
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurten EAEko ekonomia %2,1 haziko dela aurreikusten du. Iaz %2,2 hazi zen erkidegoko BPGa, eta 2026rako %1,8ko hazkundea espero du. Hamarren bat hobetu ditu aurreikuspenak Jaurlaritzak, izan ere, 2024ko bilakaera espero baino hobea izan da.
Dena den, aurreikuspen horiek Trumpek muga zerga berriak iragarri baino lehen eginikoak dira, eta, beraz, ez ditu kontuan hartzen erabaki horrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomian izan ditzakeen ondorioak.
Besteak beste, Espainiako ekonomiaren aurreikuspen onak, espero baino interes tasa txikiagoak eta %2,4ko euriborrak “kapital eraketa gordina eta familien kontsumoa handitzea” sustatuko duela uste du Jaurlaritzak. Hartara, “hazkunde kementsua” izango da 2025ean, “Europako herrialde batzuetakoa baino handiagoa”.
Barne eskariaren bi osagaien aurreikuspenak bi hamarren hobetu ditu Jaurlaritzak, azken kontsumoa %2,2 eta kapital eraketa gordina %2,6 igoko dela neurtu baitu.
Sektoreka, industriaren balio erantsiaren hazkundeari buruzko zalantzak mantentzen ditu, eta %1,1 haztea espero du. Eraikuntzak, aldiz, “dinamismoa areagotuko du kostuak moteldu ahala”, eta 2025ean %2,7 haztea aurreikusten da. Zerbitzuak izango dira “EAEko ekonomiaren motorra”. %2,3 haziko da sektorea aurten eta %1,7 2026an.
Enplegua
Lan merkatuari dagokionez, lanaldi osoko 15.000 lanpostu garbi inguru sortuko direla uste du Jaurlaritzak. Langabezia tasa 2024ko %7,4tik %7ra jaitsiko da aurten, eta datorren urtean %6,7an kokatuko da. Kasu honetan ere ez dira kontuan hartu Trumpek atzo iragarritako muga zerga berriak.