Arabako eta Gipuzkoako ogasunek 1.207 milioi euro bildu dituzte zergetan otsailera arte

Gipuzkoaren kasuan, ia %20 gehiago bildu da zuzeneko zergetan; Araban, zeharkako zergetan %17ko hazkundea izan da

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Irune Berasaluze | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Irune Berasaluze | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga-itunduen bitartez, otsailera arte, 870,4 milioi euro bildu dituela azaldu du gaurko gobernu kontseiluaren agerraldian. Bildutako kopuru hori 2023ko aldi berean baino %10,8 gehiago da, hain zuzen ere, 87,9 milioi euro gehiago. Arabako Foru Aldundiak ere 337,2 milioi euro bildu dituela jakinarazi du, iazko aldi berean baino %9,6 gehiago, denera, 29,4 milioi gehiago.

Gipuzkoaren kasuan, zuzeneko zergei dagokienez, urtarrileko joera ona mantendu da, eta iazko otsailaren aldean %17,6 handitu da bilketa. Aldundiko bozeramailea den Irune Berasaluzek lehenengo bi hilabeteetan izandako bilakaera positiboa, funtsean, lan-etekinen gaineko atxikipenen hazkundearen ondorio dela argitu du. PFEZa, oro har, % 16,9 hazi da (+73,3 milioi); Sozietateen gaineko zergari dagokionez, diru-sarrerak 4 milioi gehitu dira, 2023ko aldi beraren aldean.

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak "positibotzat" jo ditu lurraldeko datuak, baina oraindik "oso esanguratsuak" ez direla argitu du. PFEZari dagokionez, denera, % 6,3ko hazkundea izan du (+10 milioi euro). Halaber, Sozietateen gaineko zergetatik 8,4 milioi euroko bildu dituzte, iazko aldi berean baino % 6,3 gehiago.

Gipuzkoan, zeharkako zerga-ezarpenetik 287,6 milioi euro bildu dira, eta %0,2 hazi da aurreko urtearekin alderatuta (+0,6 milioi). Araban, zerga mota honen bilketa 149,9 milioi eurokoa izan da, joera ezberdina izan duelarik; alde batetik BEZa %21,4 hazi da, baina, beste alde batetik, hidrokarburoen gaineko zerga %16,1 jaitsi da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK