
Artikulu hau EnpresaBIDEA eta Ekonomisten Euskal Elkargoaren arteko lankidetzaren baitan idatzi da.
Apirilean gaudenez, hitzordu garrantzitsuenetako bat da errenta kanpaina. Kontua da errenta-aitorpenaren emaitzarekiko kezka ohikoa izaten da. Beraz, saiatuko gara 2025. urte honetan aitorpen hori aurkezteko epeei eta modalitateei adi egoten, gutxienez. Oinarrizko zergak zeintzuk diren eta horiek nola kalkulatzen diren ezagutzeko, artikulu-sorta honen lehen alera jo dezakezu.
Nor dago behartuta errenta aitorpena egitera?
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga dela eta autolikidazioa aurkeztu eta izenpetzeko beharra dute 2024. urtean Araban ohiko egoitza izan duten zergadunek, urte hartan zergari loturiko errentarik izan badiute. Hala ere, ez dute aitorpena aurkeztu beharrik izango honako errenta hauek bakarrik eskuratzen dituztenek.
Batetik, lan-errentak, urteko 20.000 euroko mugarekin. Dena dela, lanetik 14.000 euro eta 20.000 euro arteko errentak eskuratzen badira, kasu jakin batzuetan aitorpena aurkeztu beharra dago; honako hauetan, besteak beste:
- Ordaintzaile bat baino gehiagorengandik eskuratzen direnean. Hala ere, 20.000 euro arteko laneko etekin gordinak jasotzen dituzten zergadunek ez dute aitorpena aurkeztu beharrik izango, baldin eta bigarren ordaintzailetik eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura, zenbateko ordenaren arabera, guztira urtean 2.000 euro baino handiagoa ez bada.
- Zergaldian lan kontratua luzatu edo berritu bada.
Bestetik, kapitalaren errenta gordinak eta ondare irabaziak salbuetsita izango dira, biak barne, denak batuta, urtean 1.600 € baino gehiago ez badira. Kontura egindako ordainketak itzultzea nahi bada, aitorpena aurkeztu beharko da.
Rentafacil, edo proposatutako aitorpena
Arabako errenta aitorpenean hiru modalitate bereiz daitezke. Horietatik lehenengoa da Rentafacil delakoa, Arabako Foru Aldundiak zergadunei proposatzen dien errenta-aitorpena da, aurretik egindakoa. Kontsultatu, onartu edo aldatu egin dezakezu. Horren epea apirilaren 7an hasten da, eta ekainaren 17an amaitu.
Apirilaren 3tik aurrera dago aukera rentafacileko proposamena egiaztatzeko. Nola? Arabako Foru Aldundiako egoitza elektronikoa sartuz (BAK, BAKQ edo baliazko beste edozein ziurtagiriri digitalen bidez). Behin hori eginda, apirilaren 7tik dago aukera norbere proposamena onartu edo aldatzeko, online, bak kodea aktibatuta. Honako esparru hauek uki daitezke horren bitartez:
- Ohiko etxebizitzako kapital higiezinaren etekinak
- Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria
- Etxebizitza-kontuagatiko kenkaria
- Dohaintzengatiko kenkaria
- Banku kontuaren aldaketa
- Ordainketa gutuna
Gainerako aldaketak egiteko, ordea, beste bi bideetako batera jo behar da:
- Aurretiko hitzordua eskatzea zure aitorpenean beste aldaketa batzuk egiteko, apirilaren 4tik ekainaren 9ra. 900 111 203 telefonoan ere eska daiteke hitzordua.
- Aitorpena egitea laguntza programaren bitartez, eta rentared modalitatean aurkeztea.
Kontuz errenta errazaren proposamenean ohiko etxebizitzaren kenkariari dagokionez; izan ere, aurrekoetan ondorioztatu baduzu ere, baliteke ez agertzea eta, bitxia bada ere, ezin da aldatu, eta rentared modalitatera pasatu beharko duzu.
Aipatutakoaz gain, ohar bat: 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen lan-mutualitateetan kotizatu zuten Gizarte Segurantzako erretiroagatiko edo baliaezintasunagatiko pentsioa jasotzen duten pertsonentzat aplikatua dago Rentafaciliaren proposamenen murrizketa.
Rentared, aitorpena internet bidez egin nahi duenarentzat
Hiru epe bereiz daitezke:
- Itzultzekoak: hasiera apirilak 7 eta amaiera ekainak 25
- Positiboak, kuotaren ordainketa helbideratuta dutenak: hasiera apirilak 7 eta amaiera ekainak 17
- Positiboak, pasabidearen edo ordainketa gutunaren bidez ordainduak: hasiera apirilak 7 eta amaiera ekainak 25
Errenta-aitorpena internet bidez aurkez daiteke. Laguntza-programa deskargatu edo eguneratu beharko da, eta egoitza elektronikoan identifikatu (apiralaren 7tik aurrera).
Norbere ordenagailuarekin, programa deskargatu behar da web.araba.eus helbidean eta jarraibideak bete.
Rentaraba, Ogasunak baimendutako bulego eta aholkularitzetan
Azkenik, rentaraba 2024 aukera ere badago, errenta aitorpena Ogasunaren bulegoetan eta baimendutako aholkularitza eta gestorietan egin nahi dutenentzat. Kasu horretan, apirilaren 10ean hasi da epea, eta ekainaren 25era arte egin ahalko da.
Kasu guztietan, baina aurrez hitzordua eskatu behar da 900 111 203 telefonoaren bitartez. Dena den, aintzat hartzekoa da doako zerbitzu hori zergadun guztiei ematen zaiela, honako hauei izan ezik (2024ko ekitaldia):
Jarduera ekonomiko batean aritu direnei.
Ohiko etxebizitza saldu dutenei
Balore higigarriak (akzioak) edo higiezinak (etxeak, lursailak...) saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenei.
Balore-merkatu arauturen batean negoziatzeko onartu ez diren merkataritza-sozietateen akzioak edo partaidetzak saldu dituztenei.
Lekualdatutako pertsonen araubide bereziari atixikitzen diren pertsonei.
Turismo alokairurako higiezinak dituztenei.
Norbere proposamena onartu badu edo autolikidazioa aurkeztu badu, esleitutako hitzordua automatikoki ezeztatuko da.
Eta bukatzeko
Zorte on hitzordua eskatzean, Programa deskargatzean, zalantzak argitzeko kontsultak egiterakoan eta BAKen eta BAKQen funtzionamenduarekin.