Arabako aldundiak 187.000 euroko dirulaguntzak emango dizkie turismo sektoreko hainbat eragileri

Ostatuak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, bodegak, kultura elkarteak eta fundazioak dira dirulaguntza jaso dezaketen erakundeak

Argazkia: Arabako Foru Aldundia Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak 187.501 euroko dirulaguntzak emango dizkie turismo sektoreko autonomo, enpresa txiki eta ertain eta elkarteei. Ohar batean jakinarazi duenez, bisitariei eskainitako zerbitzu eskaintza hobetzeko eta proiektuak finantzatzeko bideratuko da laguntza.

Ostatuak, bidaiariak garraiatzeko enpresak, bodegak, kultura elkarteak eta fundazioak dira dirulaguntza jaso dezaketen erakundeak. Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak azaldu duenez, "funtsezko eragileak dira turismo eskaintza osoa eta askotarikoa eratzeko eta, horrela, Araba kalitatezko helmuga gisa sendotzeko. Horregatik, laguntza ematen diegu eskaintza hori hobetzeko, baliabide materialak eta zerbitzuak modernizatzeko eta sustapen ekintzak egiteko”.

Publizitate eta sustapen ekintzak, publizitate materiala argitaratzea eta web orrien itzulpena eta posizionamendua, on-line salmenta sistemak sortzea edo hobetzea, bisita gidatuak modernizatzeko inbertsioak, ekitaldiak antolatzea, ingurumen planak eta digitalizazio estrategiak lantzea eta errotuluak jartzea ahalbidetuko du laguntzak, besteak beste.

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak kudeatuko ditu. Billodako landa inauteriak eta Iruña Okako ilargiaren jaia, Samaniego in Wine ekitaldiaren sustapena eta Urizaharreko aire zabaleko museo etnografikoaren web orria sortu eta garatu dira jada, besteak beste. Halaber, Artium eta Gatz Harana fundazioak ere onuradunen artean daudela argitu du aldundiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK