatu eta apartamentuetan, hurrenez hurren. Hartara, plazen okupazio maila beheratu egin da landetxeen kasuan (1,4 puntu) eta hazi apartamentu turistikoen kasuan (2,6 puntu), aurreko urteko urriaren aldean.